Datuak kezkagarriak dira herri gehienetan –Elgeta eta Leintz Gatzaga dira azken asteetan positiborik izan ez duten herri bakarrak–, baina, bereziki Oñatin eta Aretxabaletan. Kasuek gora egin zuten atzo ere –aurreko egunarekin alderatuta hamahiru gehiago Oñatin eta bi Aretxabaletan– eta intzidentzia-tasa altuenetakoa duten Gipuzkoako herrien artean daude Legazpiren atzetik (1.391,37). Bestetik, Aramaio ere aipatzekoa da; izan ere, atzo lau kasu atzeman zituzten.
Datu guztiak daude hurrengo mapan:
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.
EAEn 1.128 kasu
Atzo egindako 10.808 proben %8,7ak eman du emaitza positiboa EAEn; aurreko egunekoa baino zertxobait baxuagoa da datua (%0,2). Eta mila kasuren azpitik geratu zen EAE, 940 hain zuzen ere: Araban 110, Gipuzkoan 397, Bizkaian 426 eta EAEtik kanpo erroldatutakoak zazpi.
Bestetik, 73 ospitaleratze berri izan ziren, eta dagoeneko, 442 gaixo zeuden Osakidetzako ospitaleetan; zaintza intentsiboko unitateetan dauden gaixo larriak, ostera, 128 ziren.
Nafarroan, 2.554 proba egin zituzten atzo eta %7,4ak eman zuen positibo; 188 kasu atzeman zituzten. Bestalde, Foru Erkidegoko ospitaleetan 201 gaixo zeuden atzo, aurreko egunean baino bat gutxiago. Atzo koronabirusarekin lotutako hamar ospitaleratze izan ziren, horietako bi ZIUetan. Heriotza bat ere baieztatu dute, 51 urteko gizonezko bat, eta dagoeneko 1.142 pertsona hil direla pandemia hasi zenetik jakinarazi dute.
Urkulluk ez du deituko LABI
Iñigo Urkulluk, kazetarien galderei erantzunez, esan du gaur goizean Labi teknikoak gaur erabakiko duenaren zain dagoela eta horren arabera erabakiko duela Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) Aholku Batzordea deitzea. Azterketa teknikoaren ostean baztertu egin du LABI datozen egunetan deitzea.
Aste Santu eta Pazko Aste osteko datuak kezkagarriak izaten dabiltzala adierazi du Urkulluk eta alarma egoera luzatzearen alde agertu da. Pedro Sanchezen erabakia ez luzatzearen aldekoa izaten jarraituz gero ohiko legediak eskaintzen dituen tresna juridikoak baliatzea proposatu du.