Presoei babesa herririk herri, Bilbon egin ordez

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2021ko urt. 8a, 15:00

Sarek urte hasieran Bilbon egiten duen manifestazioa herririk herri egingo da aurten; zapatuan, 17:30ean. "Sakabanaketa politika" amaitzea eta gaixoak edo adindunak diren presoak askatzea eskatuko dute, besteak beste, segurtasun neurriak "zorrotz" betez.

Pandemiak utzitako testuingurua ikusita, egoerara moldatzeko saiakera egin du Sarek. Bil-bon manifestazio jendetsua antolatzeko zailtasunak ikusirik, herriz herri antolatzea erabaki dute aurten. "Aurtengo egoera ezohikoa dela eta, urtarrilaren 9an ezingo gara Bilbon elkartu. Horren ordez, gure herri eta auzoetan elkartuko gara", azaldu dute Sareko ordezkariek.

"Ez da urte erraza izaten ari inorentzat. Etxean itxita egotea egokitu zaigu, gure senideengandik urrun, hauekin pantaila atzean edo distantzia bat mantenduz komunikatu behar izan dugu eta musuak, laztanak eta besarkadak debekatu zaizkigu. Ekonomikoki ere urte gogorra izaten ari da. Aipatu-tako egoera gogor hori are gogorragoa izaten ari da, jada, guk aurten bizi izan duguna aurrez bizi izan duten presoen eta ihes-larien senideentzat".

Bailarako presoen egoera

Debagoiendarrak edo debagoiendarren senitarteko diren bederatzi preso daude une honetan.

Arrasaten, Josu Arkauz aske geratu zen urrian, 29 urte kartzelan pasa ostean, eta orain, Unai Parot da preso dagoen herritar bakarra. Puertoko espetxean dago, 1.000 kilometroko distantziara, eta 30 urteko zigorra darama.

Oñatin, Xabi Usandizaga aske geratu zen udan, eta bi dira preso jarraitzen du-ten oñatiarrak: Joseba Arregi Martutenera gerturatu dute eta presoen kolektiboko kide adin-dunena da, 74 urterekin; Angel Telleria El Dueso espetxera hurbildu dute, eta larri dauden gaixoetako bat da.

Aretxabaletan, Garikoitz Garcia presoa Picassentetik Zaballara gerturatu zuten; 11 urte daramatza kartzelan, eta lehen graduan jarraitzen du.

Eskoriatzan, Maixol Iparragirre dago preso. Uztailean epaitu zuten lehen aldiz Espainian, eta 122 urteko zigorra ezarri zioten. Hainbat epaiketa geratzen zaizkio egiteke –guztira hamabi zituen Espainian–, eta Sotoko isolamendu moduluan dago bakartuta, "erregimen zorrotz eta itxi" batekin.

Gatzagan Alicia Saez de la Cuesta geratzen da preso. Castellotik Logroñora eraman berri dute, eta "bi alaba motxiladunen ama da".

Preso bergararrik ez dago uneotan, baina bergararren hiru senitarteko daude kartzelan: Lexuri Gallastegik Almerian jarraitzen du, 960 kilometrora; Aitzol Maurtua Huelvatik Dueñasera lekualdatu dute; eta Oskarbi Jauregi Coruñatik Martutenera hurbildu dute.

Aldarrikapen nagusiak

Zapatuan –eta handik aurrera ere– aldarrikapen hauek egingo ditu Sarek: presoak Euskal Herrira hurbiltzea, "urruntze-politika amaitzeko eta senideen zigor erantsia eteteko"; presoei gradu-progresioa ahalbidetzea, "birgizarteratze eta etxeratze prozesua egin dezaten. Gehienak lehen graduan daude eta honek ez ditu bestelako neurriak ahal-bidetzen"; larriki gaixo diren presoak etxera ekartzea, "dagokien artatzea konfiantzako medikuaren jarraibideekin jaso ahal izateko –horien artean dago Gotzon Telleria–"; preso adin-dunak etxeratzea, "euren osasuna eta bizitzeko eskubidea lehenetsiz –Joseba Arregik 74 urte ditu eta Gotzon Telleriak eta Unai Parotek, 60 urtetik gora–"; aita, ama edo biak espetxean dituzten "haur motxiladunek gurasoekin bizitzeko duten eskubidea errespetatzea –Alicia Saez de la Cuestaren, Oskarbi Jauregiren eta Aitzol Maurtuaren kasua da–"; eta Frantzian betetako zigor urteak Espainiako kondenetan kontuan hartzea –Marixol Iparragirrek 15 urte egin zituen Frantzian–.

Intxortara igoera

Urteko lehen domekako ohiturari eutsiz, Elgeta, Arrasate, Bergara, Elorrio eta Oñatiko lagunak Intxortara igo ziren urtarrilaren 3an, presoei atxikimendua erakustera.

Debagoienean antolatutako mobilizazioak

  • Arrasate: 17:30ean Arimazubitik eta San Isidro ermitatik manifestazio zutabe bana abiatuko da, Elma etorbidean batzeko; bertan 300 metroko mosaiko bat osatuko dute. Hitzartze bat egin ostean, Sorginak taldeak abesti bat joko du.
  • Bergara: 17:30ean plazan batu eta manifestazioa egingo dute. San Martin plazan ekitaldi bat egingo dute eta manifestazio amaieran Brigade Loco taldeak kontzertua joko du.
  • Oñati: 17:30ean  manifestazioa, Eltziatik abiatuta.
  • Aretxabaleta: 17:30ean Herriko Plazan ekitaldia eta mosaiko argitsua egingo dute.
  • Eskoriatza: 17:30ean elkarretaratzea herriko plazan eta ondoren ekitaldia.
  • Antzuola: 17:30ean manifestazioa eta ekitaldia, Herriko Plazatik hasita.
  • Elgeta: 17:30ean kontzentrazio girotua Herriko Plazan.
  • Leintz Gatzaga: 17:30ean elkarretaratzea Herriko Plazan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak