Neurri murriztaileak kontuan izanda, jarduera fisikoaren eta kirolaren gaineko zalantzak argitzen

Imanol Beloki Unamuno 2021ko urt. 25a, 18:57

Pertsona bat korrika egiten.

Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordeak ezarritako neurri murriztaileez gain –udalerriak ixtea eta lau pertsona baino gehiago ez batzea–, jarduera fisikoa eta kirola aire zabalean zeinek, noiz eta zelan egin daitekeen zalantzak sortu ditu. Hala, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak horiek argitu gura izan ditu.

Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak adierazitako zenbait galdera-erantzun, hemen:

Nola erabili behar da maskara kirola egiterakoan?

Kirol-jarduera orotan, nahitaez erabili beharko da maskara. Hauek dira salbuespenak: eremu naturaletan, hirigune periferikoetan (oinezkorik gabe), igerilekuetan, lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean dauden taldeen entrenamenduetan, lehiaketetan eta kanpoan egiten den jarduera fisiko biziko aparteko uneetan.

Ikasleek aldagelak erabil ditzakete?

Ez. Aldagelak ezin dira erabili eskola-kirolean, erabiltzaileek erabili behar dituzten igerilekuetako aldagelak izan ezik, jakina.

Taldean kirola egin dezaket?

COVID-19aren kasu positiboen azken 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 500 baino gutxiagokoa duten udalerrietan, federatu gabeko kirol-jarduera fisikoa bakarka edo taldeka egin ahal izango da aire zabalean, kontaktu fisikorik gabe, eta aldi berean 6 laguneko taldeetan, gehienez ere.

COVID-19aren kasu positiboen azken 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 500 edo gehiagokoa duten udalerrietan, bertan behera geratzen da taldeko kirol-jarduera oro, bai entrenamenduan, bai lehiaketan. Salbuetsita daude, eta, beraz, egin ahal izango dira lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean murgilduta dauden taldeen entrenamenduak eta kirol-lehiaketak, gimnasioetan, kirol-klubetan edo kiroldegietan programatutako ikastaroak edo jarduerak, eta jarduera fisikoa eta kiroljarduera, aire zabalean eta gehienez sei laguneko taldeetan.

Irten al daiteke korrika egitera edo bizikletan taldean ibiltzera?

Federatu gabeko kirol-jarduera fisikoa bakarka edo taldeka egin ahal izango da aire zabalean, kontaktu fisikorik gabe, eta aldi berean 6 laguneko taldeetan, gehienez ere.

Kendu al dezaket maskara, bakarka, hiri-inguruetan kirola egiten dudan bitartean?

Kirol-jarduera orotan, nahitaez erabili beharko da maskara. Hauek dira salbuespenak: eremu naturaletan, hirigune periferikoetan (oinezkorik gabe), igerilekuetan, lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean dauden taldeen entrenamenduetan, lehiaketetan eta kanpoan egiten den jarduera fisiko biziko aparteko uneetan.

Derrigorrezkoa al da maskara erabiltzea kiroldegi, gimnasio eta barruko esparruetan?

Bai.

Aldagelak eta dutxa-guneak erabil daitezke?

Bai, gehieneko edukieraren ehuneko 30eko okupazioarekin. Halaber, dutxak erabili ahal izango dira, baldin eta banaka erabiltzen badira. Maskara nahitaez erabili beharko da, dutxatzeko unean izan ezik, eta une oro errespetatuko da erabiltzaileen arteko segurtasun-distantzia. Aldagelak etengabe aireztatu beharko dira erabiltzen diren bitartean eta, gainera, ireki aurretik eta itxi ondoren. Aireztapena mekanikoa bada, kanpoko airearen sarrera maximizatu beharko da eta airearen birzirkulazioa saihestu.

Zer ulertzen dugu kirolari erdi profesional diogunean?

Egutegi ofizialeko Estatuko eta nazioarteko lehiaketetan eta Euskal Federazioak antolatutako maila goreneko lehiaketetan parte hartzen duten kirolariak dira, guztiak kategoria absolutuan, Eta Estatuko edo nazioarteko lehiaketetan dagokien kategoria absolutua baino beheragoko kategorian. Atal honetan kategoria absolutuko maila goreneko bertoko kirol-lehiaketak sartzen dira.

Zer dira "baimendutako kirol-lehiaketak eta -entrenamenduak"?

Batetik, lehiaketa profesionaletan eta erdi-profesionaletan murgilduta dauden taldeei eragiten die, eta, bestetik, kirol federatuari. Kirol federatuaren kasuan, bizilekua duen udalerriak edo kluba dagoen udalerriak 100.000 biztanleko 500 kasutik beherako intzidentzia-tasa metatua duenean bakarrik.

Beste udalerri batera joan naiteke partida bat jokatzera?

Lehiaketa profesionaletan edo erdi-profesionaletan bakarrik.

Beste udalerri batera joan naiteke jarduera fisikoa aire zabalean egitera?

Ez, ezin zara zure udalerritik irten kirol jarduera fisikoa aire zabalean egiteko, Covid-19ko kasu positiboen intzidentzia-tasa metatua edozein dela ere.

Baimenduta al dago ehiza-jarduera bere modalitate guztietan, bai eta ibaiko eta itsasoko arrantza, kirol-arrantza eta jolas-arrantza ere, modalitate guztietan?

Bai, bizi zaren udalerrian. Nolanahi ere, beti errespetatu behar da pertsonen arteko 1,5 metroko segurtasun-distantzia, eta nahitaezkoa da maskara erabiltzea.

Publiko gisa joan naiteke kirol-ekitaldi batera?

Debekatuta dago jendeak kirol-ekitaldietara joatea.

Gimnasio bateko makina-gelan kirola egin dezaket?

Bai, banaka, maskara erabiliz, segurtasun-distantzia mantenduz eta baimendutako gehieneko edukiera errespetatuz.

Eskolak edo jarduerak taldean eskain daitezke?

Gimnasioetan, kirol-klubetan, igerilekuetan eta kiroldegietan programatutako ikastaroak edo jarduerak bakarrik egin ahal izango dira, baldin eta maskara erabiliz egiten badira, kanpoan egiten diren jarduera fisiko aparteko uneetan izan ezik. 6 pertsonako taldeetan gehienez, eta edukiera ehuneko 50era mugatuta badago.

Kirolari federatu bat lehiatu daiteke?

COVID-19aren kasu positiboen azken 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 500 baino gutxiagokoa duten udalerrietan, lehiaketa profesionalean eta federatuan murgilduta dauden taldeen entrenamenduak eta kirol-lehiaketak egin ahal izango dira. COVID-19aren kasu positiboen azken 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 500 edo gehiagokoa duten udalerrietan lehiaketa profesionalean edo erdiprofesionalean murgilduta dauden taldeen entrenamenduak eta kirol-lehiaketak egin ahal izango dira bakarrik.

Eskola kirola baimenduta al dago?

COVID-19aren kasu positiboen azken 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 500 baino gutxiagokoa duten udalerrietan, eskola-kiroleko entrenamenduak egin ahal izango dira, eta gehienez ere sei laguneko taldetan antolatuta. Taldea beti pertsona berek osatuko dute, eta ezingo dira aldagelak erabili. Eskola-kirolean maskara erabiltzea nahitaezkoa da, bai aire zabaleko kirol-jardueretan, bai barruko esparruetan. Igerilekuetan eta kanpoan egiten diren jarduera fisiko aparteko uneetan baino ez dira kenduko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak