CAF-Elhuyar saria jaso du Ainara Sangroniz Agudo elgetarrak

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko api. 27a, 20:21

Gaurko sari banaketa ekitaldiaren ostean egindako talde argazkia. (Iturria: Elhuyar)

Ezagutza da txertoa lelopean egin dute sari banaketa, gaur arratsaldean, Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan. Doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikulu onenaren saria eskuratu du Sangronizek. Bi mila euro eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura jaso ditu. Ezin izan du ekitaldian parte hartu eta gertuko batek jaso du saria bere ordez. 

Pandemia egoera dela-eta leku mugatuarekin eta streaming bidez egin dute sari banaketa, aurten. Sariketaren antolatzaileek jakinarazi dute 64 lan jaso dituztela CAF-Elhuyar sariketaren 2021eko sariketan.

Horien artean zen, doktore-tesian oinarritutako Ainara Sangroniz Agudo elgetarraren Polimero jasangarrien garapena elikagaien ontziratzerako dibulgazio-artikulua. Hain zuzen ere, hori izan da dibulgazio-artikuluen kategorian saritutako lana. Epaimahaiko kideen iritziz, gaur egungo arazo bati erantzuten dion ikerketa baten berri ematen du artikuluak. Azpimarratu dute, gainera, gaurkotasun handiko lana dela eta helburua jarri dute balioan; mundua hobetu nahi izatea, alegia.

Epaimahaia osatu dute ekologo eta EHUko ikertzaile Arturo Elosegi Irurtiak; kimikari eta EHUko ikertzaile Marian Iriarte Ormazabalek; kazetaria eta idazlea den Alberto Barandiaran Amillangok; eta Elhuyar aldizkariko zuzendari Aitziber Agirre Ruiz de Arkautek.

Gogoratu behar da kategoria bereko CAF-Elhuyar saria jaso zuela iaz Leire Sangronizek, Ainara Sangronizen ahizpak.

Gainerako sarituak

  • Dibulgazio-artikulu orokorraren saria Nahia Seijas Garzon amurrioarrak jaso du Alferrik saiatzen gara natura giltzapetzen izeneko artikuluarengatik.
  • Zientzia-kazetaritzaren arloko saria Iñaki Sanz Azkue hernaniarrak jaso du Etxeko leihoak naturaren behatoki lanarengatik. Naiz egunkari digitalean argitaratu zuten iazko martxoan.
  • Lehen sektoreko lanak saritzeko helburua duen Neiker Sari Berezia Asier Alvite Arregi zumaiarrak jaso du Betizua, Europako azken behi basatia desagertzear? lanagatik.
  • Bi aipamen berezi ere egon dira. Neiker Sari Berezia kategorian aipamen berezia jaso du Helene Sanchez Zelaia duragarraren Klima-aldaketa eta mahastizaintza lanak, eta zientzia-kazetaritzaren kategorian ere aipamen berezia egin diote Jon Urzelai Urbieta zumarragarraren Pentsatu, ez sinistu proiektuari. KKinZona irratsaioan izurriari buruzko kontzeptuak argitzeko egindako lanari egindako aipamen berezia da.

Bi sorkuntza beka

Zientziaren eta gizartearen arteko zubi-lana egiten dituzten proiektuak bultzatzeko sorkuntza beka bakarra izan ohi da CAF-Elhuyar sarietan, eta bost mila euroko saria izaten da. Aurten, ordea, bi sari eman dituzte.

Lehena Itxaso Navarro Celestino donostiarrak jaso du Sonata 00001011-Spam irudien soinu transdukzioen kontzertua proiektua garatzeko. Bigarrena, berriz, Ander Gortazar Balerdik eta Jacek Markusiewiczek 15 minutuko hiria, 45 minutuko lurraldea. Euskal kartografia garaikideak lana egiteko.

Merezimendu saria

Euskalgintzan ibilbide zabala egin duen Jabier Agirre Lasarte medikuarentzat izan da Elhuyar Merezimendu saria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak