Joseba Sanchez: "Haragia duen konposta hobea da ongarri gisa"

Xabi Gorostidi 2021ko ots. 15a, 15:50

Hobeki elkarteak bio-hondakinei buruzko jardunaldia egingo du hilaren 17an, Oñatin; bertan hitza hartuko du Euskal Herriko egoerak eta erronkak zeintzuk diren azaltzeko.

Euskal Herrian hainbat eredu daude bio-hondakinak kudeatzeko, eta horiei buruzko hitzaldiarekin irekiko du gaiari buruz Oñatin egingo den jardunaldia.

Zein gai nagusi landuko dituzu Oñatin egingo duzun hitzaldian?

Lehenik eta behin, bio-hondakinak zer diren azalduko dut; zer ulertzen dugun kontzeptu horrekin. Horren barruan sartzen dira etxeetan sortzen ditugun hondakin organikoak, herriko lorategietan sortzen direnak eta tabernek eta dendek sortzen dituztenak. Legalki eta ekonomikoki zer dakarten ere azalduko dut. Hala, Euskal Herriko errealitatearen argazkia aterako dut, helburuak betetzeko bidean martxa onean goazen edo ez ikusteko. Eta behin hori eginda, parez pare ditugun erronka nagusiei buruz jardungo dut; batez ere, lege eta arau aldetik.

Horren harira, kudeaketa ezberdinak daude EAE barruan. Gipuzkoan, adibidez, arrain eta haragi hondakinak organikora botatzen dira, baina Bizkaian, landare jatorrikoak bakarrik. Zergatik gertatzen da hori?

Irizpide ezberdinak aplikatzen dituztelako arduradunek. Euskal Herrian eredu asko ditugu arazo berari erantzuteko. Iparraldean, adibidez, soilik landare jatorriko hondakinak batzen dituzte organiko gisa, ostean konposterako erabiltzeko. Nafarroan, ordea, jatorri biologikoa duen dena batzen dute. Are gehiago, hondakin organikoak batzeko ez dute poltsa konpostagarririk erabiltzen. Euren sisteman horrek ez du arazorik eragiten. Eta EAE barruan probintzia bakoitzak bere politika du. Bizkaian, adibidez, landare jatorriko hondakinak bakarrik batzen dituzte; Gipuzkoan, aldiz, landare eta animalia jatorrikoak.

Landare jatorrikoak soilik batuta, aprobetxagarriak diren hainbat hondakin errefusera botatzen dira. Zer zentzu du horrek?

Bizkaian, adibidez, oso profil kimikoa zuten ikerlari batzuen irizpidean oinarritu ziren erabaki hori hartzeko. Soilik landare jatorriko hondakinak batuta, kalitate handiagoko konpost mota bat lortzen zela ondorioztatu zuten. Baina sistema horrekin beste leku batzuetan baino hondakin gutxiago aprobetxatzen dituzte, eta lortzen duten konpost kopurua oso baxua da. Hala ere, kalitate handiagoko konposta dela ez da egia. Ni nekazaritza ingeniaria naiz, eta ikerketa bati esker frogatu ahal izan dut haragia duen konpostak askoz baliagarriagoa dela ongarri gisa erabiltzeko. Substratu gisa erabiltzeko, ez hainbeste; baina ongarri gisa, bai. Animalia jatorria duen konpostak nitrato gehiago du, eta nitrogeno hori lagungarria da ongarri erabilera emateko. Substraturako, aldiz, muga gehiago ditu, nitrato horiek elektrizitate eroale izateko gaitasuna handitzen dutelako.

Zein beste onura izan ditu animalia jatorriko hondakinak erabiltzeak?

Lehen ere aipatu dut, baina komeni da azpimarratzea: kopurua. Era horretara askoz kopuru handiagoak lortzen dira esfortzu bera eginda. Egia esan, esfortzu gutxiagorekin lortzen da, erabiltzaileentzat errazagoa delako. Ez dira pentsatzen aritu behar zein den landare jatorrikoa eta zein animalia jatorrikoa. Barregarria da, baina Elgetakoek ez dute pentsatu behar eta Elorriokoek, ordea, bai. Gainera, Europako legediak dio behartuta gaudela hondakin organiko guztiak ondo kudeatzera: landare jatorrikoak, eta baita animalia jatorrikoak ere. Azken horiek zabortegian eta errauskailuan amaitzen badute, arazoak eragiten dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak