Lorenzo Ascasibar. Eskultore baten testigantza. Testimonio de un escultor du izena liburuak eta egun 90 urte dituen eskultore elgetarraren bizitza eta obra errepasatu ditu bertan egileak, Miguel Angel Elkoroberezibar bergararrak. Biak egon dira aurkezpen ekitaldian, Bilboko Berreginen museoan, justu eskultoreak duela 70 urte bere karrera hasi zuen tokian.
Lorenzo Askasibarrek 90 urte ditu egun eta 700 lan baino gehiagoren egilea da. Etxean zein kanpoan, Estatu Batuetan kasu, erakutsi ditu bere lanak, han ere bere karreraren zati garrantzitsu bat burutu zuen eta. Bere lanik aipagarrienetako bat New Yorkeko St. Raymond hilerriko St. John da. John Fitzgerald Kennedy presidentearen omenez eraiki zen bere magnizidioaren lehen urteurrenean. Obra erlijioso zabala ere badu: hala nola, Bergarako San Pedro elizako Pietatea edo parrokia berarentzako Zutabeko Kristoa pasoa.
Artista ezezaguna da askorendako, XX. mendeko bigarren zatiko euskal eskultore figuratiboko adierazle gorentzat jo izan duten arren. Higinio Basterraren garaiko klasikoen artean azkena da. Bere maisua izan zen Basterra, Ricardo Iñurriarena, Joaquín Lucarinirena edo Nemesio Mogrobejorena bezala. Liburuaz gain, Beartek antolatutako erakusketa bat ere egingo da datozen egunetan.