Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus webguneko azken datuak atalean.
Intzidentzia-tasei erreparatuta, Bergara da gaur azpimarratu beharrekoa: 312,58eko zenbatekoa erregistratu ostean, gune laranjatik horira igaro da. Eta tasak behera egin duen bailarako beste herria Oñati da, baina gorri jarraitzen du oraindik eta moteldu egin da intzidentziaren jaitsiera: atzo, 741,19koa zen.
Gainerako aldaketak okerrerako izan dira eskualdean. Azken orduetan hautemandako positibo gehienak Arrasaten izan dira, eta horrekin batera, gora egin du bertako intzidentzia-tasak, 400eko zenbatekora gerturatuz; dena den, oraindik gune laranjan dago. Eta Aretxabaletan eta Eskoriatzan ere zifrek gora egin dute. Aretxabaleta gune gorrira sartu zen herenegungo datuekin eta atzo hautemandako hiru positiboek okertu egin dute egoera. Eskoriatzan berriz, bost izan dira azken positiboak eta 500eko langa gainditu du tasak (zehazki, 584,94koa izan da zenbatekoa).
Euskal Autonomia Erkidegoko intzidentziari erreparatuta, muturreko arrisku-mailaren mugatik behera kokatu da gaur, baina bailarako joerak kontrara egiten jarraitzen du.
Beheko mapan daude herri bakoitzeko datu eguneratuak:
Herenegungo datuekin osatutako grafikoa da behekoa, baina garbi ikusten da zein den lurraldeen joera, bailarakoarekin alderatuta.
EAE, muturreko arrisku-mailatik behera
Herenegungoek ez (goiko grafikokoak), baina atzoko intzidentzia-datuek muturreko arrisku-mailaren mugatik behera kokatu dute Euskal Autonomia Erkidegoa; Bizkaiak 248,55eko tasa erregistratu du, Arabak 246,21ekoa eta Gipuzkoak 170,45ekoa. Baina intzidentziak jaitsi diren arren, oinarrizko birsorkuntza datuak –pertsona batek batez beste zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten duen tasak– gora egin du: 0,88tik 0,89ra.
Positiboei dagokienez, 7.164 proba egin ostean, 323 kasu atzeman dituzte (%4,5) eta lurraldeka horrela banatu dira: 163 Bizkaian, 88 Gipuzkoan, 67 Araban eta bost bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean.
Ospitaleetan, tentsioa beste apur bat leundu da: zortzi pertsona gutxiago daude ingresatuta –sei gutxiago ZIUn–, baina 56 lagun ospitaleratu zituzten atzo. Datu orokorrei erreparatuta, 378 pertsona daude ingresatuta: 260 plantan eta 118 ZIUn.
Nafarroako datuak, batzeke
Nafarroako Gobernuak behin betiko datuak emandakoan osatuko da albistea.