OHARRA: asteko buletina argitaratuko du gaur Osasun Sailak eta litekeena da datuetan doikuntzak egitea.
Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus webguneko azken datuak atalean.
Bailarako mapa, gorri
Positibo berriekin batera, intzidentzia-tasetan aldaketak egon dira Debagoienean. Azpimarragarriena Bergararen gorakada izan da, izan ere, 438,95eko tasa erregistratu ostean, gune gorrira igaro da. Nolanahi ere, gogoratu behar da ez dela neurri murriztailerik indarrean jarriko; astelehenetako buletinean agertzen diren herriek bakarrik bete behar baitituzte Jaurlaritzaren neurriak. Hala, astelehenean 400etik gorako tasarekin jarraituz gero, hurrengo egunean ezarriko dira mugak Bergaran.
Beste herriei erreparatuta, nabarmendu behar da –joera nagusiaren kontrara– Aretxabaletan eta Eskoriatzan behera egin dutela intzidentziek; halere, oraindik 1.000ren bueltan daude: 1.129,94koa du Aretxabaletak eta 901,78koa Eskoriatzak.
Beheko mapan daude datu guztiak:
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.
32 heriotza EAEn
Apirilaren 12tik 18ra bitartean 32 lagun hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan; aurreko astean baino sei pertsona gehiago. Hala, Hego Euskal Herrian 5.268 lagun zendu dira guztira, azken datuen arabera.
Osasun Sailak asteko buletina argitaratuko du gaur eta bertan jakinaraziko dira herriz herriko datuak. Horri lotuta, litekeena da heriotza metatuen zenbatekoan ere doiketak egotea.
Ia 1.200 kasu Hego Euskal Herrian
Hego Euskal Herriko kasu berriei dagokienez, 15.453 PCR eta antigeno proba egin ziren atzo , eta % 7,9k eman du emaitza positiboa EAEn eta % 7,1ek Nafarroan. Beste modu batera esanda, 1.198 positibo berri atzeman dituzte: 445 Bizkaian, 420 Gipuzkoan, 196 Nafarroan, 120 Araban eta hamazazpi bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean.
Gauzak horrela, lurraldeetako intzidentzia-tasek ere gora egiten jarraitzen dute; batez ere Gipuzkoakoak. Jaurlaritzako Osasun Sailak argitaratutako grafikoan daude uztailetik atzora arte erregistratutako datuak:
Bestetik, kasuek –eta horrenbestez, intzidentziek– gora egiten duten arren, oinarrizko birsorkuntza datuak behera egiten dihardu, eta atzo 1,02ko datua izan zuen EAEk. Adierazle honek pertsona batek batez beste zenbat lagun kutsatzen dituen neurtzen du.
Pandemia-sasoi guztiko bilakaera dago jasota beheko grafikoan:
Eta ospitaleetan, presioak gora egiten jarraitzen du. EAEn 117 lagun ingresatu zituzten atzo (abuztutik erregistratu den bigarren zenbateko handiena) eta guztira 711 pertsona daude erietxeetan; horietatik 158, ZIUn.
Alderaketa bat eginez gero, aurreko egunean baino 33 pertsona gehiago daude ospitaleratuta (lau gehiago ZIUn eta 29 gehiago plantan), eta hilabete bat atzera eginez gero –martxoaren 20ko datua kontuan hartuta– 408 lagun gehiago daude ingresatuta (71 gehiago ZIUn eta 337 gehiago plantan).
Nafarroan berriz, hamasei lagun ingresatu zituzten atzo, eta orotara 219 daude erietxeetan; horietatik 41, Zaintza Intentsiboetako Unitatean.