Atzo egindako probek sei kasu berri baieztatu zituzten Aretxabaletan, bost Arrasaten eta bi Bergaran. Hamahiru positibo horiek bailarako datu metatuari batuta, ondoriozta daiteke pandemia hasi zenetik 4.829 debagoiendarrek hartu dutela koronabirusa.
Bestetik, bailarako mapan ez dago aparteko aldaketarik. Erregistratutako azken intzidentzia-tasek ez dute 100.000 biztanleko 500en langa gainditzen. Bitxia dirudien arren, Leintz Gatzaga da momentu honetan intzidentzia-tasa altuena duen herria (427,35) nahiz eta martxotik hona zortzi positibo bakarrik egon diren –eta azkena urtarrilaren 10ean atzeman zen– eta Elgetak du txikiena (0,00), azken 14 egunetan ez delako kasu berririk erregistratu.
Mapan daude datu guztiak:
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.
Bestetik, Hego Euskal Herrian 16.745 proba diagnostiko egin zituzten atzo, eta proben %8,2k eman du emaitza positiboa erkidegoan (herenegun baino %0,6 gehiagok) eta %7,5ek Nafarroan (herenegun baino 1,2 gehiagok). Hortaz, 1.346 kasu berri atzeman zituzten: 622 Bizkaian, 299 Gipuzkoan, 231 Nafarroan, 176 Araban eta hemezortzi bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean.
Ospitaleetan, berriz, gora egiten du zenbatekoak etengabe. EAEn 84 lagun ingresatu zituzten atzo, eta guztira, 585 pertsona daude ospitaleratuta; horietatik 101 ZIUn. Osasuneko Sailburu Sagarduik atzo azaldu zuen Legebiltzarrean, egoera "larria" dela eta datozen asteetan okerrera egingo duela erietxeen egoerak; izan ere, gaur gaurkoz, kutsatutako 100 lagunetik hamabi ospitaleratzen dituzte erkidegoan eta hamabi horietako bat joaten da ZIUra. Debagoieneko ospitalean, ordea, bi pertsona daude bakarrik COVID-19arengatik ingresatuta; eskualdeko bilakaera positiboarekin bat egiten du datuak. Eta, bukatzeko, Nafarroan, hemeretzi lagun ospitaleratu zituzten eta 178 daude orotara ingresatuta; 20, ZIUn.
Gipuzkoako udalerrien mapa
Mugikortasuna lurralde historikora dago mugatuta, baina Gipuzkoako hainbat udalerri daude perimetralki itxita; hortaz, norberaren herriak intzidentzia-tasa txikia badu ere, ezingo da horietara sartu. Gaur argitaratu den zerrendaren arabera, gorriz daude Andoain, Azpeitia, Beasain, Orio, Pasaia, Tolosa, Villabona, Zumaia eta Zumarraga, eta biztanle gutxiago dituztenen artean, Aizarnazabal, Ibarra, Irura, Leaburu eta Zestoa. Gipuzkoako Foru Aldundiaren maparen xehetasunak, hemen.