Gaur egun bost dira munduan ematen ari diren txertoak; horietatik hiru (Pfizer, Moderna eta AstraZeneca) erakunde independenteek onartutakoak dira eta beste biak Errusiako eta Txinako estatu-erakundeek sortutakoak –eta beste herrialde batzuetan administratutakoak–, baina kanpoko ebaluaziorik gabe.
Bestetik, eta oraindik merkaturatu ez diren arren, Ameriketako eta Europako agentzia arautzaileen onespena eskatzeko zorian daude –3. fasean, alegia–, Novavax (AEB), Johnson & Johnson (AEB) eta CanSino Biologics (Txina) txertoak. Halere, guztira 240 dira garapen bidean dauden txertoak.
The Conversation hedabideak ateratako taula da hurrengo hau. Bertan, merkatuan dauden bost txertoen inguruko informazioa agertzen da: izena zein den, nork garatu duen, zer duen oinarri, zenbat dosi behar diren, zein den eraginkortasuna maila, zein tenperaturatan gorde behar den eta zein herrialdetan dagoen onartuta.
Izena | Garatzailea | Txerto mota | Dosiak | Eraginkortasuna | Gordetzeko tenperatura | Onarpena eta administrazioa |
Comirnaty |
Biontech/ Pfizer |
ARNm | 2 | %95 |
-70 gradu ultra-izoztuta |
Europar Batasuna, Argentina, AEB, Mexiko, Kanada, Bahrain, Erresuma Batua, Saudi Arabia, Israel. |
mRNA-1273 |
Moderna TX/Inc. |
ARNm | 2 | %94,1 |
-20 gradu izoztuta |
Europar Batasuna, Suitza, AEB, Kanada, Erresuma Batua, Israel. |
ChAdOx1/ AZD1222 |
Astrazeneca/ Oxford |
Adeinobirus Ez erreplikatiboa | 2 | %60 | hoztuta | Erresuma Batua, Brasil, Pakistan, India, Dominikar Errepublika, El Salvador, Mexiko, Maroko, Argentina. |
Sputnik | Gamaleya Institute | Adeinobirus Ez erreplikatiboa | 2 | %91,6 | hoztuta | Errusia, Aljeria, Argentina, Bolivia, Hungaria, Palestina, Paraguai, Serbia, Turkmenistan, Arabiar Emirerri Batuak, Venezuela, Bielorrusia. |
CoronaVac | Sinovac | ez-aktibo dagoen birusa | 2 | %79 | 42 egun 25 gradutik behera | Txina, Brasil, Indonesia, Txile, Turkia. |
Herrialde aurreratuenak munduan
Otsaileko datuen arabera, txertaketan aurreratuen dauden herrialdeak Israel (biztanleriaren ia % 60), Arabiar Emirerri Batuak (ia % 35), Erresuma Batua ( % 15), Bahrain eta AEB (biak % 10 inguru) dira, The Conversationek argitaratu duenez. Europako herrialdeei dagokienez, aldiz, ehunekoak txikiagoak dira: Espainian %3,77, Frantzian %2,34, Italian % 3,69, Alemania % 3,24... Eta txertaketa kanpaina hasi duten herrialde atzeratuenen artean daude, besteak beste, Mexiko (% 0,53) eta India (% 0,32).
Txertaketa Hego Euskal Herrian
Osasun Sailak asteartean, hilak 2, eman zuen EAEko txertaketaren berri. Sagardui sailburuak jakinarazi zuenez, dagoeneko 45.883 herritarrek jaso dute lehen dosia eta 14.657 pertsonak bigarrena. Gogoratu behar da 2020ko abenduaren 27an hasi zen COVID-19ren aurkako txerto-kanpaina eta bigarren fasean dagoela orain: eremu sanitarioko eta soziosanitarioko langileak txertatzen ari dira. Astearteko datuen arabera, Osakidetzako profesionalen % 27,67k jaso dute txertoa. Nafarroan, berriz, Pfizer eta Modernaren 28.796 dosi jarri dituzte atzora arte.
Hirugarren txertoaren zain
Orain arte, Hego Euskal Herrian Pfizer eta Biontechek egindakoa eta Modernarena izan dira jarri diren bi txertoak, baina hirugarrena ere iristeko da. Izan ere, AstraZeneca enpresa-farmazeutikoak eta Oxfordeko Unibertsitateak egindako txertoa merkaturatzeko baimena eman zuen Europako Batzordeak aurreko egubakoitzean (taulan agertzen den bezala).