2000. urtean hasi zen Debagoieneko ESIn lan egiten, mediku, eta duela sei urtetik dabil osasun langileen interesak defendatzen. Uztailean izendatu zuten ESSko idazkari nagusi.
Espero zenuen COVID-19ak, gutxienez, urtebete irautea gure alboan?
Egia esateko, bai. Birus arrunta ez zela ikusi genuen hasiera-tik, kutsatzeko gaitasun handia zeukalako.
Jendea kontziente da kutsatzeko gaitasun horretaz?
Ez guztiz. Pertsona bakoitzak beste hiru pertsona kutsatu ditzake berehala; gripea baino askoz ere kutsakorragoa da, beraz. Pentsa, kasu bat atzematen ez bada, astebetean 200 kutsatze eragin ditzake.
Hala ere, orokorrean, gizartearen jarrera nolakoa izaten ari da?
Gizarte bezala birusarekin bizitzen ikasi dugu. Adibidez, orain, errazagoa da etxetik irten aurretik giltzak ahaztea musukoa ahaztea baino. Bestalde, osasun langileok ere prestatuago gaude orain, bai profesionalki eta baita baliabide aldetik ere.
Artatzeko orduan, zer ikasi duzue urtebetean?
Orain, badakigu ze zailtasun ematen dituen koronabirusak, eta nola tratatu zailtasunok. Esaterako, pneumoniak atzemateko orduan, lehen, zaila egiten zitzaigun erradiografia batean halakorik identifikatzea, ez delako beste pneumoniak bezalakoa; orain, ordea, ia berehala dakigu pazienteak COVID-19ak eragindako pneumonia daukan edo ez.
Beharbada, pandemiak balio izan du betidanik izan dituzuen gabeziak bistaratzeko, ezta?
Hori da. Beti salatu izan dugu Osakidetzan pertsonala falta dela. Krisi garaiotan salbuespenezko erantzuna eman diogu gabezia horri, MIR formakuntza amaitu gabe duten ikasleak kontratatu ditugulako lan ez-asistentzialak egiteko; hau da, aztarnari lanak egiteko edota telefonozko arreta zerbitzua emateko, baina inoiz ez pazienteekin aurrez aurre tratatzeko.
"ORAINDIK GOIZEGI DA TXERTOAREKIN KUTSATZEEK BEHERA EGINGO OTE DUTEN BAIEZTATZEKO"
Zeintzuk izan dira osasun langileek urtebetean gehien partekatu dituzuen kezkak?
Arazo handienak lehen asteetan gertatu ziren, musukoak eta halako baliabideak falta genituenean. Egun osoa ematen genuen maskara berarekin, eta horrek asko kezkatzen gintuen. Bestalde, orain greba egingo bagenu, zerbitzu minimoak eskainiko beharko genituzke, ezta? Ba, une honetan, teorikoki egoera normalean egonda, zerbitzu minimoak eskaintzen gabiltza: larrialdi zerbitzuetako eraikinean lau mediku gaude, eta sei egon beharko ginateke. Beste osasun zentroetan egoera berean daude.
Orain, aldarte hobea daukazue, behintzat.
Egia da. Aste Santu ostean nola egongo garen ez dakigun arren, orokorrean, hobeto gaude. Batzuetan, egun txarrak izaten ditugu, lan askokoak, baina ez da lehengo sentsazioa, ez baikenekien pazienteak non sartu: muturreko egoera zen. Asko oso grabe etortzen ziren, eta ez genekien zer egin.
Nola eragin dizue horrek pertsona bezala?
Oso nekagarria izan da, eta jarraitzen du izaten. Estres handia dugu, lan metaketagatik eta gauza berri bati aurre egin behar izan diogulako. Baina okerrena konponbidea zein izan litekeen ez jakitea izan da, oposizioekin gertatu den bezala. Azken urte honetan ireki dira deialdiak, baina oso murritzak izan dira, plaza gutxikoak.
"OSAKIDETZAK DEIALDI MASIBOAK DEITU BEHARKO LITUZKE, LANGILE GEHIAGO LORTZEKO"
Eta zer eragiten du horrek?
Prestatuta dagoen jendeak izenik ez ematea. Lanean hasi nahi dutenek euren espezialitatean egin nahi dute, ez dute onartzen gaur hemen, bihar hor eta etzi han egotea. Lanpostu aproposak nahi dituzte, eta horretarako plaza asko eskaini behar lituzke Osakidetzak; hau da, deialdi masiboa deitu. Osakidetzak ikerketa egin beharko luke, osasun langileen artean behar handiagoa non dagoen jakiteko.
LABIk mugikortasuna baimendu du EAEn. Ondo deritzozu?
Gu sistema sanitarioaren kolapsoa ekiditeko edozein neurriren alde gaude. Badirudi txertoak kutsatzeen beherakada ekarriko duela, baina hori oraindik ez dago frogatuta. Espero dut Aste Santuan ez edukitzea laugarren olaturik, ze orain arte joera hori nagusitu izan da: mugak irekitzeaz bat, positiboak hazi dira. Suposatzen dut LABIk zentzuz hartu duela erabaki hori; hala ere, ez da samurra zer gertatuko den jakitea.
Txertoa aipatu duzula, Osakidetzako langile guztiok jaso duzue?
Osakidetzako datuen arabera, ia-ia guztiok jaso dugu lehen dosia, eta erdiek bigarrena. Horrek ez du esan nahi adituen gomendioak jarraitzen ez ditugunik, ezta EPI trajea janzten ez dugunik ere, babes neurri guztiak erabiltzen jarraitzen baitugu. Baina beste lasaitasun batekin ari gara orain, badakigulako kutsatuz gero modu arinagoan pasako dugula gaitza.
Zer esan nahi zenioke gizarteari?
Itxaropena izateko, horixe esango nioke, orokorrean, gauzak ondo egiten gabiltzalako. Osasun egoera guztiz hobetzeko hilabete batzuk falta zaizkigun arren, txertoari esker eta jendearen kontzientziazioari esker udarako hobeto egongo garelakoan nago. Joan den udazkenean, adibidez, zailagoa egingo zatekeen halako mezu positiborik bidaltzea, eta hori pertsona baikorra naizela!
Eta oporrak, noizko?
Momentuz, ez zaigu tokatzen, baina, egoera hobetzen denean, eta ziur nago hobetuko dela, orduan bai, hartuko ditugu.