Hamabi positibo bailaran, eta Aretxabaleta, gune laranjan

Uxue Igarza Loiola 2021ko mar. 17a, 12:41

Azken orduetan, lau kasu berri baieztatu dituzte Arrasaten, hiru Bergaran, bina Aretxabaletan eta Oñatin eta bat Antzuolan. Bestetik, Osasun Sailak asteko heriotzen berri eman du, eta Debagoienean lau lagun hil dira: bi arrasatear, aretxabaletar bat eta eskoriatzar bat.

Osasun Sailak asteko buletin epidemiologikoa argitaratu du gaur, eta azken zazpi egunetan emandako datuetan doikuntzak egin ditu (bailaran, Antzuolako positibo baten egon dira aldaketak). Gauzak horrela, honako hauek dira zenbateko eguneratuak:

Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus webguneko azken datuak atalean.

Aretxabaleta, gorritik laranjara

Intzidentzia-tasei erreparatuta, Aretxabaleta nabarmendu behar da gaur. Martxoaren 4tik 500etik gorako intzidentziak erregistratu ostean, atzo 451,98koa izan zuen; hala, gorri izatetik laranja izatera igaro da –nahiz eta neurriei dagokienez, aldaketarik ez egon–.

Gainerako herrietan, behera egin dute tasek –Bergaran salbu– eta momentu honetan –atzo kasu berri bat erregistratu ostean–, Antzuola da 500etik gorako intzidentzia duen Debagoieneko herri bakarra (504,82).

Datu guztiak daude eguneratuta hurrengo mapan:

>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.

Lau heriotza bailaran

Eguaztenero bezala, Osasun Sailak martxoaren 8tik 14ra bitartean zendutakoen berri eman du asteko buletinean. Datuei erreparatuta, eskualdean lau heriotza berri erregistratu dira: hildako bi arrasatearrak dira, bat aretxabaletarra eta bestea eskoriatzarra.

Guztira, 157 debagoiendar dira azken urte honetan COVID-19aren ondorioz zendutakoak. Herriz herriko datuak goiko mapan daude.

Euskal Autonomia Erkidegoan, berriz, 29 dira azken zazpi egunetan hildakoak (aurreko astean baino hamaika gutxiago eta duela bi baino 22 gutxiago), eta gauzak horrela, iazko martxotik hona,  5.068 dira Hego Euskal Herrian zendutakoak.

Egoerak okerrera EAEn

Jonan Fernandez LABIko Batzorde Teknikoaren koordinatzaileak gaur azaldu duenez, "kezkagarria" da erkidegoaren bilakaera epidemiologikoa; zehazki, positiboen gorakadak eta ZIUetako egoerak arduratzen dute Fernandez. "Bilakaera bereziki negatiboa izango balitz, ez dugu baztertzen neurri gehiago hartzea", gaineratu du Aste Santuari erreferentzia eginez.

Bestetik, R0 adierazleari dagokionez ere, okerrera egiten jarraitzen du; 1,13koa izan zen atzo erregistratutako oinarrizko birsorkuntza datua (herenegun 1,11koa izan zen). Hala, ondoriozta daiteke atzoko egunez ere pandemiak hedatzen jarraitu zuela EAEn.

%4,5eko positibotasuna Hego Euskal Herrian

Datuetara etorrita, atzo 11.105 PCR eta antigeno proba egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta %4,5ek eman zuen emaitza positiboa: 502 pertsonak. Lurraldeka, 205 kasu baieztatu zituzten Bizkaian, 118 Gipuzkoan, 100 Nafarroan, 69 Araban eta hamar bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean.

Ospitaleei erreparatuta, EAEn, Zainketa Intentsiboetako Unitatean ingresatuta daudenak 100etik gora dira berriz; zehazki, aurreko egunean baino hiru gehiago dira ZIUn ospitaleratuta daudenak (guztira 101 daude). Bestetik, plantan daudenen zenbatekoak behera egin du (bi gutxiago daude), baina egoera orokorrak okerrera egin du: guztira 323 lagun daude EAEko ospitaleetan (herenegun baino bat gehiago). Nafarroan, berriz, zortzi pertsona ingresatu zituzten atzo, eta orotara, 73 daude ospitaleratuta; hamabost, ZIUn.

254.781 dosi jarri dira EAEn

Txertaketa-kanpainaren datuak ere eman ditu gaur Osasun Sailak. Guztira 254.781 dosi jarri dira eta 69.482 dira bi dosiak jaso dituzten herritarrak. Erkidegoan jarri diren markei dagokienez, 189.924 dira Pfizerren txertoak, 11.747 Modernarenak eta 53.110 AstraZenecarenak.

Taldeak 1. dosia 2. dosia
Zentro sozio-sanitarioetako egoiliar eta profesionalak % 100 % 93,3
Osakidetzako profesionalak % 92,9 %74,4
Osasun zentro pribatuen eta garraio sanitarioaren alorra % 76,9 % 2,8
Ertzaintza % 100 % 0,6
Beste zerbitzu sozio-sanitario batzuetako profesional eta erabiltzaileak % 93,4 % 0,1
Unibertsitatez kanpoko hezkuntzaarlokoak % 65,7 % 0,0

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak