Rosa Domingo: "Egunotan 5.300 dosi jarriko ditugu, denera"

Maialen Santos 2021ko mai. 7a, 20:21

Rosa Domingo, martitzenean, Arrasateko Kulturaten.

Martitzenean COVID-19a eta txertaketa kanpaina izan zituen berbagai Debagoieneko ESIko txertaketa arduradun Rosa Domingok, eta azaldu zuen "gelditu barik" ari direla lanean. Udarako 50 urtetik gorakoek txertoa jarrita izatea "posible" dela uste du.

Arrasateko Nagusien Kontseiluak antolatuta, koronabirusari aurre egiteko neurriak eta txertoak izan zituzten hizpide martitzenean Kulturaten eskainitako hitzaldian. Debagoieneko ESIko erizain Joserra Bardeci eta txertaketa arduradun Rosa Domingo aritu ziren berbetan.

COVID-19aren jatorriaren, sintomen eta prebentzio neurrien gaineko xehetasunak eman zituzten, lehenengo eta behin, eta gero, txertoen nondik norakoak azaldu zituzten bi erizainek. Rosa Domingoren esanetan, baliteke AstraZeneca txertoari buruz esandakoak direla zenbaitek txertoa jartzeko beldurra izatearen eragile, baina "seguruak" direla dio, eta horrek dakartzan onurak kalteak baino gehiago direla: "Informazio fluxu handia dago, eta, norbanako bakoitza ezberdina den heinean, denetarik dago; normala da batzuk beldur izatea".

Udarako, aurrerapausoak

Txertatze kanpainarekin lotuta, Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi du txerto nahikoa izanez gero asmoa dela uda aurretik 50 urtetik gorako herritarrek txertoa hartuta izatea, eta Rosa Domingok esan zuen egun duten erritmoarekin helburu hori betetzea "posible" ikusten duela.

Asteon, 5.300 dosi

Adierazi zuen egunotan gelditu gabe dabiltzala txertoak jartzen, eta, hain zuzen, egun hauetan, denera, 5.300 txerto jarriko dituztela: "Zapatuan eta domekan txertaketa masiboa egin genuen Debagoieneko Ospitalean; bi egunetan 2.300 txerto jarri genituen. Astean zehar beste 3.000 txerto jarriko ditugu, gainera". Gaineratu du "gelditu barik" ari direla lanean.

Edozelan ere, Domingok gogora ekarri gura izan zuen txertoa ez dela egungo egoeraren amaiera, eta, ondorioz, hori hartuta dutenek ere prebentzio neurriak "errespetatu" behar dituztela oraindik ere. Ildo horretatik, Bardecik gogora ekarri zituen prebentzio neurriak, eta, batez ere, leku itxietan jende askorekin ez elkartzeko gomendioa helarazi zien entzuleei: "Koronabirusaren aurka babestuta egoteko beharrezkoa da herritarren kopuru handienak txertoa jarrita izatea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak