Herenegungo positiboak ez bezala, atzo erregistratutakoak bailarako herri gehiagotan banatu dira. Gehienak Aretxabaletan eta Oñatin, eta gertu egon da Arrasate ere. Gauzak horrela, iazko martxotik hona hautemandako kasuak kontuan hartuta, guztira 5.804 debagoiendar kutsatu dira: 2.420 arrasatearrak izan dira, 1.255 bergararrak, 909 oñatiarrak, 552 aretxabaletarrak, 285 eskoriatzarrak, 188 antzuolarrak, 136 aramaioarrak, 51 elgetarrak eta zortzi gatzagarrak.
Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus webguneko azken datuak atalean.
Intzidentzia-tasei dagokienez, azken kasuekin zenbatekoek gora egin dute Antzuolan, Aretxabaletan eta Eskoriatzan, eta Aretxabaletaren gorakada da azpimarragarriena –500etik gertuago kokatu baita–. Zehazki, 451,98ko datua erregistratu du, eta gogoratu behar da bihar argitaratuko dela udalerrien zerrenda. Bestetik, Antzuolako intzidentziak ere ez du joera aldatu, eta oraingoan igoera apalagoa izan bada ere, 1.147,32ko zenbatekoa erregistratu da.
Bestetik, egoerak hobera egin du Arrasaten, Bergaran eta Oñatin, nahiz eta azken horretan beste sei kasu atzeman dituzten eta tasa oraindik 800etik gorakoa den. Gainerako udalerrietan berdin mantendu da intzidentzia-tasa.
Datu guztiak daude eguneratuta, beheko mapan:
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.
Hildakorik ez, bailaran
Eguaztenero egiten duen moduan, Osasun Sailak azken astean zendutakoen berri eman du. Otsailaren 22tik 28ra 51 lagun hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan koronabirusaren eraginez, baina horietako bat ere ez da debagoiendarra.
Datu orokorrei erreparatuta, martxotik hona 4.866 pertsona hil dira Hego Euskal Herrian; horietatik 150 bailaran. Herri bakoitzean erregistratutako heriotzak goiko mapan daude.
Positibotasunak behera, Hego Euskal Herrian
Atzo 10.280 PCR eta antigeno proba egin zituzten Hego Euskal Herrian eta 397 kasu baieztatu zituzten; hau da, %4,1ek eman zuen emaitza positiboa EAEn eta %2,75ek Nafarroan. Lurraldeka, 174 hauteman ziren Bizkaian, 93 Gipuzkoan, 66 Araban, 57 Nafarroan eta zazpi bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean.
Positibotasunak behera egin duen arren, ospitaleetako egoerak okerrera egin du EAEn. 45 pertsona ingresatu zituzten eta guztira 393 daude erietxeetan –aurreko egunean baino lau gehiago–. Gainera, azpimarratzekoa da ZIUn daudenen artean izan dela gorakada: 126 daude –aurreko egunean baino bost gehiago–. Nafarroan bestalde, sei lagun ospitaleratu zituzten eta 83 daude guztira ingresatuta; horietatik 21, ZIUn.
Mugikortasun mugak, Aste Santura begira
Gaur Osasun sailburuak pandemiaren bilakaeraren berri eman du Osasun Batzordean, eta adierazi du finkatutako helburuetatik urrun dagoela oraindik EAE, besteak beste, intzidentzia-tasa "oso altua" delako oraindik (243,8ko zenbatekoa erregistratu du erkidegoak eta 60ra jaistea da xedea). Horregatik eta baita ZIUetan dagoen tentsioagatik ere, Sagarduik adierazi du mugikortasunari lotutako mugek indarrean jarraituko dutela datozen hilabeteetan. Dena den, ikusteko dago LABIk non ezarriko dituen muga horiek; hots, ea udalerrira, lurraldeetara edo erkidegora lotuta joango den mugikortasuna.