Duela hiru urte hasitako elkarretaratzeekin jarraitzen dute pentsiodunek

Oihana Elorza Gorostiza 2021ko urt. 11a, 17:31

"1.080 euroko pentsioa, Eskubide Sozialen Kartan jasotzen den moduan" eskatzeko elkarretaratzeak egiten hasi ziren herrietan pentsiodunak duela hiru urte. Harrez gero, ia astero egin dituzte. Eta egiten jarraituko dituztela esan dute, "mugen barruan bada ere". Oñatin, Arrasaten, Bergaran eta Antzuolan egin dituzte gaur elkarretaratzeak, urteko lehenak.

Astelehenetan egin ohi duten moduan, gaur ere atera dira kalera pentsiodunak eta elkarretaratzeak egin. Horrela izan da Arrasaten, Bergaran, Oñatin eta Antzuolan, adibidez. Eta guztietan "pentsio duinak" eskatu dituzte.

Duela hiru urte -urtarrilaren 15ean beteko da hirugarren urteurrena- hasi zituzten mobilizazio hauek pentsiodunek herrika. Eskubide Sozialen Kartak jasotzen duen bezala, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa izan da eskaera nagusia, eta oraindik izaten jarraitzen du. "Egia da hiru urte hauetan gauza batzuk lortu ditugula. Esaterako, duela hiru urte, PP Espainiako Gobernuan zegoela eta Fátima Bañez lan eta gizarte-segurantzako ministro,  pentsioak %0,25 igotzea proposatu zuten. Ez zitzaigun batere ondo iruditu eta orduan hasi ginen elkarretaratzeak egiten. Igoera KPI-aren bestekoa izatea eskatu genuen. Lortu dugu hori, baina legez onartzea falta da orain. Gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea ez dugu lortu oraindik, eta horixe aldarrikatzen jarraituko dugu", adierazi du eguerdian Xabier Oregik.

Gaur 74 lagun batu dira Oñatin eta hain zuzen ere hirugarren urteurrena aipatuz hasi dute elkarretaratzea. Espainiako Gobernuak argia igotzeko duen asmoa ere aipatu dute denak elkartu direnean. "Alargun dauden emakume askok 600 euro inguru baino ez dute kobratzen. Badaude etxean hotza pasatzen duen pentsiodunak, egun hauetan batez ere, sarrera baxuak dituztelako. Igoera hori gehiegizkoa da eta salatu beharra dago", azaldu du Oregik.

Bergarako elkarretaratzea

Bergarako elkarretaratzean ere aipatu dute duela hiru urte hasitako mobilizazioaren historia, eta goraipatu euren meritua eta indarra astez aste euren aldarrikapenak egiten ibiltzeagatik; 90 lagun elkartu dira San Martin plazan.

Aurrerantzean ere horrela jarraituko dutela esan du bertan izan den Itziar Usandizagak: "Asteroko elkarretaratzeekin jarraituko dugu mugen barruan bada ere. Badugu prest mobilizazioen egutegi bat, tartean otsailaren 13an herrialdeka egingo dena. Eta orain ikusiko dugu nola antolatu edo egiten ditugun, gaur hartutako erabakiak kontutan hartuta".

Antzuolako elkarretaratzea

Oñatin eta Bergaran ez ezik, Arrasaten eta Antzuolan ere egin dituzte eguerdian kale agerraldiak. Hurrengoak hurrengo astelehenean egingo dituzte.

Arrasateko elkarretaratzea

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak