Luciana Alfaro bergararra Martxanterak talde feministako kide da, eta baita Euskal Herriko Emakume Migratuen eta Arra-zializatuen sareko kide ere. Martxoaren 8an kalera irtetearen garrantziaz jardun du.
Zer aldarrikatuko duzue Martxoaren 8an?
Urriaz geroztik, Euskal Herriko sare feministak landu duen leloa izan da Dena aldatu, sistema arrakalatu. Erdigunean jarri nahi dugu zaintzaren gaia; dena dela, gai horren inguruan pandemia hasieran hasi ginen lanean. Izan ere, pandemia honek hainbat arazo utzi ditu agerian: migratzaileen zaurgarritasuna agerian geratu da; baita etxerik gabekoena ere; eta, azkenik, baita gutxieneko pentsioa baino txikiagoa jasotzen duten nagusien egoera ere. Gure nahia da kolektibo horien guztien egoera bistaratzea. Ez da bakarrik sistema maskulinoaren aurka egitea; izan ere, sistema horren atzean egiturazko beste arazo batzuk daude: adibidez, arrazakeria eta klase egoera. Horiek dira Martxoaren 8ari begira ditugun aldarrikapenak.
Eskutik doaz arrazakeriaren kontrako mugimendua eta feminismoa?
Emakumeen Mundu Martxak Euskal Herriko mugimendu feministari egindako aldarrikapenarekin bat egin nahi dut. Arrazakeriaren aurkako borrokak borroka feminista ere izan behar du. Horrek esan nahi du kalera irtengo garela zapalkuntza dakarren dominazio horri aurre egiteko; izan ere, sistema horien eraginez bizitza batzuk eten egin daitezke.
Gaur egun, zeintzuk dira mugimendu feministaren erronkak?
Aipatutako gai horiek zabal landu behar ditugu. Gure nahia da mugimendu feminista eraikitzea; baina mugimendu hori izan dadila, era berean, arrazakeriaren aurkakoa, kapitalismoaren aurkakoa eta kolonialismoaren aurkakoa. Mugimenduaren erronka hortik doa: sistema horiek guztiak lantzeko gai izan behar dugu. Izan ere, dena uztartuta dago.
Eudelek zaintzaileengan jarri du aurten fokua.
Bai, kontuan hartu behar dugu zaintzaile lanean diharduten asko etxeko langile daudela; eta nabarmendu behar da ez dela gauza bera. Langile soziosanitario izateko ikastaroa exijitzen zaie, eta gero, etxeko langile moduan izan.
Egoerak egoera, kalera irteteko aldarria egingo duzue.
Bai; herri bakoitzeko mugimendu feministak antolatutako manifestazioetan parte hartzea. Kalera irten daiteke, eta aldarrikatu daiteke. Ondo baino hobeto dakigu zer den elkar zaintzea, eta ikusi da manifestazioetan ez dela kutsatzen. Distantziak gordeta eta maskararekin, aldarrikapenekin bat egiteko dei egiten dut.