Debagoieneko kutsatzek behera egiten jarraitzen dute laugarren astez jarraian, baina Hego Euskal Herrian, oso bestelakoa ari da izaten pandemiaren bilakaera. Esan daiteke bailarak Hego Euskal Herriko lurraldeekiko alderantzizko joera erakutsi duela azken bi hilabeteetan. Horren erakusle da azpiko grafikoa; bertan hamalau egunetako intzidentzia-tasa metatuak hartu dira kontuan 100.000 biztanleko.
Abenduaren erdialdean bailararen egoera larria zen: 697,43ko intzidentzia metatua erregistratu zen (eremu gorrian zegoela esan daiteke). Baina Hego Euskal Herrian, 380tik beherakoak ziren lurraldeen tasak. Azken bi asteetan (urtarrilaren 7tik 20), ordea, balio altuak erregistratu dira Bizkaian (515,30), Gipuzkoan (420,29), Nafarroan (402,79) eta Araban (386,42), eta eremu gorrira sartu berri da erkidegoa. Debagoienean, berriz, kontrakoa gertatu da (216,02).
Herrietako datu eguneratuak hurrengo mapan daude. Ez da aldaketarik egon koloreei dagokionez, baina Aretxabaletaren tasa igo egin da herenegundik, 500era gerturatuz; hortaz, eta asteburuko datuak ikusi beharko diren arren, astelehenean aldaketak egon litezke.
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.
Hego Euskal Herriko datuei erreparatuta, atzo 16.623 proba diagnostiko egin ziren eta 1.452 kasu berri hauteman zituzten; %8,7k eman zuen emaitza positiboa erkidegoan (herenegun baino %0,5 gehiagok) eta %9,02k Nafarroan (%2,72 gehiagok). Lurraldeka, 639 kutsatze erregistratu ziren Bizkaian, 319 Gipuzkoan, 231 Nafarroan, 174 Araban eta zazpi bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean.
Bukatzeko, ospitaleetan ez dago joera aldaketarik; gora egiten dute zifrek. EAEn, Atzoko egunez, 77 lagun ospitaleratu zituzten, eta guztira, 610 pertsona daude ingresatuta erkidegoko erietxeetan. Gainera, ZIUn daudenen zenbatekoak gora egin du; azken datuaren arabera, 109 pertsona daude Zainketa Intentsiboetako Unitatean (duela 20 egun baino 30 lagun gehiago). Nafarroan bestalde. beste hamasei lagun ingresatu zituzten eta guztira 191 daude ospitaleetan; 23, ZIUn.