Jaiotzatik hil arte beharrezkoak dira zaintza lanak. Sektorea, orokorrean, "guztiz" feminizatutako arloa dela salatu dute Karmele Loiti, Ana Nogueiras, Elvira Gordillo eta Itsaso Elkorobarrutia langileek. Etxez etxeko zerbitzuan, adinekoen egoitzan jangelako zaintzan eta garbiketa lanetan aritzen diren emakumeak dira; laurak bat datoz, profesionalak dira eta lan hori ere profesionaltasunez egiten dute: "Formakuntza jaso dugu, lan hau egiteko gai egiten gaituena".
Historikoki zaintza lanak "ema-kumeen arduratzat" hartu izan direla salatu dute, "emakume jaio izangatik soilik. Asko daukagu profesional bezala gizarteari erakusteko, ateak zabaldu eta etxean geratzen den lana kalera irteteko".
"Aitortzarik gabeko lana"
Pandemiak, hein batean, lanaren garrantzia bistaratu duela uste dute, baina gizartearen partetik eta apurka bada ere gero eta aitortuago daude arren, erakundeen partetik "inplikazio falta" eta "utzikeria" salatu dute: "Gure lana oraindik urrun dago baldintza duinak izatetik, hitzarmen on batekin".
Etorkizunerako, "giltzarri"
Zaintza lanek etorkizunean eginkizun "garrantzitsua" izango dutela uste dute: "Bizitzaren zaintza egiten dugu, denok behar dugun lan bat. Etorkizuneko ongizatea bermatzeko beharrezkoa da lan hau". Era berean, baldintzak hobetzeko, zaintza lanen publifikazioa ezinbestekoa dela uste dute.
"Antzinako roletatik datoz lan baldintza txarrak zaintzan"
KARMELE LOITI - ARRASATEKO ETXEZ ETXEKO LANGILEA
Zaintza lanak etxetik kalera irteteak, lan kotizatu bilakatzeak, "lanaren prekarietatea" azaleratu egin duela azaldu du Karmele Loitik: "Oraindik ez da emakumea eta zaintza lanak lotzen dituen antzinako ideia baztertu, rol horretatik datoz ere lan baldintza txarrak, prekarietatea...".
Ohiko lan jardunekin alderatuta, partzialitate handiko lana dela zehaztu du: "Hemen ez zara lanera sartzen, zure zortzi ordu egin eta bukatuta. Oso partziala da; goizean joaten zara pertsona jaikitzera, gero, bazkaltzen ematera, garbiketak egitera, eta iluntzean, oheratzen laguntzera, esaterako". Etxez etxeko zaintza etorkizunean "erabakigarria" izango dela uste du, "bizi kalitatea bermatzen duelako".
"Ez da soilik eskolako patioan egotea, balioak lantzen dira"
ANA NOGUEIRAS CADAVID - JANGELAKO ZAINTZAILEA ETA GARBITZAILEA
2007an hasi zen jangeletako zaintzan lanean Ana Nogueiras arrasatearra. Bi ordu eta erdiko lan hori etxeetako garbiketa lanarekin konbinatzen du, egunero bost orduko jardunarekin. Garbitzaile lana "fisikoa eta oso gogorra" dela aitortu du Nogueirasek, eta bi kolektiboen partetik egiten duten lana aldarrikatu du:"Hemen gaude, lan handia egiten dugu, ez da soilik patioan egotea, balio asko landu behar ditugu haurrekin".
Orain dela gutxi arte "behe mailako" langiletzat hartu izan direla azaldu du, pandemiak "apur bat" bistaratu dituela uste duen arren: "Orain dela gutxi, eskolako ikasle baten ama eskertuta etorri zen, bere alabak hobeto jaten zuela, autoestimu handiagoa zuela...".
"Ez da lan bezala hartu, gure betebeharra zela uste izan da"
ELVIRA GORDILLO - ESKORIATZAKO JOSE ARANA EGOITZAKO LANGILEA
Zaintza "emakumeen lana" den ideia oraindik ere gizartean oso barneratua dagoela salatu du Elvira Gordillok: "Ez da lan bezala hartu, emakumeon betebeharra dela uste izan da". Erizain laguntzailea da Eskoriatzako adinekoen egoitzan: "Fisikoki eta psikologikoki gogorra da; jendearekin egiten duzu lan, eta bere pozak baina baita arazoak ere eramaten dituzu".
Egoitzako langileen artean bi baino ez dira gizonezkoak, nahiz eta dioen lan baldintzei dagokienez ez dagoela ezberdintasunik. Zaintza lanek publikoak izan behar dutela zehaztu du Gordillok: "Esentzialak izanda, ikusezin sentitzen gara. Ez gabiltza merezi ez dugun ezer eskatzen: lan baldintza duinak, zerbitzu hobea emateko".
"Egoera hobetzeko, etengabe borrokan egon beharra dugu"
ITSASO ELKOROBARRUTIA - ARETXABALETA ETA ESKORIATZAKO ETXEZ ETXEKO LANGILEA
Hiru etxetan egiten du lan Itsaso Elkorobarrutiak, pertsonen zaintzan eta horiek dituzten beharrei erantzuna emanda. Hogei urte daramatza lanean, eta zaintza ez dagoela aitortua zehaztu du: "Zerbitzu esentziala garela diote, baina hori ez dago inon ere ez aitortuta: "Egoera hobetzeko, etengabe borrokan egon behar izaten dugu".
Adineko pertsonak eta langileak "merkantilizatzea" ezin dela onartu azaldu du, eta erakundeen partetik zaintza lanekiko utzikeria salatu: "Sektore guztia pribatizatzen ari dira. Eraikuntza arloko enpresa handiak sartu dira sektorea kontrolatzera, negozioa ikusi dutelako. Hori ezin da onartu; lan baldintzak hobetuz zerbitzua ere hobetuko da erabiltzaileendako".