Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus webguneko azken datuak atalean.
Aste honetako zenbateko handiena erregistratu du bailarak positibo berriei dagokienez, eta horrek eragin zuzena izan du intzidentzia-tasetan. Bergaran atzeman dira kasu gehienak, eta azpimarratzekoa da otsailaren 22tik hauteman den zenbateko handiena dela atzokoa; halere, oraindik kolore horia mantentzen du, 259,38ko tasarekin.
Positibo berriak baieztatu diren gainerako herrietan ere gora egin dute intzidentziek –Arrasaten eta Eskoriatzan salbu–. Antzuolak, adibidez, berriz gainditu du 1.000ren langa eta Aretxabaletan herenegun beherakada txikia egon bazen ere, tasa berriz kokatu da 600en gainetik; hala, kolore gorriarekin jarraitzen du.
Beheko mapan daude datu guztiak, eguneratuta:
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.
Oinarrizko birsorkuntza, 1ekoa
Azken egunetan oinarrizko birsorkuntza datua gora egiten ari da Euskal Autonomia Erkidegoan, eta atzo 1era iritsi zen. Tasa horrek kutsatuta dagoen pertsona batek batez beste zenbat lagun kutsa ditzakeen adierazten du, eta 1etik gorakoa bada pandemia hedatzen ari dela ondorioztatzen da. Hala, atzoko egunez, kutsatutako pertsona batek, batez beste, beste bat kutsatu zuen erkidegoan. Eta datua okerragoa da Gipuzkoan, izan ere 1,12koa erregistratu zen zehazki.
Beheko taula Osasun Sailak argitaratu du, eta bertan ikusten da birsorkuntza edo R0 datuak lurraldez lurralde izandako bilakaera:
Positibotasuna %5etik gora
Bestetik, atzo 7.291 PCR eta antigeno proba egin ziren EAEn, eta %5,2k eman zuen emaitza positiboa; guztira, 380 pertsonak. Kasu gehienak Bizkaian hauteman ziren (196), ondoren Gipuzkoan (138) eta gutxien Araban (44). Bestalde, bi izan ziren erkidegotik kanpo erroldatutakoen artean atzemandakoak.
100 lagun baino gutxiago ZIUn
Ospitaleetan, berriz, 41 pertsona ingresatu zituzten, eta ZIUetako ospitaleratzeek behera egin duten arren (bost gutxiago daude), bi lagun gehiago daude plantan. Orotara, 325 pertsona daude ospitaleratuta EAEn eta horietatik 95 daude ZIUn. Nabarmentzekoa da urtarrilaren 19tik ez dela ZIUko datua 100etik behera egon.
Nafarroako datuak, batzeke
Nafarroako Gobernuak behin betiko datuak argitaratutakoan osatuko da albistea.