24 positibo hauteman dituzte asteburuan Debagoienean

Uxue Igarza Loiola 2021ko urt. 18a, 12:55

Aretxabaleta "gune laranja" izatetik hori izatera igaro da; hala, bailarako 5.000 biztanletik gorako herri guztiek dute 100.000 biztanleko 299tik beherako intzidentzia metatua.

Hamar kasu baieztatu ziren egubakoitzean egindako probetan: sei Arrasaten, hiru Oñatin eta bat Aramaion. Zapatuan, berriz, zazpi: bost Arrasaten eta bana Aretxabaletan eta Eskoriatzan. Eta atzo, beste zazpi: hiru Bergaran eta bina Aretxabaletan eta Arrasaten.

HERRIAK ASTEBURUKO KASUAK KASU METATUAK 1.000 BIZTANLEKO
Arrasate +13 2.130 96,46
Aretxabaleta +3 453 63,38
Bergara +3 1.068 71,03
Oñati +3 615 53,63
Aramaio +1 77 52,03
Eskoriatza +1 245 59,71
Antzuola 0 149 68,38
Elgeta 0 50 44,21
Leintz Gatzaga 0 8 31,00
GUZTIRA 24 615 73,99

Bailarako herrietako positibo metatuetan aldaketa batzuk egon dira; informazio eguneratuak Osasun Sailarenarekin bat egiten du.

Bestetik, intzidentzia-tasek behera egin dute orokorrean (denek jarraitzen dute 500etik behera), eta horren erakusle da azpiko mapa erabat horituta agertzea. 5.000tik gorako herri guztietan erregistratu da 299tik beherako tasa; azkena, Aretxabaleta izan da.

>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.

Bi astetan 155 ingresatu gehiago

Atzo 7.927 PCR eta antigeno proba egin zituzten Euskal Autonomia Erkidegoan, eta 648k eman zuten positibo; hots, %8,2k. Ehunekoa hazi egin da, izan ere, heregenun, %6,8koa izan zen. Bide berean, Nafarroan 1.694 proba egin ostean %11,7k eman zuen positibo (herenegun 8,1ek). Lurraldeka erreparatuta, 358 erregistratu ziren Bizkaian, 199 Nafarroan, 187 Gipuzkoan, 90 Araban eta hamahiru bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean.

Ospitaleetan, bestalde, egoerak okerrera egiten du egunetik egunera, batez ere erkidegoan. Bigarren olatuko datu kezkagarrienak erakutsi ditu gaur Osasun Sailak: 40 ospitaleratze egon ziren atzo, eta 507 lagun daude erkidegoko erietxeetan; horietatik 98 ZIUn. Bi astetan, 155 pertsona gehiago daude ospitaleratuta. Nafarroan berriz, hemeretzi pertsona ospitaleratu zituzten, eta bat zendu zen COVID-19aren ondorioz. Hala, guztira, Hego Euskal Herriko erietxeetan 658 lagun daude ingresatuta; horietatik 112, ZIUetan.

Gipuzkoako udalerrien mapa

Mugikortasuna lurralde historikora dago mugatuta, baina Gipuzkoako hainbat udalerri daude perimetralki itxita; hortaz, norberaren herriak intzidentzia-tasa txikia badu ere, ezingo da horietara sartu. Gorriz daude Andoain, Beasain, Deba, Orio, Tolosa, Villabona eta Zumaia, eta biztanle gutxiago dituztenen artean, Aizarnazabal eta Irura. Gipuzkoako Foru Aldundiaren maparen xehetasunak, hemen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak