Herritarren zalantzak argitze aldera intzidentzia-tasa metatua 400ditk gora duten herrien kasurako honako argibideak jaso ditu Eusko Jaurlaritzak ohiko galdera-erantzunen txostenean.
1. Nola jakin dezaket noiz dauden nire udalerria edo beste bat konfinatuta?
Osasun Sailaren webgunean, astelehenero zabalduko da, eta jaieguna bada, hurrengo lanegunean, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariaren ebazpen bat, ezarritako tasak eta parametroak gainditzen dituzten udalerrien eta lurralde historikoen zerrendarekin. Eraginkorra izango da hurrengo egunetik aurrera.
Nolanahi ere, zabalkunde hori jasotzen duen lehen ebazpena Dekretu hau indarrean jartzen den egun berean emango da, 2021eko martxoaren 27an (larunbata), eta ondorioak izango ditu 2021eko martxoaren 29ko 00:00etatik aurrera. Aste Santuko jaiegunak direla eta, bigarren ebazpena apirilaren 6an (asteartea) eman beharko da, eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.
2. Zein herri geratuko dira konfinatuta?
Mugatu egiten da bizilekua duten udalerriko barruti bakoitzean pertsonak sartu eta irtetea (indarrean dagoen Dekretuaren 2. artikuluan jasotako salbuespenekin):
- 5.000 biztanletik gorako udalerrietan, baldin eta azken 14 egunetako COVID-19aren kasu positiboen intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 400 edo gehiagokoa bada.
- 5.000 biztanletik beherako udalerrietan, baldin eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak biztanleria-tamaina horretako udalerrietarako ezarritako parametro epidemiologiko baliokideen mugak gainditzen badituzte.
3. Eta lurralde historikoen lurralde-konfinamendua noiz emango da?
Era berean, lurralde historiko batean, azken 14 egunetako COVID-19aren kasu positiboen intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 400 edo gehiagokoa bada, bizileku den lurralde historikoko pertsonen sarrera- eta irteera-murrizketa ezarriko da, Dekretuaren 2. artikuluan aurreikusitako salbuespenekin.
4. Zilegi al da mugakide diren 400dik gorako tasa duten udalerrien arteko mugikortasuna?
Mugakide diren eta ohiko zirkulazioa duten udalerrien arteko mugikortasuna baimenduko da, erosketak eta aire zabaleko jarduera fisikoa egiteko.
5. Joan naiteke "poteatzera" 400dik gorako tasa duen ondoko udalerrira?
Ez. Erosketak eta jarduera fisikoak aire zabalean egiteko bakarrik dago baimenduta ondoko udalerrira joatea. Herri txikien kasuan ere baimenduta dago udalerrian bertan ez dauden zerbitzuetarako lekualdatzea.
7. Zer zerbitzu eman dezakete ostalaritza eta jatetxe-establezimenduek eta zein ordutegitan 400dik gorako tasa duten udalerrietan?
Aire zabaleko terrazetan zerbitzuak eskaini ahal izango dituzte, eta lokalen barruko jendaurreko ordutegia murriztu beharko dute, honako bi ordutegi-tarte hauetara:
- 06:30etik 09:30era.
- 13:00etatik 16:30era.
Terrazetako ordutegiak orain arte bezala jarraituko du, 06:00etatik 20:00etara. Eskaerak 21:00ak arte entregatu ahal izango dira establezimenduan bertan hitzordua eskatuta, eta itxita egon beharko da beste edozein zerbitzutarako. Etxez etxeko banaketa 22:00ak arte egin ahal izango da. Bezero-taldeek ezingo dute mahai bakoitzean lau baino gehiago izan, eta ezingo dira bi mahai edo gehiago batu pertsona-kopuru handiagoko talde baterako. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da etengabe, elikagaiak edo edariak hartzen diren momentuan izan ezik. Nolanahi ere, mahai desberdinetako aulkien artean gutxienez metro eta erdiko distantzia dagoela ziurtatu beharko da.
8. Sar al zaitezke ostalaritza-establezimenduan barnealdean kontsumitzeko ezarritako ordutegietatik kanpo kontsumizioa eskatzera 400dik gorako tasa duten udalerrietan?
Bai. Ezarritako ordutegi-tarteetatik kanpo, establezimenduan sar gaitezke kontsumizioa eskatzeko edo komunak erabiltzeko, betiere segurtasun-neurriak errespetatuz, hala nola maskara erabiltzea, segurtasun-distantzia, eskuen higienea, eta abar. Hala ere, ordutegi-tarte horietatik kanpo, ezin da inola ere kontsumitu establezimenduaren barruan.
9. Zer ordutegi bete behar dute zerbitzuguneetan kokatutako ostalaritza eta jatetxe-zerbitzuek 400dik gorako tasa duten udalerrietan?
Intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 400ekoa baino handiagoa duten udalerrietako zerbitzuguneetan dauden ostalaritza eta jatetxe-establezimenduak irekita egon ahal izango dira, ordutegi-muga horretatik kanpo, iragaitzazko erabiltzaileak artatzeko bakarrik.
10. Ostalaritza-zerbitzua duen joko eta apustu-establezimendu batek eskain al dezake janaririk eta edaririk 400dik gorako tasa duten udalerrietan?
Barnealdean, bi ordu-tarte hauetan bakarrik:
- 06:30etik 09:30era.
- 13:00etatik 10:30era.
11. Zenbat lagunek egin dezakete kirola taldean 400dik gorako tasa duten udalerrietan?
Barruko eremuetan egiten diren kirol-jarduerek ez dituzte lau pertsonako taldeak gaindituko, talde profesionalen eta federatuen entrenamenduei eta lehiaketei eragiten dietenak izan ezik. Kanpoan, bilkuren muga 6 pertsonakoa da.
12. Baimenduta al dago eskola-kirola 400dik gorako tasa duten udalerrietan?
Eskola-kiroleko entrenamenduak egin ahal izango dira, eta gehienez ere sei laguneko taldeetan antolatuta. Taldea beti pertsona berek osatuko dute, eta ezingo dira aldagelak erabili. Barruko instalazioetan, taldeek gehienez lau pertsona izan beharko dituzte.
13. Baimenduta al dago dutxak eta aldagelak erabiltzea 400dik gorako tasa duten udalerrietan?
Ez. Udalerri hauetan aldagelak eta dutxak itxi egingo dira kirol-instalazio mota guztietan, igerilekuetan izan ezik; horietan, aldagelak erabili ahal izango dira gehieneko edukieraren ehuneko 35eko mugarekin, eta dutxak erabili ahal izango dira, baldin eta banakakoak badira.
14. Mugakide diren eta ohiko joan-etorriak dituzten udalerrien arteko desplazamendua, Lurralde Historikoa edozein dela ere, independentea al da bi udalerriek duten Intzidentzia-tasa metatuarekiko, ersoketak edo aire zabaleko jarduera fisikoak egiteko?
Bai.
15. Joan naiteke ondoko herriko mendira?
Bai. Gehienez 6 pertsonako taldean joan zaitezke bizi zaren udalerriko edo ondoko udalerriko mendira.
16. Bost lagunekin gera naiteke bizikletan ibiltzeko inguruko herri mugakideetatik?
Bai. Bizilekuaren mugakide diren udalerrietatik bakarrik.
17. Atera al naiteke oinez konpainiarekin eta alboko herrietara joan?
Bai, bizilekuaren mugakide diren udalerrietara bakarrik.
18. Mugakidea ez den udalerri batetik pasa naiteke mugakide den udalerri batera sartzeko?
Mugakidea ez den udalerri batetik oinez mugakide den beste udalerri batera joateko bakarrik dago baimenduta, baldin eta ibilbideren baten parte bada. Ezin da mugakideak ez diren udalerrietan autoz ibili mugakideak diren beste udalerri batzuetara joateko.
19. Baratzeetara joan al daiteke?
Bai, arrazoi hori dela-eta, baratzea dagoen udalerrira joan daiteke, mugakidea den ala ez kontuan hartu gabe, eta bi udalerrietan intzidentzia-tasa metatua kontuan hartu gabe.
20. Egunero joan behar dut bizilekuaren mugakidea ez den udalerri batera, lanagatik, eta lan-ordutegia dela-eta, udalerri horretan bazkaldu behar dut. Taberna edo jatetxe batera joan naiteke?
Bai. Lan-ordutegiaren tartean, eguneko bazkariren bat hartzen badu, baimenduta dago lan egiten den udalerriko taberna edo jatetxeetara joatea.