Ormaiztegitik Bergarara eta berriro Ormaiztegira buelta egin dute goizean 30 kamioik eta 50 bat ibilgailuk, Deskargan Gipuzkoako Foru Aldundiak jarri nahi duen bidesariaren aurka protesta egiteko.
"Jarri nahi den bidesariak argi erakusten du Foru Aldundiak ogasun arloan eta diru-bilketan darabilen politiken porrota", salatu dute hiru sindikatuko kideek. Sindikatuak egindako kalkuluen arabera "hidrokarburoen zergaren bidez jaso behar lukeena baino 200 milioi euro gutxiago jasotzen ditu Gipuzkoak urtero", zerga hori "erregaia erosten den tokian ordaintzen baita".
"Dirutza hori galdu eta, apurrak bildu nahi ditu Gipuzkoako Ogasunak, Bergara eta Beasain artean inguruan bizi direnek eta garraiolariek ordainduko duten bidesaria jarrita.
Gainera, "pandemia garaian beste sektoreek jaso dituzten laguntzen aurrean, garraiolariek ez dutela ezer jaso" salatu dute. Garraiolarien ustez, koronabirusaren garaian, "beste gastu bat gehitzea" da bidesariarena.
"Deskargan bidesaria jartzeak argi erakusten du, aldi berean, Gipuzkoako agintariak gezurretan ari direla, errepideak kanpotarrak ordaindu ditzatela esaten dutenean. Deskargako bidesaria bertakoek ordainduko dute, Goierri, Urola eta Debagoieneko enpresetara lanera joaten direnek, eta lantegi horiek behar dituzten materialak eramaten dituzten garraiolariek", salatu dute Hiruk eta A-636 Beasain-Bergara Peajerik Ez plataformak.