Munduko Osasun Erakundeak COVID-19ari buruzko gomendioak eman ditu

Uxue Igarza Loiola 2021ko urt. 18a, 15:56

Jendartean dauden zalantzak eta uste okerrak argitze aldera, Munduko Osasun Erakundeak galdera-erantzunen ohar bat argitaratu du. Askotariko alorrak landu dituzte: botiken eraginkortasuna, kutsatzeko moduak, ohitura osasungarriak...

"Bitaminen eta mineralen gehigarriek ez dute COVID-19a sendatzen"

Munduko Osasun Erakundeak azaldu du mikronutrienteak, D eta C bitaminak edo zinka kasu, funtsezkoak direla sistema immunologikoaren funtzionamendu egokirako, eta berebiziko garrantzia dutela nutrizio-osasunerako eta -ongizaterako. Halere, berretsi dute, egun, ez dela ezer esan COVID-19ren tratamendu gisa mikronutrienteen gehigarriak erabiltzeari buruz.

 

"Hidroxiklorokinak ez du eragin kliniko onuragarririk sortzen COVID-19 tratamenduan"

Hidroxiklorokinak eta klorokinak (paludismoa, lupus eritematosoa eta artritis erreumatoidea tratatzeko erabiltzen diren botikak) aztertu dira, COVID-19ren aurka egiteko gai diren ikusteko. Hala ere, egungo datuek adierazten dute ez dutela ospitaleratutako pazienteen hilkortasuna murrizten, eta ez direla lagungarriak gaixotasun horren sintoma moderatuak dituzten pertsonentzat (nolanahi ere, MOEk dio ez dela sintoma arinak dituzten pertsonekin azterketa sakonik egin). Oro har, paludismoa eta gaixotasun autoimmuneak tratatzeko hidroxiklorokina edo klorokina hartzea segurua dela uste da, baina adierazi gabe eta mediku-ikuskapenik gabe hartuz gero, bigarren mailako ondorio larriak eragin ditzake; beraz, saihestu egin behar direla dio Munduko Osasun Erakundeak.

 

"Igerian egiteak edo uretan egoteak ez du birusa hedatzen"

Erakundeak argitu du birusa ez dela bereziki uraren bidez hedatzen, baina ohartarazi du kutsatutako pertsona batengandik gertu egonez gero transmititu daitekeela. Hala, hainbat gomendio luzatu dituzte: gutxienez metro bateko distantzia mantentzea edota ur barruan ez gaudenean maskara jartzea, besteak beste.

 

"Maskara kirurgikoak luzaroan erabiltzeak ez du CO2 intoxikaziorik edo hipoxiarik eragiten"

 

Munduko Osasun Erakundeak onartu du maskarak denbora luzez erabiltzea deserosoa izan daitekeela, baina azpimarratu dute ez duela CO2 intoxikaziorik edo hipoxiarik eragiten.

 

 

"Lixiba edo beste desinfektatzaile batzuk gorputzaren botatzeak edo irensteak ez du babesten eta arriskutsua izan daiteke"

Jakina da substantzia horiek toxikoak izan daitezkeela irensten badira, eta horiekin kontaktuan egoteak azala eta begiak narritatzen eta kaltetzen dituela. "Lixiba eta desinfektatzaileak gainazalak desinfektatzeko baino ez dira erabili behar, eta gauza bera, metanolarekin".

 

"Telefonia mugikorreko 5G sareek ez dute COVID-19a zabaltzen"

Birusak ez dira uhin elektromagnetikoetan eta telefonia mugikorreko sareetan mugitzen; hala berretsi dute erakundetik. COVID-19a 5G sarerik ez dagoen herrialde askotan hedatzen ari dela jarri dute adibide gisa. Horrekin batera, gogorarazi dute gaitza arnas jariakinen tanta xeheen bidez transmititzen dela: infektatutako pertsona batek eztul egiten duenean, doministiku egiten duenean edo hitz egiten duenean; eta baita kutsatutako gainazal bat ukitu eta ondoren eskua begietara, ahora edo sudurrera eramaten denean ere.

 

"COVID-19a ezin da eltxoen ziztaden bidez transmititu"

COVID-19a arnas birus bat da, eta kutsatutako pertsona batekin kontaktuan egoteagatik hedatzen da: arnas edo listu partikulen edo sudurreko jariakinen bidez, alegia. Orain arte ez dago bestelakorik egiaztatzen duen frogarik.

 

"Ez da komeni paziente guztiak dexametasonarekin tratatzea"


Dexametasona gehien behar duten gaixoentzat gorde behar dela dio MOEk. Gainera, azaldu duenez, egiaztatu da dexametasonak ez duela hobetzen sintoma arinak dituzten pazienteen osasuna. Farmako hori kortikosteroide bat da, –bere propietate antiinflamatorioengatik eta immunoezabatzaileengatik erabiltzen dena–, eta ikusi da, hamar egunez, egunero 6 miligramoko dosia emanez, arnasgailuetara konektatutako COVID-19 paziente batzuen osasuna hobetzen dela.

 

"Ez da komeni ariketa fisikoa egitean maskara erabiltzea"

Indarrean dauden neurriek behartzen gaituzten arren, Munduko Osasun Erakundeak dio ariketa fisikoa egiteko ez dela komenigarria maskara eramatea. Arnasa eroso hartzeko gaitasuna murriztu dezakeela diote, eta gainera, maskara azkarrago busti daitekeela izerdiarekin; eta horrek arnasketa zaildu eta mikroorganismoak haztea eragin dezake. "Ariketa fisikoan egiten gaudenean, geure buruak babesteko garrantzitsuena da gainerako pertsonengandik gutxienez metro batera egotea", azpimarratu du.

"Zapaten bidez kutsatzeko arriskua txikia da"

 

COVID-19a zapatekin hedatu eta jendea kutsatzeko probabilitatea oso txikia da. Dena den, zuhurtziazko neurri gisa, MOEak gomendatu du –batez ere lurrean dabiltzan haur txikiak badaude– zapatak etxeko sarreran uztea.

 

"Ez dira argi ultramoreko lanparak (UV) erabili behar eskuak desinfektatzeko"


UV erradiazioak azala narritatu eta begiak kaltetu ditzake. Hortaz, gogorarazi du birusak ezabatzeko modurik eraginkorrena eskuak gel desinfektatzaile hidroalkoholikoarekin edo ura eta xaboiarekin garbitzea dela.

 

"Kontakturik gabeko termometroek ez dute COVID-19a atzematen"

Kontakturik gabeko termometroak eraginkorrak dira sukarra duten pertsonak hautemateko (hau da, gorputz-tenperatura normala baino handiagoa dutenak). Baina horrek ez du esan nahi koronabirusa duten pertsonak atzematen dituenik. MOEk argitu duenez, sukarrak hainbat arrazoi izan ditzake.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak