Lau egunetan 34 positibo erregistratu ditu eskualdeak; horietatik erdiak baino gehiago Arrasaten. Halere, nabarmentzekoa da lau udalerritan bakarrik banatu direla kasuak (Antzuola, Aretxabaleta, Arrasate eta Bergara), eta bestetik, eguenean lau bakarrik izan zirela guztira atzemandako positiboak.
HERRIA | EGUENA | EGUBAKOITZA | ZAPATUA | DOMEKA | GUZTIRA |
Arrasate | 3 | 4 | 7 | 7 | 21 |
Bergara | 0 | 4 | 4 | 1 | 9 |
Aretxabaleta | 0 | 1 | 1 | 1 | 3 |
Antzuola | 1 | 0 | 0 | 0 | 1 |
Aramaio | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 |
Elgeta | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 |
Eskoriatza | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 |
Leintz Gatzaga | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 |
Oñati | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 |
GUZTIRA | 4 | 9 | 12 | 9 | 34 |
Debagoieneko mapa, horiagoa
Sarreran aurreratu bezala, hamalau eguneko intzidentzia metatuek behera egin dute bailaran; jaitsi egin dira Aretxabaletan, Arrasaten, Bergaran, Eskoriatzan eta Oñatin eta berdin mantendu dira gainerakoetan. Gainera, azpimarratzekoa da kolore aldaketa izan dela Aretxabaleta eta Arrasateren kasuan; biak gune laranjatik horira igaro dira, 300etik beherako tasa erregistratu ostean.
Tasa altuena duen herria –500eko langa gainditzen duen bakarra– Antzuola da (550,71) eta atzetik du Bergara (312,58). Baina Bergara ere gertu dago kolore horia hartzetik.
Herri guztietako datuak daude mapa honetan:
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.
Hego Euskal Herriko joera, bestelakoa
Bailaran egoerak hobera egiten duen bitartean, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako adierazleek ez dituzte emaitza onak ematen. Positibotasun-tasak gora egin du asteburuan, eta atzo %5,3koa izan zen EAEn eta %5,7koa Nafarroan; hau da, 7.306 proba diagnostiko egin zituzten eta 395 positibo berri hauteman zituzten: 166 Bizkaian, 104 Gipuzkoan, 66 Nafarroan 58 Araban eta bat bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean.
Oinarrizko birsorkuntza datuari dagokionez ere, EAEn 1etik gorakoa izaten jarraitzen du, eta aurreko astean behera egiten hasi bazen ere, atzo gora egin zuen (1,05ekoa erregistratu zen). Hala, datuak errepasatuta, ondoriozta daiteke martxoaren 13tik hasita, pandemia etengabe hedatzen aritu dela erkidegoan.
Ospitaleetan, berriz, ZIUetako presioa berdintsu mantendu da azken lau egunetan, baina plantan daudenen zenbatekoak gora egin du. Atzo 31 pertsona ingresatu zituzten EAEn, eta azken datuen arabera, guztira 318 daude ospitaleratuta; horietatik 90, ZIUn. Nolanahi ere, aurreko asteetako datuekin alderatuta, ospitaleetako egoerak hobera egin duela esan daiteke. Nafarroan aldiz, bederatzi lagun ingresatu dituzte eta 86 daude orotara; eta horietatik hemeretzi, ZIUn.