Azken datuen arabera, Debagoieneko herri guztiek dute 100.000 biztanleko 500etik beherako intzidentzia. Eskoriatza zen 500etik gorako tasa zuen bailarako herri bakarra (herenegun 633,68ko tasa erregistratu zuen), baina atzo 487,45ean kokatzea lortu zuen. Hortaz, bihar ostalaritzako establezimenduak ireki ahal izango dituzte Eskoriatzan eta atzo intzidentzia altua duten herrientzat indarrean jarri ziren neurri murriztaileek ez dute eraginik izango bertan.
Gaienerako herrietako datu eguneratuak mapa honetan daude:
>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.
Guztira, 984 kasu berri
Hego Euskal Herrian, 984 positibo berri baieztatu zituzten atzo egindako 15.712 probek; hortaz, %5,9k eman du positibo erkidegoan eta %7,9k Nafarroan. Erkidegoaren kasuan, positibotasun-tasak gora egin du herenegundik (%0,9), eta Nafarroan, gutxi bada ere, behera (%0,1). Lurraldeka, 428 kasu atzeman zituzten Bizkaian, 213 Nafarroan, 209 Gipuzkoan, 119 Araban eta hamabost bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean.
Bestetik, ospitaleetako egoerak okerrera egiten jarraitzen du EAEn. Atzo 74 lagun ingresatu zituzten (aurreko egunean baino 24 gehiago), eta ZIUn ere bost pertsona gehiago daude. Guztira, Hego Euskal Herriko ospitaleetan 581 ospitaleratu daude (451 EAEn); eta horietatik 83 ZIUn (83 EAEn).