Itxiera perimetrala ezarriko dute 400dik gorako intzidentzia duten eremuetan

Julen Iriondo 2021ko mar. 26a, 19:24

LABI politikoak arratsaldean egindako bileraren ostean iragarri ditu Iñigo Urkullu lehendakariak astelehenean indarrean sartuko diren neurriak. Une honetan, Debagoienean ez dago udalerririk 400dik gorako intzidentzia metatuarekin, nahiz eta ez dabiltzan urruti Arrasate (348) eta Bergara (345). Bestalde, ostalaritza establezimenduen barruko ordutegia murriztea ere erabaki du LABIk –400dik gora dauden udalerrietan–: 06:30etik 09:30era eta 13:00etatik 16:30era ireki ahal izango dituzte barrualdeak. Datozen jaiegunak kontuan hartuta, gaurko eguna baino lehen ostaturen baten erreserba egina zutenek joan ahal izango dute bertara, intzidentziaren zenbatekoak aintzat hartu gabe, apirilaren 1a eta 11 artean.

Hori bai, beste behin, intzidentzia altuko udalerrien kasuan, mugikortasuna eta elkarreragin soziala saihestea aholkatzen dela ekarri du gogora lehendakariak.

Gaur egungo intzidentzia tasei dagokienez, 348 eta 345 dira Arrasate eta Bergararenak, hurrenez hurren; 275 da Antzuolarena, eta 156 Oñatirena. 100etik behera daude Debagoieneko gainerako herriak. Gipuzkoari dagokionez, 229koa da; Arabarena, 322; eta Bizkaiarena, 243: lurralde historikoak ere itxi egingo lituzkete perimetralki 400eko intzidentzia gaindituz gero.

Neurriekin jarraituz, 400eko intzidentzia metatua gainditzen duten udalerrietako bizilagunek aldameneko herrira joateko aukera izango dute, soilik erosketak egitera eta aire librean ariketa fisikoa egitera; kirolari dagokionez, espazio itxietan ezingo dira lau lagun baino gehiago elkartu, kirolari federatu eta profesionalen entrenamendu eta konpetizioetan izan ezik. Aldagelak eta dutxak ezingo dira erabili, igerilekuetan salbu: %35eko edukierarekin eta dutxak banaka erabiltzeko baldintzapean.

400eko intzidentzia gainditzen duten udalerrientzat adostutako neurriez gain, gaurtik apirilaren 9ra eremu pribatuetan bizikideak baino ezingo direla elkartu erabaki du LABIk.

Lehendakariak iragarri du astelehenetan berrikusiko dutela udalerrien intzidentzia tasa, eta datu horien araberako neurriak aplikatuko direla hurrengo astebetean. Aste Santua dela-eta, apirileko lehen berrikuspena apirilaren 7an, eguaztena, sartuko da indarrean.

Urkullu lehendakariak adierazi du datuen joera aldaketak, ospitaleetako egoerak eta aurreikuspenak –ZIU oheen okupazio altua, lurzoru altuagotik abiatu izana eta goranzko bilakaera aurreikuspena– eta aldaera britainiarraren eraginak ekarri dutela neurrien zorroztea. Kazetarien galderei erantzunez, azaldu du oraingoa ez dela duela gutxi hartutako neurri arinagoetan "atzera egitea", uneoro ari dela Jaurlaritza "datuen arabera jokatzen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak