Positibo gehiago, baina eskualdeko tasak, behera

Uxue Igarza Loiola 2021ko mai. 19a, 12:40

Guztira hamasei kasu hauteman dira azken orduetan Debagoienean; aurreko egunean baino hamaika gehiago. Hamar izan dira Arrasaten baieztatu dituztenak, hiru Bergarakoak eta bana Antzuola, Aretxabaleta eta Oñatikoak. Bestetik, Osasun Sailak jakinarazi duenez, azken astean 25 lagun zendu dira EAEn.

 

  • OHARRA: asteko buletin epidemiologikoa argitaratuko du gaur Osasun Sailak, eta litekeena da datuetan doikuntzak egotea.

Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus webguneko azken datuak atalean.

Positibo berriek gora egin duten arren, intzidentzia-tasei erreparatuta, azken orduetan mapa aldatu egin da. Kolore gorria atzean utzi dute Aretxabaletak eta Eskoriatzak, eta Oñati da 400etik gora dagoen bailarako herri bakarra. Halere, mugan geratu dira oñatiarrak, izan ere, 401, 12ko tasa erregistratu da bertan. Guztira, baina, Debagoieneko intzidentzia-tasa 290,08koa da; kolore horia du bailarak.

Bestetik, –esan bezala, oro har, intzidentziek behera egin badute ere–, Antzuolan eta Arrasaten gora egin dute tasek, atzo erregistratutako positiboak direla-eta. Hala, Antzuola gune berdetik irten da (91,79) eta Arrasate horian mantendu da (280,77).

Datu guztiak daude eguneratuta hurrengo mapan:

Mapa 14 egunetako tasa metatuaren arabera koloreztatu da. Osasun Sailak emandako irizpideei jarraiki, berdez agertuko dira 60tik beherako tasa dutenak, horiz 60-299 bitartekoak, laranjaz 300-399 bitartekoak eta gorriz 400etik gorakoak.

25 heriotza, EAEn

Osasun Sailak jakinarazi duenez, maiatzaren 10etik 16ra bitartean, 25 lagun zendu dira EAEn (aurreko astean baino hamalau gutxiago). Eta Debagoienean heriotza bakarra izan da aste horretan, Oñatin, hain zuzen ere.

439 kasu, Hego Euskal Herrian

11.226 proba diagnostiko egin ostean, 439 kasu hauteman dituzte Hego Euskal Herrian; proben %4,1ek eman du emaitza positiboa EAEn eta %3k Nafarroan. 221 izan dira Bizkaian baieztatutakoak, 113 Gipuzkoakoak, 71 Nafarroakoak, 31 Arabakoak eta hiru bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artekoak.

Bestetik, oinarrizko birsorkuntza tasak apur bat gora egin du EAEn: 0,81ekoa da R0 datua. Adierazle honek erakusten du pertsona bakoitzak batez beste zenbat lagun kutsa ditzakeen; horrenbestez, 1etik behera badago, pandemia hedatu ez dela ondoriozta daiteke.

Eta ospitaleetan, EAEn, atzo baino bi gutxiago badira ere, 131 lagun daude ZIUn, eta 246 plantan (herenegun baino hamar gutxiago). Bestalde, atzo 48 pertsona ingresatu zituzten (aurreko egunean baino bost gehiago). Beheko grafikoan dago adierazita, uztailaren 1etik hona –aste bakoitzeko batez bestekoekin–, Osakidetzako erietxeetan izandako ospitaleratze berrien bilakaera:

Nafarroako erietxeetan berriz, lagun bat bakarrik ingresatu zuten atzo, eta 93 dira guztira ospitaleratuta daudenak; horietatik hemeretzi daude Zainketa Intentsiboetako Unitatean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak