Asteko buletin epidemiologikoa argitaratu du Osasun Sailak, eta datuetan doikuntzak egon dira. Behean daude adierazita eskualdeko herrietako positibo metatuak (pandemia hasi zenetik erregistratu diren kasuak) eta atzoko probek emandako emaitzak.
Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus webguneko azken datuak atalean.
Intzidentziarik altuena, Oñatik
5.000 biztanletik gorako herrien artean, EAEko intzidentzia-tasa handiena du Oñatik: 1.290,55. Dena den, azken orduetan zertxobait behera egin du tasak bertan, eta baita Arrasaten, Bergaran eta Antzuolan ere. Bestalde, gora egin dute zenbatekoek Aretxabaletan eta Eskoriatzan eta berdin mantendu dira gainerakoetan.
Gauzak horrela, azken datuei erreparatuta, Aramaio eta Leintz Gatzaga dira Osasun Sailak markatutako mugatik behera dauden herri bakarrak. Beheko mapan, ordea, gorriz markatutako herriak neurri murriztaileak indarrean dituztenak dira:
> Herri gorrietan indarrean dauden neurriak:
- Itxiera perimetrala. Udalerria perimetralki itxita dago, eta alboko herrietara joan ahal izango da, bakarrik, erosketak edo kanpoko kirola egiteko.
- Ostalaritza barruak. Establezimenduen barnealdeetan egoteko ordutegia egongo da: 06:30etik 09:30era eta 13:00etatik 16:30era. Terrazak orain arte bezala zabalik egon daitezke.
- Kirola barruan. Gune itxietan kirola egiteko, taldeek ezingo dute lau laguneko kopurua gainditu, kirolari federatuak eta profesionalak izan ezik. Aldagelak eta dutxak ezingo dira erabili, igerilekuetan izan ezik –gune horietan %35eko edukiera baimenduta dago, eta baita dutxak bakarka erabiltzea ere–.
Heriotzarik ez, Debagoienean
Osasun Sailak jakinarazi duenez, apirilaren 26tik maiatzaren 2ra bitartean, 40 lagun zendu dira EAEn. Hala, dagoeneko 4.233 dira erkidegoan koronabirusaren eraginez hil direnak. Eta Hego Euskal Herrian, berriz, 5.406.
Bailarara etorrita, ez da heriotzarik erregistratu azken astean, eta hortaz, zenbateko metatua ez da aldatu. guztira, pandemia hasi zenetik 166 dira bailaran gaitzaren ondorioz hil direnak: 85 Arrasaten, 37 Bergaran, hemeretzi Aretxabaletan, hamalau Oñatin, zortzi Eskoriatzan eta bana Antzuolan, Aramaion eta Elgetan.
779 kasu Hego Euskal Herrian
14.044 proba diagnostiko egin ostean, 779 kasu hauteman dituzte Hego Euskal Herrian; proben %6,1ek eman du emaitza positiboa EAEn eta %3,5ek Nafarroan. 366 izan dira Bizkaian baieztatutakoak, 236 Gipuzkoakoak, 109 Nafarroakoak, 61 Arabakoak eta zazpi bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artekoak.
Bestetik, oinarrizko birsorkuntza tasak beste apur bat egin du behera EAEn: 0,88koa da R0 datua. Adierazle honek erakusten du pertsona bakoitzak batez beste zenbat lagun kutsa ditzakeen; horrenbestez, 1etik behera badago, pandemia hedatu ez dela ondoriozta daiteke.
Eta ospitaleetan, atzo baino hiru gutxiago badira ere, 185 lagun daude ZIUn, eta 463 plantan (herenegun baino 30 gutxiago). Bestalde, atzo 75 pertsona ingresatu zituzten (aurreko egunean baino hamazazpi gutxiago). Beheko grafikoan dago adierazita, uztailaren 1etik hona –aste bakoitzeko batez bestekoekin– Osakidetzako erietxeetan izandako ospitaleratze berrien bilakaera:
Nafarroako erietxeetan berriz, hamar lagun ingresatu zituzten atzo, eta 180 dira guztira ospitaleratuta daudenak; horietatik 31, ZIUn.