Ekobulebar-aren lanek irauten duten urte eta erdi inguruan, "erabiltzaileei gauzak errazteko eta geltoki egonkor bat egoteko", Zalduspen jarriko dute autobus geltoki nagusia. "Badakigu aparkatzeko zailtasunak egoten direla gune horretan, oso erabilia delako aparkalekua. Beraz, atzeko bi eraikinak (Transporte Aramburu eta Etormobil zirenak) bota egingo dituzte, eta aparkalekuak lekua irabaziko du hor", adierazi du Maria Ubarretxena alkateak. Otsailaren 15ean hasiko dituzte lekua egokitzeko lanak eta apirilerako prest egotea espero dute.
Erabiltzaileei erdigunearekiko lotura errazteko asmoz, atzoko osoko bilkuran onartutako autobus zerbitzu berriarekin, herribusa 15 minutuero egongo dela azaldu du alkateak. "Gainera, Mugi txartelarekin, autobus aldaketa hori doakoa izango da. Beraz, Donostiatik, Gasteiztik edo Bilbotik datorren herritar batek, gure herribusa doan hartu ahal izango du unibertsitatera edo erdigunera joateko".
Gaur egun Garibaien ibilbidearen bukaera daukaten autobusak izango dira Zalduspen geldituko direnak. "Beraz, saihesbidetik sartuko dira, hemen geratuko dira eta berriz ere saihesbidetik joango dira. Horrekin lortuko duguna da erdiguneko trafikoa arintzea". Bien bitartean, beste behin-behineko geltoki bat ere jarri dute Roneo etxebizitzen atzealdean, "baina geltoki horretan ez dira autobusak zain geratuko, bidaiariak utzi eta jaso ostean, joan egingo dira".
Autobus geltoki "duin" baten beharra
Alkateak nabarmendu duenez, proiektuak aurreikusten zuen Garibaira bueltatzea geltokia, baina aitortu du beste alternatiba batzuk jarri direla mahai gainean, "EH Bilduk proposatu duena, besteak beste", geltokia zentrotik ateratzeko. "Guk argi ikusten dugu Arrasatek behar duela autobus geltoki duin bat, estalia eta zerbitzuekin, baina esan beharra daukagu horrelako aldaketa batek nahitaez eskatzen duela HAPOren birkalifikatze bat lursailetan, hori egin ahal izateko. Horrek bizpahiru urteko iraupena izango luke eta guk plazaratu gura dugu hausnarketa bat, etorkizuneko geltoki hori nun jarri erabakitzeko herritarrekin batera".
EH Bilduren proposamena "guztiz bateragarria" da Ekobulebar-arekin, Ubarretxenak azaldu duenez. "Aukera egoki bat izan daitekeela ikusten dugu eta aukera posible moduan daukagu. Azken batean, alderdi guztiok ari gara gure herriaren alde lanean eta ideiak onak izan ezkero, alderdikeriak baztertu egin behar direla".
Hirugarren autobus linea
Zalduspeko geltokia herriko puntu ezberdinekin lotzeko, hirugarren autobus linea bat ere egongo da. "Mantenduko dira gaur eguneko bi linea zirkularrak, herriaren beheko aldea eta goiko batzen dituztenak, eta hirugarren linea azkarra izango da, beheko aldetik era zuzenean lotuko ditu Arruena (Eroskiko geltokitik) eta Arimazubi eta San Andres". Hirugarren lineak anezka (lanzadera) eran jardungo du eta ondorioz doakoa izango da, kasu horietan, Mugi txartelarekin.
Ibilbidea eta izango dituen geltokiak honakoak dira: Eroski, Gip. Etorbidea, Maalako errotonda, Otalora Lizentziatua, Muxibarreko errotonda, Zarugalde kalea, Udala plazako errotonda, Arrasate Pasealekua (Arimazubi), Alfonso VIII. kalea, Dr. Bañez kalea, Maiatzak 1 kalea, Garibai etorbidea, Biteri kalea, Nafarroa etorbidea, Deba etorbidea, Gipuzkoa etorbidea eta Eroski.
Linea azkarraren ideia TAO zerbitzua definitzeko partaidetza prozesuan proposatu zuten herritarrek eta "Udalak eskari hori aztertu eta erantzuna eman dio".