690 inguru dira Debagoienean txertoa hartzera deituta dauden 90 urtetik gorako pertsonak. Bakoitza dagokion osasun etxean hartzen ari da txertoa, eta Osakidetzaren deia jasotzen ari dira hitzordua egiteko. Horren harira, arduradunek eskatu dute, deirik jasotzen ez badute ere, itxaroteko eta osasun etxeetara ez deitzeko; lineak kolapsatu egin daitezkeelako.
Arrasatearren kasuan, txertoa Debagoieneko ospitalean jasotzen ari dira adinekoak. Eta Antzuolako eta Elgetako 90 urtetik gorako bizilagunek, ostera, egubakoitzean jasoko dute txertoa, haien osasun eremuetan.
Bestetik, mugikortasun arazoak dituzten adinekoentzat, zapatuan, autoetatik atera gabe txertoa jarri ahal izateko gunea jarriko dute ospitalean, 10:00etatik 12:00etara bitartean.
Txertaketak, aurrera
Txertaketa hasi zenetik, EAEn zentro sozio-sanitarioetako egoiliar eta profesionalen %96,3k jaso du dagoeneko bigarren dosia, eta Osakidetzako profesionalen taldean, berriz, %29,4k. Bestalde, esan bezala lehenengo dosia ari dira jasotzen arlo pribatuko osasun langileak, udaltzainak, eguneko zentroetako langileak edota desgaitasun egoeran dauden pertsonak, besteak beste. Horietako batzuk ospitaleetan, beste batzuk osasun zentroetan edo baita haien egoitzetan ere; adibidez, ertzainak Erandio eta Oiartzungo baseetan eta Arkauten txertatzen ari dira.