Atzerrian ospea, etxean ezezaguna

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2021ko mai. 21a, 09:30

Miguel Angel Elkoroberezibar (liburuaren egilea) eta Lorenzo Askasibar (eskultorea). Argazkia: Beñat Elkoroberezibar.

Lorenzo Askasibar eskultore figuratiboaren ibilbidea eta bizipenak jaso ditu Miguel Angel Elkoroberezibarrek L. Ascasibar. Eskultore baten testigantza izeneko liburuan; maiatzaren 28an haren lanen erakusketa zabalduko dute Bergarako aroztegi aretoan.

XX. mendeko bigarren zatiko euskal eskultura figuratiboko adierazle gorentzat jo izan da Lorenzo Askasibar (Elgeta, 1930). Art in stone aldizkari espeziali- zatuak zioen Ameriketako Estatu Batuetako eskultura erlijiosoko sortzaile onenetako bat bihurtzeko bidea zeramala Askasibarrek. Mario Angel Marrodan arte kritikariak, berriz, hauek idatzi zituen Pintores y escultores vascos de ayer y hoy y mañana liburuan: "Figurazioko euskal eskulturaren zizelkatzaile bat da. Egikera hain pertsonala duen eskultorea independentziaren eredu da, zintzotasunaren eredu". Edorta Kortadi kritikariak ere esan du Jorge Oteizak ere Askasibarren obra miretsi zuela: "Higinio Basterra eta Julio Beobide eskultoreen oinordeko duintzat jotzen zuen, haiek bezala salbatu ei baitzuen bibelot-eko –apaindurako figura txikiak– eskultura goxo, belaxka eta gatzik gabea bihurtzetik, eskultura errealista, oso patxadatsua, oso lasaia egiteari esker".

Miguel Angel Elkoroberezibar (Liburuaren egilea): "Bere bizitza eta ibilbide artistikoa hutsetik eraiki dut"

Apenas zegoen ezer idatzita Askasibarri buruz, eta eskultorearen Gasteizko estudioan egindako berriketaldi luzeen fruitua da Miguel Angel Elkoroberezibarrek idatzi eta atzo Bilbon aurkeztu zuten L. Ascasibar. Eskultore baten testigantza liburua. "Bere bizitza eta ibilbide artistikoa ia hutsetik eraiki behar izan dut. Hustuketa bat izan da, atzera buelta bat eta hausnarketa ariketa sakona, eta biziki eskertzen diot bere ahalegina eta eskaini didan aukera. Simon Arrieta Bergarako artistari buruz 2015ean plazaratu nuen liburua dokumentatzeko Askasibarrekin ere egon nintzen, Arrietak asko lagundu baitzion Askasibarri gaztetan, eta orduan konturatu nintzen han beste istorio interesgarri bat zegoela. Gerora etorri zitzaidan liburua idazteko proposamena eskultorearen Bergarako lagun batzuen bidez. Ez nuen zalantzarik egin. Protagonista bizirik egoteak bere abantailak ditu, zuzeneko testigantza jaso daitekeelako, baina, askotan, muga ere izan daiteke, kontatzen dena gehiago neurtzen delako".

Lorenzo Askasibar eskultorea Gasteizko bere estudioan. Argazkia: Miguel Angel Elkoroberezibar.

Bizitza osoa eskulturari lotuta

700 lan baino gehiago egin ditu; egurrezkoak, harrizkoak eta brontzezkoak. Debagoienean ere haren lan asko daude, baina askorentzako ezezaguna da Askasibar. "Ez da inoiz komunikabideen aurrean agertu-zalea izan, pertsona isila eta umila da, eta, batez ere, langilea".

Eskulturari eman diot bizitza eta eskulturak bizitza eman dit",aitortu du Askasibarrek liburuaren lehen orrian, eta zera gaineratu: "Atzera bueltatuko banintz, neure gogoz berriz izango nintzateke eskultore, baina, kontuan hartuz nolakoak jasan behar diren, bitan pentsatuko nuke. Oso gogorra da, lan handia darama. Lan egitea gustuko ez baduzu, hobe duzu honetan ez aritu".

Miguel Angel Elkoroberezibar: "Pertsona umila eta isila da, eta, batez ere, langilea"

Txikitatik abila marrazten

Elgetako Jalotza baserrian jaio zen; gurasoak nekazariak ziren, eta lau anaia-arreba izan zituen. "Umetatik izan dut marrazteko joera. Jo eta ke aritzen nintzen inguruan nuen guztia marrazten. 6 urte nituela, gogoan dut Gernika bonbardatzera zihoazen hegazkinak marraztu nituela. Donostiatik ihesi gure baserrira bizitzera etorri ziren senitartekoak; horien artean, tipografoa zen Anselmo osaba, eta harekin ikasi nituen batuketak, kenketak, idazten eta gaztelaniazko hitz batzuk ere bai. Hark irakatsitakoak oso lagungarriak izan zitzaizkidan geroago maristen ikastetxera joan nintzenean. Marrazketa eskolak jasotzen genituen han, eta asko gozatzen nuen. Arterako sentsibilitate handia nuen. Eskasia handiko urteak ziren, baina oso zoriontsu ginen. Guk egiten genituen jostailuak. Esan daiteke goitibehera eta egurrezko jostailu haiek izan zirela nire lehen artelanak".

Elgetako Erostarbe Hermanos enpresan hasi zen lanean, 16 urte zituela, eta egurra lantzeko lehen urratsak han egin zituela dio Elkoroberezibarrek: "Gubia garai hartako altzarien apaingarriekin erabiltzen ikasi zuen, baina laster konturatu zen aurrera egin eta figuratiboa landu nahi zuela. Bergaran zizelkari on bat zegoela esan zioten, Jesus Okina, eta harengana jo zuen bere lanbidea osatzeko".

Jesus Okina, lehen maisua

Taillagina eta delineatzailea zen Jesus Okina, eta tailerrean "atsegin handiz hartu" zuela dio eskultoreak: "Modelatze, tailla eta marrazketa ikasi nituen harekin. Figuraziorako zaletasuna piztu zidan hark. Asko zekien taillatzeari buruz, bereziki, altzarigintzaz, baina haren zaletasuna urrutirago zihoan; eskultore sentitzen zen, eta ni bide horretara zirikatu eta bultzatu ninduen, eta haren gogoa kutsatu egin zidan".

Lorenzo Askasibar (Eskultorea): "Figuraziorako zaletasuna piztu zidan Jesus Okinak"

Jesus Okina izan zuen lehenengo maisu eta mentore, baina haren anaia Miguel margolariarengandik ere asko ikasi zuela aitortzen du Askasibarrek. "Jesusekin asko aurreratu nuen, eta, geroago, Simon Arrietarekin ere bai, baina esan beharra dut Miguelekin ikasi nuela marraz- keta arloan gehien".

Egurra lantzen hasi zen eta buztinari heldu zion, Okinak lagunduta, geroago. Urte gutxian, egur tailla eta buztin moldaketa ugari egin zituen. "Bergaran nire obran aritzeko giro egokia aurkitu nuen". Okinaren tailerrera sarritan joaten zen Simon Arrieta pintorea, eta hark asko lagundu ziola dio: "Oso gustuko zuen eskultura eta asko gustatzen zitzaion gurekin Rodini, Victorio Machori eta beste eskultore batzuei buruz berba egitea. Arte eta Ofizioen Eskolara joatera animatu ninduen hark. Okinaren eta Arrietaren bidez garai hartako puntako artistak ezagutzeko aukera izan nuen; Julio Beobide eta Carlos Elgezua, besteak beste. Azken hark proposatu zidan Bilboko Berreginen Museora ikastera joatea. 'Zoaz hara, atera bizimodua ahal bezala, eta, eskultore lanetan huts eginez gero, arotza ere izan zaitezke', esan zidan".

Bilboko Berreginen Museora

1949an, Bilboko senitartekoen etxera bizitzera joan zen, eta lau urte eta erdi egin zituen han. Higinio Basterra izan zuen Bilboko Berreginen Museoan maisu. "Berreginen Museoa nire ikasketen meka izan zen. Horrez gain, Basterraren estudiora ere joaten nintzen. Haren azken dizipulua izan nintzen".

Lorenzo Askasibar (Eskultorea): "Nire ikasketen 'meka' Berreginen Museoa izan zen" 

1955ean, Madrilera joan zen, ikasketekin jarraitzera; ordurako, inauguratuta zuen bere lehen eskultura publikoa, Aramaioko Vicente Goikoetxearena. Mugarria izan zen lan hura beretako, eta, berehala, monumentu gehiago egiteko eskaerak jaso zituen; besteak beste, Gasteizko esploratzaile Manuel Iradierrena, Jesus Guridi musikariarena, Bergarako San Pedro elizarako Pietatea eta Zutabeko Kristorena...

Ameriketako Estatu Batuetara

Felix Rubio eta Angel Barbero eskultoreekin batera itsasoaren bestalderako saltoa egin zuen elgetarrak, 1958an. "Eskuak poltsikoetan, ezer barik, baina ideia garbiekin joan zen. Alde egiteko beharra sentitzen zuen, prisma berriak bilatzeko eta bere lanari etekina ateratzeko. Batez ere, Vermont, Connecticut eta New York estatuetan egin zuen lan. Eskultura eta pieza monumentalak egin zituen hilerrietarako eta toki publikoetarako, eta ospe handia lortu zuen. 70eko hamar- kadaren lehen erdian itzuli zen Euskal Herrira, Gasteizera; gaur egun ere han bizi da", azaldu du Elkoroberezibarrek.

Herriko enpresen laguntzarekin

Bilboko Berreginen Museoan aurkeztu zuten liburua atzo, eguena, eta datozen asteetan Bergaran eta Elgetan ere egingo dituzte aurkezpen ekitaldi gehiago. "Aroztegiko erakusketak irauten duen bitartean liburua han erosteko aukera izango da, 15 eurotan, eta, datorren asteanhasita, Elkar liburu dendetan", azaldu du egileak.

Miguel Angel Elkoroberezibar: "Goraipatzekoa da herriko enpresek emandako babesa" 

Aipatzekoa da Bergarako edo Bergararekin lotura duten hamabost enpresaren laguntza izan duela Elkoroberezibarrek liburua argitaratzeko. "Bizi dugun garai zail hauetan Bergararekin halako lotura estua duen artista bati buruzko liburua kaleratzen laguntzea, artea eta kultura sustatzeko egindako apustua, alegia, benetan goraipatzekoa da. Herrigintza da hori". 

Lorenzo Askasibar Bilboko Berreginen Museoan. Argazkia: L. Ascasibar. Eskultore baten testigantza izeneko liburua.

Lorenzo Askasibar (Eskultorea): "Liburu oso atsegina eta edukiz betea idatzi du; oso pozik nago"

Ez du gustuko bere buruaren propaganda egitea; horregatik, orain arte komunikabideetan apenas agertu izan da. Pozik dago, baina, Miguel Angel Elkoroberezibarrek idatzi duen biografia-liburuarekin.

Gustatu zaizu liburua?

Asko. Oso liburu atsegina eta edukiz betea da; jendeari gustatuko zaiola uste dut.

Zelan izan da liburua egiteko prozesua?

Asko harritu ninduen Miguel Angelen proposamenak; sekula amestu bakoa. Prozesu oso interesgarria izan da, luzea eta zehatza. Miguel Angelek lan handia egin du, asko kostatu zaio nire urratsak topatzea, Euskal Herrian eta baita nire bizitzako zati handi bat utzi nuen Ameriketako Estatu Batuetan ere. Bihotza jarri du Miguel Angelek proiektuan; pertsona oso sentikorra da.

Maiatzaren 28an hasita erakusketa izango duzu Aroztegi aretoan. Zelakoa?

Denetariko obrak daude, nire ibilbidearen gainbegiratua da. Egurrezko eta brontzezko askotariko eskulturen erreprodukzioak izango dira, eta baita hainbat argazki ere.

Bergaran erakusteak ilusio berezia egiten dizu?

Hala da, bai; oso eskertuta eta pozik nago. Bergaran azkeneko erakusketa jarri nuenetik urte asko pasa dira eta.  

Egitaraua

  • Bergarako Aroztegi aretoan erakusketa Maiatzaren 28tik ekainaren 20ra bitartean. Inaugurazio ekitaldia maiatzaren 28an, 18:00etan. Beart elkarteak antolatuta.
  • Lorenzo Ascasibar Eskultore baten testigantza liburuaren aurkezpena Bergarako udaletxean, maiatzaren 28an, 18:30ean.
  • Bergarako omenaldia Udaletxean, ekainaren 6an, 13:00etan.

  • Elgetako aurkezpen- omenaldia Elgetako Espaloian liburua aurkeztuko dute, 18:30ean.

  • Gasteizko harrera-omenaldia Udaletxean ekainaren 15ean, 19:00etan.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak