AstraZenecaren lehen dosia hartu eta bigarrenaren zain daudenei deitzen hasi da gaur Osakidetza. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak azaldu duenez, Pfizer hartzea onartzen dutenak txertatzen hasiko dira; 60 urtetik beherako 83.300 langile dira guztira (unibertsitatez kanpoko hezkuntza arlokoak, zerbitzu sozio-sanitarioetako profesional eta erabiltzaileak, suhiltzaileak, poliziak...).
Halere, bada beste aukera bat AstraZenecaren dosia hartu zutenentzat, nahiz eta Sagarduik azaldu duen herritarrak jakitun izan behar direla "erabaki nagusia ez den bat hartzeak suposatzen duen arriskuaz". Espainiako Bioetika Batzordeak oniritzia eman ostean, Pfizer jaso nahi ez dutenek AstraZeneca aukeratu ahalko dute bigarren dosirako. Horretarako baina, dokumentua sinatu behar da. Sailburuak esan duenez, pertsona horiek "beste agenda batean" sartuko dira, baina ez du zehaztu noiz jasoko dituzten txertoak.
Txertoak uztartzea, aztergai
Esther Samper medikua da eta, besteak beste, Ingeniaritza Tisular Kardiobaskularrean doktorea. Txertoen bi uztarketei lotutako ikerketak aztertu ditu eta atera dituen ondorioak argitaratu ditu diario.es hedabidean:
AstraZeneca + AstraZeneca | AstraZeneca + Pfizer | |
Saiakuntza klinikoak | 33.000 pertsona | 1.493 pertsona |
Ondorio kaltegarriak | ohikoak, arinak | ohikoak, arinak |
Tronbosi kasuak | 1 / 100.000 | Ez dago emaitzarik |
Eraginkortasuna | % 79, %80, %100 | Ez dago emaitzarik |
Osasun Agintarien babesa | SEA, OME... | Zenbait osasun ministerio |
AstraZenecaren lehenengo dosia jaso ostean etxe bereko bigarrena jaso dutenak 9 milioi pertsona dira dagoeneko munduan. Baina 33.000 laguneko azterlana ere egin da (The Lancet eta US National Library of Medicine erakundeek argitaratu dute). Bestetik, AstraZenecaren lehen dosia eta Pfizerren bigarren dosiarekin uztartzeko aukera bi saiakuntza klinikok aztertu dute, eta aukera hori hobetsi dute Jaurlaritzako agintariek, besteak beste. Estatu mailan egin den CombiVacs saiakuntza klinikoaren II. fasean, 60 urtetik beherako 663 parte-hartzailek hartu dute parte, eta Erresuma Batuan, 50 urtetik gorako 830 parte-hartzailek. Guztira, 1.493k.
AstraZenecaren bi dosiak uztartzeak orain arte erakutsi dutenez, ondorio kaltegarriak ohikoak, arinak eta bizkor pasatzen direnak dira; hala nola, sukarra, ondoez orokorra, mina eta hantura ziztadaren eremuan, buruko mina, artikulazio edo muskuluetako mina, nekea, zorabioak, goragaleak edo hotzikarak. Eta pertsona batzuengan erreakzio alergikoak ager daitezke, nahiz eta tratamendua izan. Antzekoa ondorioztatu du CombiVacs saiakuntzak ere. AstraZenecaren lehen dosiaren eta Pfizerren bigarrenaren konbinazioak kontrako efektu arinak edo moderatuak sor ditzake: "Beste azterlan batzuetan ohiko txertaketa-eskemekin hautemandakoen antzekoak". Buruko mina (kasu guztien % 44), ondoez orokorra (% 41), hotzikarak ( % 25), goragale arinak ( % 11), eztul arina ( % 7) eta sukarra ( % 2,5) izan ziren. Com-Cov saiakuntzak ere antzekoa ondorioztatu zuen: buruko eta giharretako mina, nekea, hotzikarak, ondoez orokorra edota sukarra izan zituzten txertatuek. Ez da inor ospitaleratu txertaketa mistoaren ondorioz.
Plaketa baxuko tronboen kasu arraroei dagokienez (tronbozitopenia), AstraZenecaren bi dosiak jasota, kalkulatu da kasu bat ager daitekeela lehen dosia jaso duten 100.000 laguneko. Eta AstraZenecaren bigarren dosia ematean gerta litezkeen tronbo kasuei lotuta, ikertzaileek adierazi dute lehenengo dosia hartzean agertu ez bada, ez dela batere ohikoa bigarrenarekin agertzea. Beste uztarketa ereduari lotuta, baina, oraingoz ezin da jakin zeintzuk diren emaitzak COVID-19 arina, larria edo kritikoa prebenitzeko orduan, ezta nola eragiten dien ospitaleratzeei ere. T linfozitoen erantzuna ere ez da eman oraindik, baina CombiVacsek aurreratu du "laster" argitaratuko dituela emaitzak.
Eraginkortasunari lotuta, AstraZenecaren bi dosiak hartuta, ikerketek ondorioztatu dute eraginkortasuna % 79koa dela COVID-19 prebenitzeko orduan, % 80koa 65 urte edo gehiago dituzten pertsonen kasuan eta % 100ekoa COVID-19 larria edo kritikoa ez izateko eta ospitaleratzeak saihesterako orduan. Eta antigorputz neutralizatzaileei lotuta (erantzun immunitarioa) saiakuntza klinikoetan parte hartu zuten % 100ean atzeman dira bigarren dosia jaso eta hilabetera. Bestalde, Pfizerrekin uztartzerakoan, antigorputz neutralizatzaileei dagokienez, 14 egunetara antigorputzak 150 aldiz biderkatu zirela ikusi zen.
Honako hauek dira AstraZenecaren bi dosiak jasotzearen alde egin duten osasun-agintariak, besteak beste: Sendagaien Europako Agentzia, Osasunaren Mundu Erakundea edota Espainiako Vacunologia Elkartea eta Immunologia Elkartea. Eta honako hauek dira Pfizerrekin uztartzea hoberten dutenak: hainbat herrialdetako osasun-ministerioak (besteak beste, Frantzia, Danimarka, Alemania eta Espainia) edota Espainiako Osasun Publikoaren Batzordea.
EAEko txertaketa, datuetan
1.256.193 dira orain arte Euskal Autonomia Erkidegoan jarri diren dosiak: 843.009k jaso dute lehenengo ziztada eta 313.184k lortu dute immunitate handiena. Bestetik, 37.255 dira oraindik Osasun Sailak jarri ez dituen dosiak.
Txertoen konpainiei erreparatuta, Pfizerren 850.732 txerto jarri dira, AstraZenecaren 263.499, Modernaren 118.860 eta Janssenen 23.102.
Txertaketa-taldeei erreparatuta, Osasun Sailak jakinarazi duenez, zentro sozio-sanitarioetako egoiliar eta profesionalen % 100ek jaso dituzte bi dosiak eta baita Osakidetzako profesionalek ere. Bestetik, zentro pribatuen eta garraio sanitarioaren alorreko % 100ek jaso du lehenengoa ere baina % 89,2k bigarrena. Eta taldeekin bukatzeko, unibertsitatez kanpoko hezkuntza arlokoek, beste zerbitzu sozio-sanitarioetako profesional eta erabiltzailek eta ertzainek ziztada bakarra jaso dute; hain zuzen ere, % 100ek jaso du lehenengo dosia eta inork ere ez bigarrena.
Bestetik, adinka antolatutako taldeei erreparatuta, honakoa da egoera:
Adin-taldea | 1. dosia | Inmunizazio osoa |
100 edo gehiago | % 100 | % 99,1 |
90 - 99 | % 100 | % 99,2 |
80 - 89 | % 100 | % 99,5 |
70 - 79 | % 96,5 | % 71,5 |
60 - 69 | % 91,0 | % 7,9 |
50 - 59 | % 44,2 | % 11,7 |