Azken egunetan datuek okerrera egin dute EAEn, eta ospitalizazioek eta ZIUetako okupazioak kezkatzen dute Basaras.
Nola dago egoera?
Azken asteetan positibo kasuak gora ari dira egiten, eta horrek kezka sortzen du. Ospitalizazio eta ZIUetako okupazio maila igotzen ari da, eta datuak dira Gabonetan geneuzkan parekoak. Esango nuke udazkenean hasi zen bigarren olatu hura ez dela amaitu; uhin epidemiologiko ezberdinak izan ditu.
Birusaren zein aldaera dago gure artean?
Aldaera britaniarra ari da nagusitzen: lau kutsatutatik hiruk dute. Eta aldaera hori besteak baino kutsakorragoa da; baina ez dakigu hilgarriagoa ote den. Jende gazteagoa lehen ere kutsatzen zen, baina orain ikusten duguna da gehiago iristen direla ospitaleetara eta baita ZIUetara ere; alegia, ospitalizazioa aldatzen ari da.
Aldaketarik ezean, Aste Santuan EAE barruan mugitu ahalko da...
Mugimendua izan daiteke arazo bat, baina garrantzitsuena da nola mugitzen garen. Mendira edo hondartzara joatea ondo dago; pilaketak dira saihestu beharrekoak, eta baita leku itxiak eta gaizki aireztatuak ere.
AstraZenecaren txertaketari ekin diote berriro, etenaren ostean...
Segurua eta eraginkorra da, guztiz. Arazoak daudenean aztertu egiten dira, baina ez hori bakarrik; une oro egiten zaie txertoei jarraipena. Garrantzitsuena zera da: ematen duten onurak arriskuak baino askoz gehiago direla. Beraz, lasaitasun mezua zabaldu behar dugu. Adin tartea ere 55 urtetik 65era zabaldu da, tarte horretan ere eraginkorra dela frogatu delako.
Txertoak udara begira jarri ditu zenbait...
Uda lasaia izateko behar dugu txertaketa-plana aurrera joatea eta jende askoz gehiago txertatuta egotea, eta hori une honetan ez da betetzen. Biztanleriaren %70 edo %80tik gora txertatuta egongo balitz, lasaitasunari buruz hitz egin genezake, baina une honetan ezin dugu.
Ziurtagiri Digital Berdea izeneko agiria ezarri gura dute, bidaiatzeko...
Europako Batasunak ezarri gura du, bermatzeko agiria duen pertsona segurua dela: txertatuta dagoela, PCR negatiboa duela edo antigorputzak dituela. Arazoa da txertoa jartzeak ez duela esan nahi guztiz babestuta zaudenik, eta ez dakigu beste norbait kutsatu ote dezakeen –aztertzeke dago hori–. Immunizazioak zenbat irauten duen ere ez dakigu. Beraz, ziurtagiriak segurtasun faltsua eskaini dezake.