Mondragon Unibertsitatearen Aretxabaletako Komunikazio Fakultatean jaio zen Ilunabarrean esan film laburra. "Fikziozko film labur bat sortzea eskatu ziguten. Filmak askotariko ibilbideak izan ditzake, eta, gure kasuan, Huhezinemara aurkeztu genuen", azaldu du Vallinak.
Huhezineman bertan, gainera, fikzio onenaren saria eskuratu zuen lanak. "Aitortza hori izatea beti da polita. Espero dugu horrek balio izatea kontatzen dugun istorioa leku gehiagotara iristeko", gaineratu du.
Debagoieneko hiru herritan
Horretarako aukera eskainiko die, hain zuzen, Laburbirak, Debagoieneko hiru herritan proiektatuko baitute film laburra. Aramaion, hasiera batean, maiatzaren 13an izango da, nahiz eta oraindik ez duten erabat zehaztu –kultura etxean, 18:30ean–. Maiatzaren 19an, berriz, Bergarako Seminarixoan ikusi ahalko da filma, 18:30ean hasita, eta Arrasaten, aldiz, hilaren 22an, gaztetxean, 19:00etan.
"Oraingoz, filma ez dago inon ikusgai eta Laburbirak lagunduko digu gure lana gehiago zabaltzen. Oso polita da unibertsitateko lan bat gure herrietan erakusteko aukera izatea. Lan txukuna da eta oso pozik gaude egin dugunarekin. Beraz, merezi du herritarrei erakustea", adierazi du soinuaz arduratu den Sara Alonso aramaioarrak.
Barruko ezinegona, filmean islatuta
"Hilabete luzez" hausnartutako proiektu bat izan da, arrasatearraren esanetan. "Filmak ez du islatzen nire bizipen pertsonala, baina bai barruan neukan ezinegon bat, homosexualitatearen gaia lantzeko motibazioa, hain zuzen. Gainera, nik uste dut lortu dudala barruan neukan hori filmaren bitartez islatzea, beste hainbat aspekturekin batera, eta pozik nago".
2002an girotuta, Iruñean
Urkoren bizipenak kontatzen ditu filmak eta 2002an girotuta dago, Iruñean. "Ezker abertzaleko Segi antolakundeko militantea da Urko. Batetik, bere bizitza publikoa dauka, ohiko militantzia ereduan. Bestetik, bizitza pribatua edo ezkutatzen duen aldea dauka, bere homosexualitatea, alegia. Hor hainbat kontu nahasten dira eta nahasmen horretan garatzen da istorioa", azaldu du arrasatearrak.
Homosexualitatea aitortzeko prozesu horretan "kasu askotan bizitzen den bakardade sentimendua" azaleratzen duela aitortu du zuzendariak. "Horrez gain, Iruñean homosexualitatea aitortzeko egon izan diren esparru klandestinoez ere badihardu filmak, eta baita euskal gatazkaz eta euskal militantzian homosexual izateak ekarri ahal izan duenaz ere".
Pandemia betean eginikoa
Gidoia sortzeko prozesua pandemiaren hasierarekin batera etorri zen, 2020ko martxoan gidoia sortzen ari ziren eta. "Aurreprodukzioa etxetik egin genuen, horrek ekarri zizkigun zailtasun guztiekin. Modu telematikoan elkartu behar izaten genuen, eta lokalizazioak Google Maps aplikazioaren bitartez bilatu behar izan genituen. Nahiko zaila eta etsigarria izan zen", dio Vallinak, eta zera gaineratu du aramaioarrak: "Nola ibili garen kontuan hartuta, oso ondo irten da".
Soinua, uste baino zailagoa
Soinuaren ardura uste baino zailagoa dela esan du Alonsok. "Erraza ematen duen alorra da soinuarena, baina oso konplikatua da; batez ere, grabaketan. Soinu mota asko ez daude norberaren kontrolpean, hori kudeatzea oso zaila da. Gero, moldaketa txiki asko egin behar izaten dira, soinua orekatua izan dadin".
"Betiko" lantaldea
Alonsok azpimarratu duenez, unibertsitateko hainbat lan egiterako orduan, askotan elkartu izan da lantalde bera eta "oso ondo" moldatzen dira, "gustura" egiten dute lan elkarrekin. "Lan hau egiteko ere, argi genuen taldea hau izan behar zela". Hori bai, lantalde barruko zereginak banatzea gehiago kosta zitzaien. "Azken batean, ikasten gabiltza eta ez geneukan oso argi bakoitzak bere burua non kokatu. Argi genuena zen gidoilaria izan behar zela zuzendaria. Gainontzeko rolak bakoitzaren gustuen arabera banatu genituen apurka".