Neurri zorrotzekin, 'First Lego League Euskadi' txapelketaren finala Arrasaten

Jone Olabarria 2021ko mai. 8a, 13:35

First Lego League Euskadiren 12. edizioaren finala egoitza ugaritan egiten aritu dira gaur goizean zehar, tartean Mondragon Unibertsitatearen Arrasateko egoitzan. Debagoieneko hiru eskolatako taldeek hartu dute parte bertan; Arizmendi ikastola, Mariaren Lagundia ikastola eta Oñatiko Zuazola Larraña institutuak. Proiektuak erakutsi eta erronkak bete ostean, epaimahaiaren erabakiaren zain geratu dira ikasleak, izan ere arratsaldean egingo dute sari banaketa, online bidez.

Hirugarren aldiz hartu du Arrasatek txapelketa, aurten baina neurri bereziekin egin behar izan dute. Ondorioz, taldeka egin behar izan dituzte aurkezpen saioak, burbuilak mantenduz, eta ordutegi zorrotzak betez. Goizean zehar, 10-16 urte bitarteko gaztetxoek 45 minutu izan dituzte garatutako proiektuak azaldu eta horien erabilera epaimahaiari erakusteko. Ostean, prestatu duten robotarekin hainbat erronka bete behar izan dituzte.

2021eko edizioan, 1300 euskal gazte sei hilabetez aritu dira berritzeko erronkan lanean: jolasa eta kirola berrasmatzea, gizarte aktiboagoa lortzeko helburuz. First Lego nazioarteko hezkuntza-programa bat da, "erronka tematikoen bidez haurren eta gazteen artean zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa sustatzea" helburu duena. 110 herrialdetan egiten da eta 560.000 ikaslek hartzen dute parte.

Ekintzailetzari bultzada

Arrasateko finalean izan dira, besteak beste, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, Maria Ubarretxena Arrasateko alkatea eta Bizente Atxa, Mondragon Unibertsitateko errektorea. Denak bat etorri dira eta azpimarratu dute etorkizuneko erronkei aurre egiteko "ezinbestekoa" dela ekintzailetza eta berrikuntzan lanean jarraitzea. "Zientzia eta teknologiaren garapena azpimarratuko nuke, baita gaurkoan ikusi ditugun baloreak; ikasle gazteak egungo errealitateari erantzunak emateko elkarlanean aritu dira. Bestalde, irakaslegoaren garrantzia azpimarratuko nuke, guztiz inplikatutako irakasleak izan ditugu hemen, biata aurtengo ikasturte zail honetan ere", azaldu du Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak.

Sari banaketa, arratsaldean

16:00etatik aurrera, First Lego League Euskadi txapelketaren edizio honi buruzko saio bat eskainiko dute, eta zuzenean konektatuko da hiru egoitzekin, sarien eta egoitza bakoitzeko talde irabazleen berri emateko. Saioa FLL Euskadi Twitch kanalean egongo da ikusgai.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak