Liga ahal den moduan hasteko gertu daude

Xabier Urtzelai 2021ko ots. 19a, 16:12

Mondrak, Bergarak eta UDAk ligari berrekingo diote; arrasatearrak dira etxean jokatuko duten bakarrak. "Kutsatzeko arriskua leku guztietan dago: kalean, lantokian... Futbol zelaian ez dago arrisku gehiago", dio Asier Olaizola entrenatzaileak.

Asteburuan hasiko da baloia Gipuzkoako futbol zelaietan dantzan. Debagoienean, Mojategiko berdeguneak hartuko ditu zapatuan Mondra eta Elgoibar –16:30, publiko barik–, baldin eta azken orduan inork positibo ematen ez badu, behintzat. Hala, jokalariek hasieratik ohitu beharko dute ziurgabetasun horretara, baina halaxe dihardute lehian beste txapelketa askotan ere, eta ez futbolean bakarrik. Esandako moduan, Mondrak Elgoibarren kontra jokatuko du bihar, eta Bergarak Argixaon –Zumarraga– jokatuko du bihar baita ere (16:00), Urolaren kontra. Aretxabaletak, berriz, domekan izango du hitzordua: 16:30ean jokatuko dute, Unben, Eibarren kontra.

"Jokatzeko ilusioz gaude".

Aste barruan, etxean jokatuko duen Mondrako entrenatzailearekin izan da GOIENA, eta aitortu du jendea lehiatzeko gogoz dagoela: "Txapelketa berezia izango da, ez da irailean hasten den liga bat, hiru hilabeteko iraupena izango du, eta, horrenbestez, horretara egokitu beharko dugu. Hala, hilabete hauetan saiatu gara oinarrizko prestakuntza egiten, jendea aktibo mantentzen, eta azken hiru asteotan erritmoa hartzeko ibili gara lanean, astean hirutan entrenatuta".

Olaizolak, baina, garbi dauka ziurgabetasun horrekin lehiatzera ohitu beharko dutela: "Izan ere, baliteke lehenengo jardunaldia jokatu ahal izatea, baina hurrengoan jardunaldia bertan behera geratzea. Eta ez dakigu, ezta ere, pandemiak hobera ala okerrera egingo duen, ligak iraungo duen hiru hilabete hauetan zein izango den eboluzioa, laugarren olatu bat etorriko ote den, bosgarrena... Horrenbestez, horretara ohiko beharko dugu, eta, jardunaldi bakarra jokatzen badugu, ba, horrekin gozatzen ahalegindu".

"Epe luzera ezin da ezer egin"

Oraingoz, liga erregularreko zortzi partiduak ahalik eta txukunen jokatzea da zuri-moreek gura dutena, eta ondoren etorriko dira play-off-ak, horretarako aukera badago, behintzat: "Orain bai dela partiduz partidu, hemen garbi dago epe luzera begira jartzeak ez duela ezertarako balio, baina ez futbolean bakarrik, ezta bizitzako beste arlo batzuetan ere. Hala, gu poztu egiten gara guretako futbola ez delako partiduak irabaztea ala galtzea soilik, gure egunerokoan egiten dugun gustuko gauza da futbola, bizipoza eta ilusioa ematen diguna. Eta, asteburuan, gustatzen zaigun hori egiten hasiko gara".

Federazioa, jokalariekin eskertuta

Gipuzkoako Federazioak oharra helarazi die jokalariei, erakutsi duten jarreragatik: "Eredu izan zarete gizarte osoarentzat, une oro araudia errespetatuz eta ahal izan den bakoitzean entrenatuz. Bestalde, jakin behar duzue ez dagoela arrazoi ekonomikorik lehiaketara itzultzeko. Futbolarien kuoten euro bakar bat ere ez da pasatzen Federaziotik. Zuzenean Futbolarien Mutualitatera doa, erakunde independentea dena, eta osasun-estaldura bermatzeaz arduratzen dena. Gure asmo bakarra da gazteek kirola ahalik eta ingurune seguruenean egin ahal izatea eta gure gizartera ilusio pixka bat eramatea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak