Hezkuntza zentroen eraldaketa eta berrikuntza prozesuak lantzen ari dira kataluniarrak eta haien eskariz egiten ari dira bisita. Atzo iritsi ziren Euskal Herrira eta goizean, talde txikietan banatuta, hainbat ikastetxe bisitatu dituzte: Arizmendi Ikastola, Aranzadi Ikastola, Miguel Altuna Lanbide Heziketako Zentroa, Amaraberri Eskola Publikoa, Larrun Lizeoa, Laskorain Ikastola, Herrikide ikastetxea eta Zumaiena ikastetxea.
"Harrituta geratu gara"
Arratsaldean, aldiz, goizean jaso dituzten ideia eta inspirazio guztiak partekatu dituzte Eskoriatzan, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. "Ikastetxeen metodologiak eta lan egiteko moduak ezagutzea da bisitaren helburu nagusia, inspirazio bat aurkitzea gure ikastetxeetako eguneroko lanean hobetu ahal izateko. Beraz, guk hemengo errealitatea ondo barneratzea gura dugu, nolabaiteko formazio bat jaso, gero han gure lankideei transmititzeko", azaldu du FEDAC Horta ikastetxeko irakasle Mariona Golek.
Gaineratu duenez, instalazioak ikusi dituzte, ikastetxeak nola dauden egituratuta eta ikasleekin hitz egiteko aukera ere izan dute. "Egia esan, oso aberasgarria izan da. Harrituta geratu gara ikastetxeek daukaten egiturarekin eta lan egiteko duten moduarekin".
Kontzientzia astintzaileak sortu gura dituzte
Esan moduan, 24 ikastetxek osatzen duten hezkuntza fundazio bat da Escoles FEDAC eta ikastetxe bakoitzeko kide bat eta berrikuntza eta hobekuntza alorreko bi ordezkari ere etorri dira. Ikastetxe bakoitzeko ordezkari horiei shaker figura ezarri gura diete. "Kontzientzia astintzaileak izan daitezen gura dugu, hezkuntza arloan eta arlo pedagogikoan, eta horretarako, beste errealitate batzuk ezagutzea garrantzitsua da", adierazi du Jordi Civit FEDACeko pertsonen garapen zuzendariak.
Elkarrengandik ikastea, funtsezkoa
Huheziko irakasle Ainara Artetxek, bestalde, azpimarratu du haiek ere ikasiko dutela kataluniarren esperientzietatik. "Nola eraikitzen dituzten prozesuak, zein oztopo dituzten eta, kasu honetan, oso inspiratzailea da guretzat haiek daukaten gogoa, pasioa eta energia. Buru-belarri ari dira lanean proiektu honetan eta hausnarketa interesgarriak egiten dituzte. Beraz, jarrera horretatik badaukagu zer ikasi".
Golek ere ildo beretik jo du. "Ikasle guztientzako ahalik eta formazio onena lortzea gura dugu guztiok, beraz, inportantea da sare eta harreman berriak sortzen joatea, elkarlanaren bitartez, guztiok hobetu ahal izateko".