Debagoiena da Gipuzkoan hilkortasun handiena duen eskualdea

Jone Olabarria 2021ko mar. 13a, 15:05

Martxoaren 10era arteko datuekin egindako mapa.

COVID-19ak Debagoienean kutsatu dituen ehun pertsonako, 2,6 zendu dira bailaran. Gipuzkoako daturik altuena da, eskualdeka aztertuz gero. Datu altu horien zergatia ulertzeko asmotan, Miren Basaras mikrobiologoak zenbait gako eskaini ditu.

Duela urtebete pandemiak eztanda egin zuenetik, 5.946 pertsona kutsatu ditu COVID-19ak Debagoienean, martxoaren 11ra arteko datuak kontuan izanda. Horietatik 153 zendu dira gaitzak eraginda; hau da, kutsatu diren ehun laguneko, batez beste, 2,6 hil dira bailaran. Gaur-gaurkoz, Debagoienak 64.809 pertsonako biztanleria du, eta, positibo eman duten pertsonen datuari erreparatuta, %9,1ekoa da batez besteko positibotasun tasa metatua.

Azarokoa izan zen bereziki kutsakorra Debagoienean; orain arte kutsatu diren ia 6.000 lagunetatik 2.000 urriaren 31tik abenduaren 8ra arteko tarte hartan kutsatu ziren.

Gipuzkoako altuena

Gipuzkoako bailaren artean konparaketa eginez gero, Deba-goienak du positiboekiko hilkortasun tasarik altuena, %2,5ekoa da; kutsatutako 100 laguneko 2,5 hil dira. Goierri eta Donostialdea dira Debagoienaren atzetik hilkortasun tasa altuena dutenak, %2,3koa, hain zuzen ere. Ostean datoz Debabarrena, %2,1eko tasarekin, Tolosaldea, %1,6rekin, eta Bidasoaldea, %1,4rekin.

Urola Kosta da zifra baxuena duena hilkortasun tasari dagokionez; hau da, kutsatu direnen artean hildako gutxien izan di-tuen eskualdea. Bertan kutsatu diren ehun pertsonako 1,2 zendu dira, batez beste. Gipuzkoako datu orokorrei erreparatuta ere, positiboekiko hilkortasun tasa altuagoa izaten jarraitzen du Debagoienak. Gipuzkoan 49.112 pertsona kutsatu dira, guztira, eta horietatik 1.077 hil dira, %2,2.

Datuok eskaintzen duten in-formazioa interpretatu eta, "zaila bada ere", ondorio jakin batzuk eskaintze aldera, Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Saileko irakasle eta mikrobiologo Miren Basa-rasek hipotesi posible batzuk eskaini ditu.

Gehien kutsatu den bailara

Datuok irakurtzeko orduan, beharrezkoa da metaturiko positibotasun tasari ere erreparatzea; hau da, pandemia hasi zenetik biztanleriaren zer zati kutsatu duen COVID-19ak ikus-tea. Ikuspuntu horretatik aztertuta ere, Debagoienak du positibotasun tasa metatu altuena Gipuzkoan, %9,1. Hala ere, gertutik jarraitzen dio Debabarrenak, %9,08ko kutsatze tasarekin.

Hilkortasuna eta positibotasuna alderatuz gero, baina, badago datu adierazgarri bat: Donostialdean biztanleriaren %6,8 kutsatu da pandemian zehar, eta kutsatu diren horien %2,3 hil da. Aldiz, Debagoienean kutsatzeei dagokienez pandemiak gogorrago jo duen arren –kutsatze tasa %9,1ekoa da–, hilkortasun tasan ez da horren-besterako alderik nabarmentzen: %2,6. "Gehiago kutsatu zarete, baina heriotza tasarekin konparatuta baxuagoa izan da. Hilkortasun tasa altua duzue Debagoienean, baina egia da Donostialdean, gutxiago kutsatuta ere, pareko hilkortasun tasa dutela", azaldu du Miren Basarasek.

Adinekoak, "erabakigarriak"

Debagoienean hil diren 153 pertsonetatik 60 adinekoen egoitzetan zendu dira, hildako guztien %39 da. Debagoienean daude Gipuzkoa osoko 65 egoitzetako zazpi, eta guztietan izan dituzte COVID-19 kasu positiboak. Gipuzkoako gainerako egoitzen artean, %65ean izan dituzte kasu positiboak. Miren Basaras epidemiologoaren arabera, adina izan daiteke, gaur-gaurkoz, Debagoienak duen kutsatze eta heriotza tasen eragile nagusia: "Biztanleriaren adina, adinekoen egoitzen kopurua eta horietan bizi den egoera bereziki erabakigarriak dira. Adinekoen egoitzak oso kolpatuak izan ziren lehen ola-tuetan, agerraldi epidemiko handiak eta kutsatze tasa altuak izan zituzten, eta horrek eragin dezake. Bailaren arteko ezberdintasuna zaharren egoitzen kopuruari eta egoiliarren kopuruari ere atxiki dakioke".

Biztanleria zaharkitua?

Hala ere, adinen egoitzetatik kanpo zendu diren herritarren nolakotasunari ere erreparatu behar zaiola azaldu du Basarasek: "Adinekoen egoitzetan soilik ez, ikusi da orain arte, behintzat, hiltzen zen populazioaren gehiengoa 65 urtetik gorakoa dela, ez bakarrik zaharren egoitzetakoak. Hortaz, biztanleriaren nolakotasunari erreparatu behar zaio; biztanleria zaharkituagoa du Debagoienak bestelako eskualdeekin alderatuz gero? Au-kera bat izan daiteke".

Galdera horri tiraka, eta Eustatek eskaintzen dituen datuen arabera, 2020an Debagoieneko biztanleriaren %23,62k zuen 65 urte edo gehiago, 14.954 lagunek. Nahiz eta oraingoan ere bailarako datua probintziako batez bestekoaren gainetik dagoen, Gipuzkoa osoko datua parekoa da; gipuzkoarren %22,5 kokatzen da adin tarte horretan. EAEko datua, berriz, %22,8koa da.

Egoitzen egoerak, isla herrietan

Gipuzkoako Foru Aldunditik helarazitako datuen arabera, bailarako bost egoitzetan izan dituzte koronabirusagatik hildakoak iazko martxotik hona. Eskoriatzako Jose Arana, Oñatiko San Martin, Bergarako Mizpirualde, Arrasateko Iturbide eta Aretxabaletako GSR Debagoiena dira. Guztira, 545 plaza daude Debagoieneko egoitzetan, eta horietatik 269 egoiliar kutsatu dira. Heriotza tasa metatua kutsatuekiko %22,3an kokatzen da zentroetan; hau da, egoitzetan kutsatu diren 100 egoiliarretik 22,3 zendu dira.

Jose Aranan egoiliar bat hil da pandemian zehar, baita San Martinen ere, baina Iturbide, Mizpiruade eta GSR Debagoiena egoitzak bereziki kolpatu ditu birusak; 26, zortzi eta 24 hildako izan dituzte, hurrenez hurren. Datuok, "zalantza barik", herriz herriko hilkortasunean eragina izan dutela azaldu du Basarasek: "Debagoienean hil diren pertsonen ia erdia egoiliarrak izan dira, kopuru altua da, eta horrek eragina du egoitza horiek dauden herrietako datuetan". Basarasen hipotesiari jarraiki, egoitzetan kasu positibo eta hildako gehien izan dituzten herriek dute ere hilkortasun tasarik altuena: Arrasate, Aretxabaleta eta Bergara. Hala ere, egoitzen egoera "oso zaila" izan dela aitortu du Basarasek, eta egindako lanak azken hilabeteotako hilkortasuna jaistea eragin duela zehaztu du: "Babes neurri sendoak hartu dituzte egoitzetan, adinekoak beraiek ere kontzientzia berezi hartu dute, eta horrek eragina izan du".

Arrasate, kaltetuena

Aipatu moduan, bailarako herrietan koronabirusak utzi dituen hildakoei dagokienez, Arrasatek du kopururik altuena, 76 hildakorekin. Gipuzkoako eta Debagoieneko batez besteko datutik gora dago. Hala, bertan kutsatu diren ehun pertsonatik hiru zendu dira. Gogoratu behar da kutsatuekiko hilkortasun tasak positibo eman duten pertsonen artean zenbat zendu diren jakitea ahalbidetzen duela.

Aretxabaleta eta Bergara dira hurrenak zerrendan, 17 lagun hil dira Aretxabaletan eta 37 Bergaran, guztira. Hala ere, kontuan izan behar da Bergarak bikoiztu egiten duela Aretxabaleta biztanleriarekiko, eta tasari dagokionez nahiko datu bertsua dute; kutsatuen %2,96 hil da Aretxabaletan eta %2,91 Bergaran.

Hilkortasun tasari erreparatuta ere, Eskoriatza eta Elgeta nahiko egoera berean izan dira pandemian; Eskoriatzan sei pertsona hil dira, eta bat Elgetan. Bi herriek, baina, antzerako tasa dute: %1,96 Elgetan eta %2,04 Eskoriatzan. Oñati, Aramaio eta Antzuola dira azkenak zerrendan. Oñatin hamalau lagun zendu dira, bat Antzuolan eta bat Aramaion. Kutsatu diren ehun pertsonako 1,5 hil dira Oñatin, 0,52 Antzuolan eta 0,73 Aramaion. Leintz Gatzaga da pandemia hasi zenetik COVID-19ak kutsa-tutako hildakorik izan ez duen bailarako herri bakarra.

Ezberdintasunak, nabarmenak

Debagoieneko herriak Gipuzkoako beste bailara batzuetako udalerriekin alderatuz gero, ezberdintasun nabarmenak ikus daitezke. Adierazgarria da, esaterako, Bergararen eta Azpei-tiaren arteko konparaketa; 15.100 biztanle inguru dituzte biek. Azpeitiak 1.549 kutsatu izan ditu; Bergarak, aldiz, 1.273. Azken horrek, kutsatu gutxiago izanda ere, Azpeitiak baino 30 hildako gutxiago izan ditu. Zazpi lagun zendu dira Azpeitian, eta 37 Bergaran.

Beste adibide bat jartze aldera, konparaketa bera egin daiteke Urretxu eta Aretxabaletarekin ere; 7.000 biztanle inguru dituzte biek: Urretxun 409 lagun kutsatu dira, eta 574 Aretxabaletan. Hildakoei dagokienez, aldiz, handia da aldea: Urretxun baino hamar pertsona gehiago hil dira Aretxabaletan. Urretxuk zazpi hildako izan ditu pandemian, eta hamazazpi Aretxabaletak.

Etorkizunerako itxaropentsu

Adinekoen egoitzen immunizazioarekin, birusaren hilkortasunak behera egitea espero dutela azaldu du Basarasek: "Adina bereziki erabakigarria izan dela uste dut. Egoiliarrek eta adinekoek txertoa jarrita dutela kontuan izanda, orain beste egoera batean gaude, pertsona horiek jada immunizatuta daudelako. Hemendik aurrera espero dena da hilkortasun tasa hori jaistea".

Hala ere, birusak gazteengan ere eragina duela ezin dela ahaz-tu gogorarazi nahi izan du Miren Basara mikrobiologoak, eta hilkorra ere badela: "Hirugarren olatutik hasi eta orain arte ikusten ari garena da gero eta pertsona gazteagoak kutsatzen direla, larri pasatzen dutela gaixotasuna, eta, zoritxarrez, hiltzen ere ari direla".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak