Sektore publikoan greba egin dute langileen "behin-behinekotasun" egoera salatzeko

Maialen Santos 2021ko api. 22a, 15:47

ELA, LAB, CCOO, Satse, Steilas eta ESK sindikatuek greba deitu dute gaurko Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoan, batez ere langileen behin-behinekotasun egoera salatu eta lanpostu horien egonkortasuna eskatzeko.

"EAEko administrazioetan enpleguaren egoera gero eta kezkagarriagoa da. Enplegu publikoaren suntsiketa, ezegonkortasuna eta bere sorrerarako borondaterik eza sintoma gero eta larriagoak dira, eta eragin negatiboa dute langile publikoen lan-baldintzetan", salatu dute. Gaineratu dutenez, sektore publikoko 60.000 langile inguru dago internitate edo bitartekotasun egoeran. 
 
"Administrazio publikoko langileen %40a inguru bitartekotasunez ari da lanean, eta horrek suposatzen du lanpostu goriek ezin direla egonkortu", zehaztu du Arrasateko Udaleko Enpresa Batzordeko Dorleta Kortazarrek. Gehitu du arazo horri "irtenbide" bat eman behar zaiola, izan ere, hezkuntzan, Jaurlaritzan edota osasungintzan zenbakiak oso altuak dira, eta horrek "kaltea" eragiten die zerbitzuei. 
 

Udal zerbitzu gehienak, itxita

Greba deialdiak Debagoienean izan duen erantzunari dagokionez, administrazio publikoen kasuan, Debagoieneko Mankomunitateko langileek bat egin dute deialdiarekin, eta udalen kasuan itxita egon dira Bergarako, Elgetako, Antzuolako, Aramaioko eta Eskoriatzako udal zerbitzuak. Arrasaten, egun osoko greba egin beharrean, eguerdian ordubeteko lanuztea egitea erabaki dute langileek: "Ikusten genuen atxikimendu handiagoa izan zezakeela ordu beteko kale agerraldiak, eta horretarako deialdia egin genuen", argitu du Kortazarrek. 
 

Hezkuntzan, denetarik

Hezkuntzan, itxita egon da Eskoriatzako Luis Eceiza eta zerbitzu minimoekin egin dute lan Oñatiko Urgain Errekalden, Arrasate herri Eskolan eta Elgetako Herri Eskolan eta Haur eskolan. Beste ikastetxe publikoen kasuan, Antzuolako Herri Eskolan ez dute bat egin greba deialdiarekin, eta gainerakoetan langileen partetik askotariko jarraipena izan du.
 
Osasun arloan, bestalde, Debagoieneko Ospitalean nork bere kabuz erabaki du grebarekin bat egin edo ez. Dena den, Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan, sendagileen % 1,13k, erizainen % 2,66k eta gainerako langileen %4,58k egin du bat grebarekin goizean, eta Erkidegoko osasun zentro guztiak zabalik egon dira, gainera. 
 
Sindikatuek baina, adierazi dute gutxieneko zerbitzuek "erabat baldintzatu" dutela osasun arloan grebak izan zuen jarraipena, eta salatu dute, zerbitzu askotan %100eko gutxieneko zerbitzuak jarrita, milaka langileei grebarako "eskubidea ukatu" zaiela.
 

Egun "arrakastatsua"

Hiriburuetan egin dituzte sindikatuek mobilizazio nagusiak, eta ELA kide Igor Eizagirrek greba eguna "arrakastatsua" izan dela esan du, nahiz eta ezarritako zerbitzu minimoak "gehiegizkoak" izan. 
 
Bestetik, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak, bestalde, adierazi du ez duela ulertzen egungo osasun eta ekonomia egoeran sektore publikoko langileak grebara deitu izana. Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak, bitartekotasunaren arazoa bideratzeko hainbat frontetan lan egiten ari direla azaldu du, azkenik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak