Osasun Sailak jakitera eman du 100.000tik gora pertsonak jaso dutela txertoaren bigarren dosia

Imanol Beloki Unamuno 2021ko mar. 30a, 17:04

Txertoa hartzen.

Gotzone Sagardui Osasun Sailburuak, Gobernu kontseiluaren osteko prentsaurrean adierazi du, Osakidetzak argi utzi duela, beste behin, lanerako duen gaitasuna: "Joan den astean 90.000 dosi txertatuta, 100 mila pertsonatik gora, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleriaren ia %5, inmunizatuta daude, hau da,  COVID-19ren aurkako txertoaren bi dosiak jaso dituzte". Hori lortzeko egindako esfortzua goraipatu du Osasun sailburuak.  

80, 90 eta 100 urtetik gorakoei lehenengo eta bigarren dosia ematen jarraituko du Osakidetzak aste honetan; aldi berean, kolektibo profesionaletan falta diren 65 urterartekoei, eta, adin erizpidearekin, aurten 65 urte bete dutenei txertatuko zaie.

Hitzorduak emateko moduak

80 urtetik gorakoei, telefonoz ari da deitzen Osakidetza. Beraien etxeetatik gertu dauden osasun zentroetan edo bestelako guneetan txertatzen zaie. Lehen dosia jasotzen dutenean, bigarren dosiaren hitzordua ematen zaie. Etxetik irteteko gai ez direneei, berriz, beraien etxeetan ematen die txertoa Osakidetzak. Orain arte 9.948  pertsonek jaso dute txertoa etxean.

65 urtetik beherakoei, dagokienez, hitzordua emateko modu bikoitza erabiltzen du Osakidetzak. SMS bidez eskatuko zaie webgunean hitzordua eskatzeko, baina, edozein gorabehera gertatuta edo mezua bidaltzeko daturik ez balego, telefonoz deituko die Osakidetzak

Edozein kasutan, Osakidetza jarriko da pertsona bakoitzarekin hartu-emanetan, hitzordua emateko.

Txertaketa guneak

Debagoienean sei gune daude ezarrita koronabirusaren aurkako txertoa jartzeko: Debagoieneko ospitalean, batetik, eta Bergarako, Oñatiko, Arrasateko, Aretxabaletako eta Eskoriatzako Osasun etxeetan, bestetik.

Derbiaren baitan

Gotzone Sagardui Osasun Sailburuak nabarmendu du txertoa eraginkorra dela, baina, osasun neurriak betetzen jarraitu behar dutela herritarrek. "Txertoa tresna eraginkorra da birusa geldiarazteko, baina ez bakarra. Neurriak betetzen jarraitu behar dugu".

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak ekimen bat sustatu gura izan du, Athleticekin eta Realarekin elkarlanean, herritar guztiak kontzientziatzeko, batez ere zaleak, zapatuko partida "bihotzarekin bizi" dadin, baina "buruarekin joka" dadin; "Kopa hau etxean geratzen baita". Leloak esanahi bikoitza du eta biztanleriak pilaketak saihestea du helburu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak