Zer gertatzen da txertoaren lehenengo dosia jaso ondoren kutsatzen banaiz?

Uxue Igarza Loiola 2021ko mar. 5a, 12:00

Txertaketa-kanpaina aurrera doa, eta hainbat zalantza eta kezka sortu dira txertoen eta horien efektuen inguruan. Horiek argitze aldera, Espainiako Gobernuak ohiko galderen erantzunak argitaratu ditu, besteak beste, Estatuko txertaketa-plana oinarri hartuta.

Zeintzuk dira txertoek sor ditzaketen kontrako erreakzioak?

Sendagai guztiek, txertoak barne, kontrako erreakzio arinak eragin ditzakete; hala nola, sukarra, injekzio-lekuko mina, etab., edo, gutxiagotan, larriagoak diren beste batzuk, adibidez, entzefalitisa, baskulitisa, neuralgia, etab. Saiakuntza klinikoetan ikusitako kontrako efektuak hemen kontsulta daitezke.

Zer egin behar dut txertoa hartu ondoren kontrako erreakzioren bat izaten badut?

Halakorik gertatzen bada, osasun-arreta bilatu behar da osasun-zentroan edo erreferentziako ospitalean, –betiere, erreakzioaren garrantziaren arabera–.

Txertoa jasotzeagatik kutsatu naiteke?

Ez. Txertaketa-estrategian jasotako txertoek ez dute SARS-CoV-2tik eratorritako birus bizi indargabeturik, ezta horren material genetikorik ere, eta, beraz, pertsonak ez dira kutsatuko txertoak berak eraginda.

Txertatu ostean ere osasun-neurriei eutsi behar diet?

Bai. Txertoek denbora behar dute dute organismoak birusaren aurkako babesa gara dezan. Gainera, gogoratu behar da txerto bat ere ez dela % 100 eraginkorra; hau da, baliteke pertsona batzuek gaixotasunaren aurrean erantzun immunerik ez sortzea, txertoa jaso arren. Beraz, garrantzitsua da norbera –eta gainerakoak– babesteko indarrean dauden neurriak mantentzen jarraitzea: maskara erabiltzea, eskuak maiz garbitzea, pertsonen arteko distantzia mantentziea…

Zenbat denbora behar dute txertoek eraginkorrak izateko?

Pfizer/BioNTechen Comirnaty txertoaren babesik handiena bigarren dosia eman eta zazpi egunera lortzen da; Modernaren txertoarekin, berriz, bigarren dosia eman eta hamalau egunera; eta AstraZeneca txertoarekin, bigarren dosia eman eta 28 egunera.

Hortaz, transmititu dezaket COVID-19a txertoa hartu ondoren?

Oraindik ezin da jakin txertatutako pertsonek birusa beste pertsona batzuei transmititu diezaieketen. Herritarrei txertoa jarri ahala jakingo da hori.

Zergatik jarri behar nuke COVID-19ren aurkako txertoa?

Pertsona bakoitza zuzenean babesteko egiten da txertaketa, baina baita gainerako herritarrak zeharka babesteko ere. Zenbat eta pertsona gehiago immunizatzen joan, orduan eta kutsatzeko aukera gutxiago izango dute gainerakoek.

Derrigorrezkoa da txertoa hartzea?

Ez. Gainerako txertoekin gertatzen den bezala, COVID-19ren aurkakoa ez da derrigorrezkoa.

Doakoa da?

Bai. Txertaketa doakoa da herritar guztientzat.

Aukeratu dezaket zein txerto jarri?

Ez. COVID-19ren aurkako txertaketa-kanpaina egoera epidemiologikoak baldintzatzen du, besteak beste. Populazio-talde jakin batzuen arriskua nabarmen handiagoa da, eta horregatik, zaurgarrienen babesa lehenesten da. Hala, hartu beharreko txertoa aukeratzea ezin da izan banakako hautu bat; txertoen eraginkortasuna eta indikazioak hartu behar dira oinarri populazio-taldeak txertatzean.

Txertoa hartu behar dut COVID-19 pasatu badut?

Gaur egungo ebidentziek adierazten dute berrinfekzioa salbuespenezkoa dela infekzio natural baten osteko sei hilabeteetan. Gainera, ikusten da gaitza igaro duten pertsonek erantzun immune handiagoa dutela gaitza pasatu ez dutenek baino. Gauzak horrela, COVID-19a pasatu duten 55 urtetik beherakoen txertaketa atzeratuko da eta dosi bakarra emango zaie.

Babesten al dute merkatuan dauden txertoek koronabirusaren andui eta aldaera berrien aurka?

Andui eta aldaera berriak birusaren genoman gertatzen diren mutazio puntualen ondorioz jaiotzen dira. Mutazio horiek S proteina osoari eragiten ez badiote, oso litekeena da txertoak eraginkorra izaten jarraitzea –izan ere, txertoak birusaren S proteinari aurre egiteko immunitate-sistema estimulatzen du–.

Laborategiko datuen arabera, merkatuan dauden txertoek antigorputzen erantzunak eragiten dituzte, eta aldaera berrien aurrean ere erantzuten dute.

Zer gertatzen da lehenengo dosia jaso ondoren kutsatzen banaiz?

Lehen dosiaren ondoren baieztatzen diren COVID-19 kasuetan, birusa hartu duena 55 urtetik gorakoa bada –edo arrisku-talderen batean badago– bakartze-aldia egin beharko du eta horren ostean emango zaio bigarren dosia (betiere, bigarren dosia hartzeko beste denbora pasatu bada).  55 urtetik beherakoa bada –eta ez bada arrisku-taldekoa–, berriz, sei hilabeteko epean eman ahalko zaio bigarren dosia.

Non geratuko da erregistratuta txertoa jarri dudala?

COVID-19ren aurkako txertoa autonomia-erkidegoek mantentzen dituzten informazio-sistemetan edo erregistroetan agertzen da. Egunero, sistema edo erregistro horiek REGVACU erregistro nazionalera bidaltzen dute informazioa, eta bertan, gainerako txertoekin gertatzen den bezala, pertsona bakoitzaren historia klinikoan erregistratuko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak