39 kasu baieztatu dira bailaran; horietatik hamazazpi, Oñatin

Uxue Igarza 2021ko api. 8a, 12:38

Aurreko egunean baino bi gutxiago izan dira azken orduetan Debagoienean hautemandako positiboak, eta Oñatik batu ditu gehien. Hamazazpi izan dira Oñatin zenbatutakoak, bederatzi Arrasatekoak, zazpi Aretxabaletakoak, lau Bergarakoak eta bana atzeman dira Antzuolan eta Eskoriatzan.

Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus webguneko azken datuak atalean.

1.000 kasu baino gehiago, Oñatin

Atzo hautemandako hamazazpi positiboekin, Oñatik 1.000 kasuen langa gainditu du; beste modu batera esanda, 1.007 dira iazko martxotik hona kutsatu diren oñatiarrak.

Hurrengo taulan daude herri bakoitzean pandemia hasi zenetik erregistratutako kasuak (positibo metatuak), 1.000 biztanletik zenbat kutsatu diren eta bailarako kasuak nola banatu diren herrien artean (%):

Herria Positibo metatuak 1.000 biztanleko Bailarako ehunekoa
Arrasate 2.673 121,05 % 43,9
Bergara 1.375 91,45 % 21,7
Oñati 1.007 87,81 % 13,9
Aretxabaleta 626 88,42 % 9,7
Eskoriatza 308 75,07 % 4,7
Antzuola 207 95,00 % 3,1
Aramaio 138 93,24 % 1,8
Elgeta 51 45,09 % 1,1
Leintz Gatzaga 8 32,00 % 0,1
GUZTIRA 6.393 98,27 %100

Eta intzidentziei erreparatuta, mapa ez da aldatu, baina gora egin dute tasek (Bergaran izan ezik). Oñatik izan du igoera nabarmenena eta 100.000 biztanleko 600 positiboen langa gainditu du azken hamalau egunetan: 688,87ko tasa erregistratu zuen atzo.

Mapan daude herri guztietako datu eguneratuak:

>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.

Heriotza bat Arrasaten

Osasun Sailak azken asteko buletin epidemiologikoa argitaratu du gaur, eta datuen arabera, martxoaren 29tik apirilaren 4ra, pertsona bat zendu da Arrasaten. Hala dagoeneko, 79 dira gaitzaren ondorioz hil diren arrasatearrak. Bailarara joanda, guztira, 158 debagoiendar zendu dira.

Erkidegoko datuari erreparatuta, 26 pertsona hil dira azken astean, eta guztira iazko martxotik hona 4.049 dira erkidegoan zendutakoak. Nafarroan, aldiz, 1.129. Hortaz, 5.178 dira Hego Euskal Herrian COVID-19aren ondorioz hildakoak.

Kolore aldaketak lurraldeetan

412,52ko intzidentzia-tasa du Gipuzkoak, eta hortaz, eremu gorrira igaro da. Eta Araba, aldiz, gorritik laranjara igaro da azken orduetan, 398,84ko tasa erregistratu ostean. Dena den, lurraldeko itxiera perimetralak indarrean jarraituko du astelehenetako ebazpenek kontrakoa esan arte.

Osasun Sailak argitaratutako grafikoan, lurraldeetako intzidentzia-tasen bilakaera erakusten da, uztailaren 6tik atzora arte.

Hego Euskal Herriko positibo berriei dagokienez, 13.449 proba egin zituzten atzo eta %7,1ek eman zuen emaitza positiboa EAEn eta %9,1ek Nafarroan; 1.010ek, algia. 373 izan ziren Bizkaian baieztatutako kasuak, 296 Gipuzkoakoak, 222 Nafarroakoak 113 Arabakoak eta sei bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean atzemandakoak.

Bestetik, EAEko oinarrizko birsorkuntza datuak gora egin du beste egun batez: 1,10ekoa erregistratu zen atzo. Beheko irudian ageri da R0 adierazleak azken urtean izan duen bilakaera:

Ospitaleetan berriz, 65 lagun ingresatu zituzten atzo Euskal Autonomia Erkidegoan, eta ospitaleratuta daudenen zenbatekoa berdin mantendu da (469). Dena den, egoera okertu egin dela esan daiteke, izan ere plantan hiru gutxiago badaude ere, hiru gehiago dira ZIUn daudenak (103). Nafarroan, bestalde, hamahiru lagun ospitaleratu zituzten eta 182 dira guztira erietxeetan daudenak; horietatik 29 daude ZIUn.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak