Protesta agerraldiak Joaquin Beltran bilatzen jarraitzeko operatiboa bertan behera uzteko erabakiaren aurrean

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko mai. 14a, 23:55

Gaur goizean eman dute Joaquin Beltranen gorpuzkiak bilatzeari uzteko erabakiaren berri Josu Erkoreka eta Arantxa Tapia sailburuek. Zaldibar Argitu plataformak deituta erabaki horren kontrako mobilizazioak izan dira iluntzean Zallan, Zaldibarren, Eibarren, Ermuan eta Elgetan. Pertsona bat lur azpian geratzea ezin dela erantzukizun politiko gabe geratu nabarmendu dute.

2020ko otsailaren 6an amildu zen Zaldibarko zabortegia. Hondamendi ekologiko handia izateaz gainera bi langile gelditu ziren hondakinen azpian harrapatuta: Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran. Abuztuaren 16an aurkitu zituzten Sololuzeren gorpuzkiak, baina ez horrela Beltranenak. Hamabost hilabeteko bilaketa lanen ostean operatiboa bertan behera uzteko erabakia hartu du Jaurlaritzak. Gaur goizean eman dute erabakiaren berria Segurtasun sailburu Josu Erkorekak eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiak.

Jaurlaritzako ordezkarien iritziz lehentasunezko azken bilaketa-eremuko indusketa-lanak amaituta egiaztatu da ezin izan dela Joaquin Beltranen gorpua aurkitu. Gaineratu dute Iñigo Urkullu lehendakariak atzo arratsaldean eman ziola familiari bilaketa prozesuaren amaieraren berri. Egonkortze lanei dagokienean aurrera jarraituko dute. Helburua izango da zabortegiko masari eustea eta hura egonkortzea, "haren oinarrian egin baita azken bilaketa-faseak egin ahal izateko mozketa".

Protesta elkarretaratzeak erantzukizunak eskatuz

Zaldibar Argitu plataformak deituta hamabost hilabeteotan hilero egin dira elkarretaratzeak herriz herri eskatuz bi langileen gorpuzkiak aurkitzeko, gertatutakoa argitzeko eta erantzukizunak ikertzeko. Bilaketa operatiboaren amaieraren aurrean erabaki horren kontrako mobilizazioak izan dira gaur iluntzean Zallan, Zaldibarren, Eibarren, Ermuan eta Elgetan. "Gaurko goiza benetan gogorra izan da. Espero ez genuen erabaki bat", azaldu du plataformako ordezkari Janire Lazkanok. "Gorpu bat lurpean eta zaborpean gelditzea ez dugu uste erantzukizunak argitu gabe gelditzeko moduko ekintza bat denik".

Joaquin Beltran ez aurkitzea porrot handia dela gaineratu dute plataformako ordezkariek. "Kalte sozial eta ekologikotik haratago, zabortegiak eragindako kalte humanoak hartzen du gaur protagonismoa, eta sekula itxiko ez den zauri bat zabalik uzten du", azaldu dute.

Hamabost hilabeteko bilaketa lanak

Jaurlaritzako ordezkariek bilaketa lanetan egindako kudeaketa defendatu dute. "Operatiboan 80 eta 100 profesional bitartean izan dira, egunero, bilaketa-lanetan, 112-SOS Deiak-en larrialdietakoak eta Ertzaintzako unitate espezializatuetakoak, besteak beste polizia zientifikokoak, bilaketarako txakur-taldekoak, brigada mugikorrekoak, droneen kontrolatzaileak, etab. Guztira, 450.000 m3 inguruko bolumena induskatu eta aratu dute, xehetasunez, lur-erauntsiaren aurreko azken erreferentzien arabera Joaquin Beltran zegoen lekutik beheragoko kotan dauden eremu guztietan. Lehentasunezko azken bilaketa-eremuko indusketa-lanak amaituta –4. mozketako 4. fasea–, egiaztatu da ezin izan dela, tamalez, Joaquin Beltranen gorpua aurkitu".

Zaldibar Argitu Plataformako ordezkariek salatu dute hasieratik egon direla iluntasuna eta informazio falta zabortegiaren inguruko prozesuan. "Jaurlaritzak bilaketa lanak bertan behera uztea erabaki badu, une egokia da erabaki horren ondorioak asumitu eta erantzukizunak bere gain hartzeko, beharrezko diren dimisioekin eta kargugabetzeekin".

Janire Lazkanok gaineratu du hurrengo egunetan elkartuko direla eragile sozialekin, sindikalekin eta baita ere senitartekoekin hitz egiteko eta hausnartzeko hemendik aurrera eman beharreko pausoen inguruan. "Ezin dugu ahaztu epaiketa batean pertsonatuta gaudela, eta hor edukiko dugula bide bat egiteko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak