Android-etan malwarea hedatzeko beste kanpaina bat zabaldu dela ohartarazi du Ertzaintzak

Imanol Beloki Unamuno 2021ko mar. 9a, 19:46

Android mugikorra. Argazkia: Unplash

Ertzaintzak telefono mugikorretara SMS masiboak igortzearekin erlazionatutako iruzur baten berri eman du. Android dispositiboetara zuzendutako banku-troiarrak paketeriako Fedex enpresaren identitatea hartzen du ustezko pakete bat iritsiko dela jakinarazten duen SMS baten bidez. Paketeari jarraipena egiteko aplikazio bat jaitsi behar dela adierazten dute, eta horixe izango litzakeela lehenengo alerta azpimarratu du Ertzaintzak.

Paketeari jarraipena egiteko aplikazio bat jaitsi behar dela adierazten duen SMSa iristean, "deskargaren helbidea ez dago Play Storeren biltegira zuzenduta, ez eta Fedex enpresaren webgune ofizialera ere, baizik eta enpresarekin zerikusirik ez duen domeinu batera", adierazi du Ertzaintzak. Gaineratuz, "biktima esteka horretan sartzen bada, ustezko aplikazioa (berez banku-troiar bat dena) jaisteko jarraibideak dituen orri bat agertuko da".  

Biltegi ofizial bat ez denez, Androideko segurtasun-sistemak hori instalatzearen arriskuez ohartaraziko du eta blokeatu egingo du. Hala ere, jarraibide batzuk ematen dira segurtasun-sistema hori desblokeatzeko. Horrela, adierazten du honako urratsak eman behar direla: ezarpenetara, aplikazio ezezagunak instalatzeko baimenera joan eta aukera hori aktibatu.

Telefono mugikorraren kontrol osoa

"Aplikazio hau, lehenik eta behin, kontrol-zentroarekin konektatzen da jarraibide berriak jaisteko eta dispositiboko kontaktuen zerrenda eta telefonoan instalatutako bankuko aplikazioak bidaltzeko. Informazio horrekin, delitugileek ukitutako bankuetako orrialde pertsonalizatuak bidaltzen dituzte. Biktima bere bankuko aplikazioa erabiltzen saiatzen denean, troiarrak orri faltsua erakusten dio eta bere baimenez jabetzen da. Aldi berean, mugikorrak SMSak bidaltzen dizkie telefonoan dauden kontaktu guztiei biktimak erakartzen jarraitzeko. Hauteman da 1.000 SMS baino gehiago ere bidali izan direla, eta, gainera, telefono-konpainiak, zerbitzu hori doakoa ez bada, fakturatu egingo ditu".

Honen aurreran, biktimak aplikazioaz jabetzen direnean, ezin izaten dutela erraz desinstalatu adierazi dute Ertzaintzatik, eta zenbait kasutan dispositiboa fabrikako balioetara itzuli behar dela adierazi dute.

Biktima ez izateko, hainbat gomendio

  1. Ez jarraitu iristen zaizkigun linkak.
  2. Sartu aurretik, egiaztatu urls helbideak. Domeinua behar bezala erregistratuta izan behar dute.
  3. Ez jaitsi biltegi ofizialetan ez dagoen aplikaziorik.
  4. Baimendu aurretik, aztertu aplikazioen baimenak. Pentsatu ea beharrezkoa den joko batek deiak jasotzeko edo bidaltzeko, grabazioak egiteko edo galerian sartzeko baimenak izatea. Gehiegizko baimen horiek aditzera ematen dute aplikazioak ez duela adierazten duena bakarrik egiten, baizik eta, horrez gainera, informazioa biltzeko ezkutuko prozesuak ere izango dituela.
  5. Dispositiboa kutsatu bada, telefono-konpainiara deitu SMSak desaktiba ditzan, era horretara horiek hedatzea eta fakturatzea eragozteko.
  6. Troiarra ezin bada desinstalatu, dispositiboa fabrikako balioetara itzuli.
  7. Datuak kutsatu aurreko segurtasun-kopia batetik instalatu berriz. Gomendagarria da segurtasun-kopiak aktibatuta izatea, hondamenen bat gertatzen bada daturik garrantzitsuenak lehenera daitezen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak