"Azken hilabeteotako kanpaina polizial eta mediatikoaren bitartez agerian geratu da arduradun politikoek gazteok erabili nahi gaituztela haien buruak zuritu eta pandemiaren erantzukizuna gure gain uzteko", salatu dute, eta zera gehitu: "Erantzukizun indibidualaren aitzakiapean norbanakooi begirako neurriak soilik hartu dira, bestelako neurri ekonomiko eta sozialak albo batera utziz. Arduradun politiko eta elite ekonomikoaren interesen araberako neurriak hartu dira, hain zuzen ere. Ez dira babes sozialerako neurriak hartu, ez da alokairuaren etete bat bultzatu; eta oinarrizko diru sarrerak bermatzeko errenta edo ERTEak ez dira nahikoa. Gazteon langabezia tasa %51,6koa da, emantzipatuta bizitzeko aukera dutenek ez dakite alokairua nola ordaindu, gazteon aisialdirako guneak ixten ari dira eta harreman sozialak izateko espazio eta aukerak ikaragarri mugatuta eta baldintzatuta ditugu… Neurriak hartzea beharrezkoa bada, pertsonak modu integralean ulertzen gaituzten neurriak izan behar dira".
Honez gain, komunikabideen bidez gazteak kale zurrutarekin soilik lotzen direla salatu dute, Zaintza Sarearekin, Arrasaten, esaterako, "egoera arintzen saiatzeko" egindako lana ahaztuz, adibidez. "Haurren zaintzan aritu gara, apunte-bankua sortzen, elikagaien bankuan laguntzen, erosketa zerbitzuan behar zutenei laguntzen eta beste hainbat kontutan. Gaur egun, egoerarekin dugun konpromisoa ere berdintsua da".
Halabaina, azkenaldian, poliziaren eurekiko jazarpena areagotu egin dela salatu dute, eta "miaketak egitera, mehatxatzera, iraintzera edota isunak jartzera" joaten zaizkiela.
"Nazkatuta" daudela eta Arrasateko eta Euskal Herriko gazteak "bakean" uzteko aldarrikatu dute bilkura amaitzeko.