Neurri berrien inguruko galderak erantzun ditu Osasun Sailak

Uxue Igarza Loiola 2021ko eka. 3a, 19:00

Noiz arte dago baimenduta taxien zerbitzua? Eta garraio publikoarena? Aldagelak eta dutxak erabil daitezke gimnasioetan? Erre daiteke bide publikoan? Ohiko galdera-erantzunen zerrenda argitaratu du Osasun Sailak, indarrean jarri berri diren azken neurriei jarraiki.

Indarrean jarraitzen dute Alarma-estatuan babestutako murrizketek –hala nola, pertsonen elkartzeak, itxiera perimetralak edo gaueko mugikortasunak–?

Ez, ez daude indarrean. Nolanahi ere, mugikortasuna eta lau pertsonatik gorako bilkurak mugatzea gomendatzen da.

Zein da jarduera komertzial, sozial eta kultural guztiak uzteko ordutegia?

Merkataritza-, gizarte-eta kultura-jarduera guztietarako ezarrita dagoen ixteko muga-ordutegia 24:00ak arte luzatu da.

Zein ordura arte dago garraio publikoa?

Edozein motatako garraio publikoek 24:00etara luzatu ahal izango dute irteerako ordutegia.

Mugatuta al daude aire zabalean kirola egiteko pertsona-taldeak?

Ez, muga hori kendu egin da.

Zenbatekoak izan daitezke taldeak, gehienez, museo eta erakusketa-aretoetan, natura-turismoan, eta aisialdiko eta turismoko zentroetan aire zabalean egiten diren bisitetan?

Leku horietara egiten diren bisitetan, taldeak gehienez ere hamar pertsona artekoak izan ahalko dira; betiere aire zabalean egiten badira.

Zein da haur eta gazteentzako hezkuntza-aisialdiko jarduera-taldeetako gehieneko pertsona-kopurua?

Haur eta gazteentzako hezkuntza-aisialdiko jarduerak antolatzen dituzten talde egonkorretako pertsonen gehieneko kopurua hamar lagunera igo da.

Zer hartu behar dut kontuan maskara bat erosterakoan?

Arrazoi medikoengatik salbuetsita dauden pertsonen kasuan izan ezik, Kontsumo Ministerioak gomendatu du ezarritako zehaztapenak bete behar dituzten eta etiketan adierazi behar duten higiene-maskarak erabiltzea.

Maskara eramatetik salbuetsita dagoen pertsona bat maskara gabe sar al daiteke edozein motatako establezimenduetara?
 
Maskara ez erabiltzeko mediku-ziurtagiria eduki arren, ezingo da markararik gabe gimnasio batean sartu, ezta terraza batean egon edo saltoki batean sartu ere, jarduera horietan berariaz jasota baitago maskara erabiltzea derrigorrezkoa dela.
 
Zer neurri hartu behar dira hondartza eta igerilekuetan?
 
Foru-aldundiek eta Udalek mugak ezarri beharko dituzte hondartzetara sartzeko eta edukiera zehazteko, erabiltzaileen artean pertsonen arteko segurtasun-distantzia errespetatu dadin. Horretarako, mugak ezarri ahal izango dituzte hondartzetan egoteko denboretan, eta baita aparkalekuetarako sarbideetan ere, edukiera kontrolatzea errazteko.
 
Igerilekuen kasuan:
  • Aire zabaleko edo estalitako igerilekuek, kirol-edo jolas-erabilerarako direnean, edukieraren % 50eko muga errespetatu beharko dute, bai sarbideari dagokionez, bai kirol-edo jolas-jardueretan.
  • Igerilekuak erabiltzean, segurtasun-eta babes-neurri egokiei eutsi beharko zaie, batez ere erabiltzaileen arteko segurtasun-distantziari.
  • Igerilekuetako egonlekuetan, banaketa espaziala ezarriko da, elkarrekin bizi ez diren erabiltzaileen artean pertsonen arteko segurtasun-distantzia lortzeko, lurzoruko seinaleen edo antzeko marken bidez.
 
Taxiek 24:00etatik aurrera zerbitzua eman dezakete?
 
Bai. Ez da garraio kolektiboa eta funtsezko jarduerak egiten ditu.
 
Garraio publikoan jan edo edan daiteke?
 
Bi ordutik beherako iraupena duten EAEko garraio publiko guztietan debekatuta dago edozein elikagai kontsumitzea, alkoholik gabeko edariak izan ezik.
 
Ba al dago okupazio-mugarik garraio publikoan?
 
Ez, garraio publiko eta pribatuetan, ibilgailuak dituen plazak adina pertsona mugitu ahal izango dira, betiere maskara mantenduz.
 

Erre daiteke bide publikoan?

Bi metroko gutxieneko distantzia gordetzerik badago bakarrik.

Derrigorrezkoa da erabilera publikoko establezimenduak eta lekuak aireztatzea?

Erabilera publikoko establezimenduek eta tokiek aireztapen iraunkorra bermatu beharko dute egunean zehar, eta lokalak ireki eta ixten direnean ere bai. Aireztapena mekanikoa bada, kanpoko airearen sarrera maximizatu beharko da, eta airearen birzirkulazioa saihestu. Aireztapen-eta girotze-sistemek indarrean dagoen araudiaren arabera eraikinetan eta lokaletan jarduteko eta mantentze-lanak egiteko gomendioak bete beharko dituzte.

Zein baldintzatan egin daitezke ezkontzak, jaunartzeak, bataioak eta antzeko ospakizunak?

  • Zeremonia edo ospakizun horiek kultu-lekuetan egiten badira, dekretu honetan berariaz jasotako erlijio-kultuko ekitaldiak egiteko ezarritako edukiera-arauaketa higiene-eta prebentzio-neurriak aplikatu beharko dira.
  • Ostalaritza-eta jatetxe-establezimenduetan egin daitezkeen ospakizunek establezimendu horietan zerbitzua emateko aurreikusitako baldintzak eta edukiera bete beharko dituzte.
  • Ekitaldi horiek ostalaritza-eta jatetxe-establezimenduekin bat ez datozen esparruetan antolatzen dituzten enpresek prebentzio-neurri baliokideak bete beharko dituzte, eta, nolanahi ere, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak ezarritako jarraibideak betetzen dituen jarduketa-protokolo bat izango dute.

Zer zerbitzu eman dezakete ostalaritza-eta jatetxe-establezimenduek?

Aire zabaleko terrazetan zerbitzuak eskaini ahal izango dira eta barruan % 50eko edukiera izango dute. Bezero-taldeak ezingo dira au baino gehiago izan mahai bakoitzean, eta ezingo dira bi mahai edo gehiago batu pertsona-kopuru handiagoko talde baterako, bizikideen kasuan izan ezik. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da etengabe, elikagaiak edo edariak hartzen diren momentuan izan ezik. Eta mahai desberdinetako aulkien artean gutxienez metro eta erdiko distantzia dagoela ziurtatu beharko da.

Zerbitzuguneetan dauden ostalaritza-eta jatetxe-zerbitzuak irekita egon daitezke 24:00etatik aurrera?
 
Zerbitzuguneetan dauden ostalaritza-eta jatetxe-zerbitzuak irekita egon daitezke 24:00etatik 06:00etara bitartean, baina iragaitzazko erabiltzaileentzat bakarrik.
 
24:00etan, establezimenduaren barrualdea itxitakoan, jarraitu daiteke terrazetan bezeroei arreta ematen?
 
Ez. Establezimenduen barrualdea eta kanpoaldea 24:00etan itxi behar dira, bezeroak ateratzea barne.
 
Jaso eta banatu daitezke janari-eskaerak ostalaritza-establezimenduetan?
 
Bai, eskaerak establezimenduan bertan entregatzea eta etxez etxe banatzea 24: 00ak arte egin ahal izango da.
 
Baimenduta al dago barran kontsumitzea?
 
Debekatuta dago barran edo zutik kontsumitzea, bai barruan, bai kanpoan; erabiltzaileek mahaian eserita kontsumitu beharko dute.
 

Futbolin edo billarrean joka daiteke ostalaritza-establezimenduetan?

Jolas, joko-edo apustu-makinak establezimendu barruan nahiz kanpoan erabiltzeko bezala, erabiltzaileek eserita egon behar dute uneoro, eta joko-eta apustu-lokaletan ezarritako higiene-eta prebentzio-baldintza guztiak errespetatu behar dituzte.

Txokoak, elkarte gastronomikoak, lonjak eta antzekoak ireki daitezke?

Ez.

Zenbat lagunek har dezakete ostatu landetxe batean eta zein baldintzatan?

  • Landetxearen gehienezko edukierara mugatu beharko dira ostatu hartzen duten pertsonak.
  • Gosariei, bazkariei eta afariei dagokienez, ostalaritzaren esparrurako ezarritako irizpideak errespetatuko dira.
  • Nolanahi ere, komeni da bizikidetza-unitate baten baino gehiagoren bilkurak edo topaketak saihestea, batez ere barne-eremuetan.

Baimenduta dago eskola-kirola?

Eskola-kiroleko entrenamenduak bai, baina gehienez ere sei laguneko taldeetan antolatuta. Taldea beti pertsona berek osatuko dute, eta ezingo dira aldagelak erabili.

Entrenamenduetan eta taldeko kirolak egin aurreko eta ondorengo uneetan, pertsonen arteko metroeta erdiko segurtasun-distantzia, sei laguneko taldeak eta maskara erabiltzeko oinarrizko prebentzio-neurriak gordeko dira.

Eskola-kirolean maskara erabiltzea nahitaezkoa da, bai aire zabaleko kirol-jardueretan, bai barruko esparruetan. Igerilekuetan eta kanpoko jarduera fisiko handiko aparteko uneetan baino ez dira kenduko.

Kendu dezaket maskara, bakarka, hiri-inguruetan kirola egiten dudan bitartean?

Kirol-jarduera orotan, nahitaez erabili beharko da maskara. Hauek dira salbuespenak: eremu naturaletan, hirigune periferikoetan (oinezkorik gabe), igerilekuetan, lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean dauden taldeen entrenamenduetan, lehiaketetan eta kanpoan egiten den jarduera fisiko biziko aparteko uneetan.

Aldagelak eta dutxa-guneak erabil daitezke?

Erabili ahal izango dira, gehieneko edukieraren % 35eko okupazioarekin. Halaber, dutxak erabili ahal izango dira, baldin eta banaka erabiltzen badira. Maskara nahitaez erabili beharko da, dutxatzeko unean izan ezik, eta une oro errespetatuko da erabiltzaileen arteko segurtasun-distantzia.

Aldagelak etengabe aireztatu beharko dira erabiltzen diren bitartean eta, gainera, ireki aurretik eta itxi ondoren. Aireztapena mekanikoa bada, kanpoko airearen sarrera maximizatu beharko da eta airearen birzirkulazioa saihestu.

Baimenduta dago ehiza-jarduera bere modalitate guztietan, bai eta ibaiko eta itsasoko arrantza, kirol-arrantza eta jolas-arrantza ere, modalitate guztietan?

Bai. Nolanahi ere, beti errespetatu behar da pertsonen arteko metroeta erdiko segurtasun-distantzia, eta nahitaezkoa da maskara erabiltzea.

Publiko gisa joan naiteke kirol-ekitaldi batera?

Ez. Debekatutadago jendeak kirol-ekitaldietara joatea.

Gimnasio bateko makina-gelan kirola egin dezaket?

Bai, banaka, maskara erabiliz, segurtasun-distantzia mantenduz eta baimendutakogehieneko edukiera errespetatuz.

Ikastaroak edo jarduerak taldean eskaini daitezke?

Gimnasioetan, kirol-klubetan, igerilekuetan eta kiroldegietan programatutako ikastaroak edo jarduerak bakarrik egin ahal izango dira, baldin eta maskara erabiliz egiten badira –kanpoan egiten diren jarduera fisiko aparteko uneetan izan ezik–, sei pertsonako taldeetan, eta edukiera % 50era mugatuta badago.

Udako ohiko lehiaketak antolatu al daitezke federazioen estaldurarik ez badute?

Udan ohikoak diren kirol-lehiaketak federazioen egituratik kanpo antolatzen badira, antolatzaileek baimena eskatu beharko diete erakunde eskudunei, lehiaketa garatzeko protokolo bat erantsita. Protokolo horrek, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren jarraibideak betez, higiene-eta urruntze-neurri guztien jarraipena eta osasun-agintariek ezarritako beste edozein arau bermatuko ditu.

Eskola-talde egonkor batek parte har dezake museoetara, Aquariumetara, natura interpretatzeko zentroetara edo antzekoetara egiten diren bisitaldietan, nahiz eta talde bakoitzeko sei pertsonako gehieneko kopurua gainditu gida bakar batekin?

Bai, baldin eta eskola-talde egonkorrak badira eta prebentziozko segurtasun-neurri guztiak errespetatzen badira, hala nola, maskarak uneoro erabiltzea, eskuak desinfektatzea, segurtasun-distantziak errespetatzea, eta abar.

Azoka txikiak egin daitezke bide publikoan?

Bai, betiere baimendutako postuen% 50 gainditzen ez bada. Hala ere, Udalek beste espazio edo kokaleku batzuk gaitu ditzakete, baimendutako postu guztiek lekua izan dezaten. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da beti, eta pertsonen arteko segurtasun-distantzia 1,5 metrokoa izango da.

Musika-eta ahots-izaerako entsegu eta emanaldi kolektibo ez-profesionalak baimenduta al daude? Eta dantza taldeen entseguak eta emanaldiak?

Bai, baina prebentzio-neurrien protokolo bat izan beharko dute, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak jarduera horretarako ezarritako jarraibideak jasoko dituena.

Zer edukiera errespetatu behar du saltoki txiki batek?

150 metro karratu baino gutxiagoko establezimenduek ezingo dute edukieraren % 50 gainditu.

Eta azalera handia bada?

150 metro koadrotik gorako azalera duten merkataritza-establezimenduek edukieraren % 40ko gehieneko edukiera baimendua izatera igaroko dira, eta merkataritza-guneei solairu eta saltoki bakoitzean ere aplikatuko zaie, haien azalera edozein dela ere. Merkataritza-guneetako arduradunek neurriak jarri beharko dituzte muga hori betearazteko.

Zein baldintzapean egin daiteke hileta, beilatokia edo ehorzketa bat?

  • Hil-beiletan, 30 pertsona batu ahalko dira gehienez aire zabaleko espazioetan, eta sei, espazio itxietan. Halere, ezingo da baimendutako edukieraren % 50 gainditu.
  • Hildakoaren ehorzketan edo haren errausketarako agurrean, 30 pertsona egon ahalko dira, gehienez, betiere espazio irekian egiten bada. Espazio itxian eginez gero, gehienez hamar pertsona batu ahalko dira, eta, nolanahi ere, pertsonen arteko distantzia gorde beharko da.
  • Kasu guztietan erabili beharko da maskara.

Zein da kultura-edo gizarte-ekitaldi eta -jardueren ordutegia?

Jarduera edo ekitaldi kultural edo sozialak ezingo dira 24:00ak baino beranduago amaitu.

Zein baldintzarekin ireki daitezke gaztetxeak?

  • Gizarte-eta kultura-jarduerak egiteko administrazio-baimena duten lokalek kultura-edo gizarte-jarduerak edo -ekitaldiak egin ahal izango dituzte, baina ezin izango dituzte 24:00ak baino geroago amaitu. Ezarritako jarduera-debekuak eta -eteteak errespetatu beharko dira, bai eta % 50eko gehieneko edukiera ere.
  • Instalazioetan pertsonen arteko segurtasuna mantentzeko beharrezko neurriak ezarri beharko dira, edo, halakorik ezean, babes fisikorako ordezko neurriak. Maskara nahitaez erabili behar da.
  • Dagokion baimenik ez duten lokalak gazte-lonjen eta antzekoen kapituluan sartzen dira, eta, beraz, itxita egongo dira.

Zer baldintzatan egin behar dira haurrentzako eta gazteentzako hezkuntza-aisialdiko jarduerak?

  • Aisialdiko jarduerak antolatzen dituen erakundeak COVID-19aren aurkako protokolo bat izan beharko du, prebentzio-neurriak benetan betetzen direla bermatzeko, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak ezarritako jarraibideak betez.
  • Haurrentzako eta gazteentzako hezkuntza-aisialdiko jarduerak hamar laguneko talde egonkorretan antolatu beharko dira, begiraleaz gain, eta, ahal dela, aire zabaleko guneetan. Maskara erabili beharko da beti.
  • Jantokiak erabiltzen badira, edukieraren %50era mugatuko da haien okupazioa, eta hamar pertsonako talde berberak mantenduko dira, taldeen artean bi metroko distantziarekin. Jantokiak behar bezala aireztatuta egon beharko dira.
  • Kirol-jarduerak edo artistikoak kontakturik gabe eta ikuslerik gabe egingo dira.
  • Egin beharreko jarduerek gaua igarotzea eskatzen badute, gela partekatuek baimendutako gehienezko edukieraren % 50 hartuko dute, pertsonen arteko distantziari eutsiz, eta, ahal den neurrian, hamar pertsonako talde egonkorrak mantenduko dira, begiraleak edo erakundeko arduradun heldu batek gainbegiratuta.
  • Kanpin-dendak erabiltzen direnean, pertsona batek egin dezake lo denda bakoitzeko. Parte-hartzaileak bizikideak badira, denda berean lo egin dezakete. Dendak fisikoki isolatuta dauden zenbait gela baditu, gela horiek erabili ahal izango dira, eta egunero jaso, garbitu eta aireztatuko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak