Pasa duten urte gogorraren ostean, etorkizunari "ilusioz eta itxaropentsu" begiratzeko aitzakiak dauzkate zaharren egoitzetako zuzendariek. Ezbairik gabe, COVID-19aren aurkako txertaketa kanpaina giltzarria izan da jarrera baikor hori barneratzeko. Duela hilabete inguru jaso zuten erresidentzietako erabiltzaileek eta langileek bigarren dosia, eta eraginak nabariak direla ez dute ezkutatzen; izan ere, 2021ean zehar positiborik ez dute atzeman koronabirusak gehien kopatu dituen Debagoieneko hiru egoitzetan: Bergarako Mizpirualden, Arrasateko Iturbiden eta Aretxabaletako GSRn "lasaiago" dabiltza orain, bertako zuzendarien hitzetan. Egunerokotasunari "umore alaiagoarekin" heltzen diote, duela hilabete batzuk ez bezala.
Alazne Irazabal, Mizpirualde:
"LASTER, PANDEMIA AURREKO ASMOEI HELDUKO DIEGU"
"LANGILEEK ONDO EZAGUTZEN DITUZTE EGOILIARRAK"
Olatuen bilakaera
Lehenengo eta bigarren olatuek eragin zituzten kalte handienak erresidentzia horietan; Iturbide egoitzarena izan zen kasurik deigarriena. Besteetan ez bezala, martxoa eta maiatza artean sartu zen indarrez COVID-19a bertan, eta egoiliarren artean baja ugari sorrarazi. Olatz Etxabe zuzendariak gogoratu du aste haietan "une latzak" bizi izan zituztela, baina maiatzetik aurrera "egoera kontrolatzen" ikasi zutela: "Garai hartatik hona, egoiliarrek bizitza arrunta egin dute erresidentzia barruan, ez baitira guztiz isolatuta egon, beste egoitza batzuetan gertatu den bezala". Erabiltzaileek kanpora irtetea galarazita bazuten ere, barruan euren bizi kalitatea "askorik aldatu ez zela" nabarmendu du Etxabek.
Uda ostean hedatu zen koronabirusa, aldiz, Bergarako eta Aretxabaletako egoitzetan. Mizpirualdeko zuzendari Alazne Irazabalek "lehen olatutik bigarrenera egon den aldea" nabarmendu nahi izan du: "Udaberrian ez geunden prest gaixotasunari aurre egiteko, ez baikenuen babes neurri eta informazio nahikorik. Udazkeneko agerraldian baliabide horien jabe ginen, eta, gainera, Foru Aldundiak Eibarren eta Ordizian egoiliarrak artatzeko errefortzuak jarri zituen; ondorioz, Bergaran bizi diren erabiltzaile batzuk herri horietara eraman genituen, birusaren kutsapena ekiditeko".
Marije Zabaleta, GSR:
"ADINEKOAK HOBETO MOLDATZEN DIRA ORAIN ELKARREKIN"
"DATUEK ERAKUSTEN DUTE EAE-N ZORROTZ ARI GARELA LANEAN"
Bereziki Aretxabaletako egoitzan abenduan gertatutako kutsatze masiboa izan du hizpide GSR kooperatibako zuzendari den Marije Zabaletak: "Oraindik ez dakigu zehazki zerk eragin zuen birusaren hedapen bizkor hura, adituek egindako ikuskaritza guztietan ondorioztatu baitute beharrezko baldintza guztiak betetzen genituela". Bajak egon zirela kontuan duen arren, gaixotasuna dozenaka egoiliarrek gainditu zutela mahaigaineratu du Zabaletak. Uste du jasotzen duten "zainketaren kalitatea" izan dela errekuperazio horien arrazoi nagusia: "Nagusientzako elikadura oso garrantzitsua da, eta guk bertako produktuekin eginiko jakiak ematen dizkiegu egunero". Bestalde, komunikatzeko erabiltzen duten lengoaia ere azpimarratu nahi izan du GSRko zuzendariak, eta Aretxabaletako egoitzara gerturatu izan den bakoitzean erabiltzaileek mezu positiboa transmititzen ziela aipatu: "Egoiliarrek beti aipatzen zidaten ez ziotela zomoRroari beldurrik, eurak indartsuagoak zirela, eta hori, hein batean, profesionalekin landu duten hizkera baikorraren ondorio izan da, mezu positiboen transmisioak zuzenean eragiten baitu adinekoaren mentalitatean". Animatzaileekin eginiko ariketek ere lagundu dute horretan, gainera.
Irakaspenak, "barra-barra"
Oso epe laburrean asko ikasi dutela aipatu dute hiru zuzendariek. Olatz Etxabek, esaterako, martxoa eta maiatza artean COVID-19aren inguruan "ia master bat" atera zutela dio, kontingentzia plana diseinatzeko "baliagarria" egin zitzaiena. Alazne Irazabalek, ostera, egoiliarrak talde txikietan egotearen garrantzia aipatu du: "Norberaren profilaren arabera, planta batean edo bestean daude egoiliarrak, eta, beste solairuetan daudenak aurrez aurre ikusten ez badituzte ere, karten edo Whatsappen bidez izaten dute elkarren berri". Marije Zabaletak uste du hartu dituzten babes-neurri batzuk finkatu egingo direla aurrerantzean: "Musuko gabe aritzea baimentzen duten egunean, guk gertuko jardueretarako erabiltzen jarraituko dugu, gripea eta gastroenteritisa ez kutsatzeko asko laguntzen dutelako".
Olatz Etxabe, Iturbide:
"EGOITZON ARTEAN ETENGABEKO HARREMANA DUGU"
"GIZARTE MAILAN ERE HOBEKUNTZAK ESPERO DITUGU"
Hirurak datoz bat erabiltzaileak orain pozik daudela adierazteko orduan. Isolatuta egotetik kanpora irtetera eta bisitak jasotzera pasa dira, eta bizitzari "jarrera baikorragoarekin" aurre egitea ahalbidetu du horrek. Egoitzetako langileek duela urtebete baino gehiago bizi zuten normalitatea berreskuratu nahi dute, nahiz eta pauso horiek poliki-poliki ematea komeni: "Familiek egoitzen eguneroko-tasunean parte hartzeko gogo handia daukagu, eta espero dugu berandu baino lehen gertatzea hori", dio Mizpirualdeko zuzendariak.
Txertoaren ikerketa
Egoera horretara iristeko, ordea, COVID-19aren aurkako txertoaren eragina eta immunitatea zehatz-mehatz jakitea beharrezkoa izango da. Olatz Etxabek aipatu du hilabete barru izango dituztela eskuetan datu berriak: "Dosiak hartzeko maiztasuna zein izango den finkatuko dute ikerketa epidemiologikoek; baliteke urtero hartu behar izatea txertoa, edo berriz ere gehiago hartu behar ez izatea. Mota horretako informazioa iristen zaigunean erabakiko dugu indarrean dauden neurriak malgutu ahal ditzakegun, baina oraindik goizegi da horretarako". Populazio osoa txertatzen denean ere egongo da normaltasun osoan pentsatzeko motiborik; ordura arte, pausoz pauso ibili behar.