Aretxabaletako tabernak bihar zabaldu ahalko dituzte; ez, ordea, Eskoriatzakoak

Uxue Igarza Loiola 2021ko urt. 7a, 13:10

Azken bi egunetan 24 kasu berri baieztatu dira bailaran: hamabi Arrasaten, lau Bergaran, hiruna Aretxabaletan eta Oñatin eta bi Eskoriatzan. Gainera, azpimarratzekoa da Oñati gune laranjatik horira igaro dela.

Debagoieneko herri gehienetan bilakaerak hobera egin badu ere, Eskoriatzak ez du lortu intzidentzia-tasa 500etik behera jaistea: 828,66koa erregistratu zuen atzo. Horrenbestez, ostalaritzako establezimenduak itxita mantendu beharko dituzte. Tabernak itxita dituen herri bakarra da bailaran; izan ere, Aretxabaletan –451,98ko intzidentzia-tasarekin–, berriz ere tabernak irekitzeko baimena izango dute bihar, agindua argitaratzearekin batera.

Eta Oñatin ere hobera egin du egoerak; gune laranjatik horira igaro da; 252,88ko intzidentzia erregistratu zuen atzo. Mapa honetan daude herri guztietako datuak:

>Grafiko guztiak modu interaktiboan ikusi hemen.

Positibo berriei dagokienez, atzo bederatzi erregistratu ziren bailaran eta herenegun, hamabost:

HERRIA 01/05 01/06

GUZTIRA

Arrasate +9 +3 12
Bergara +1 +3 4
Aretxabaleta +2 +1 3
Oñati +2 +1 3
Eskoriatza +1 +1 2
Antzuola 0 0 0
Aramaio 0 0 0
Elgeta 0 0 0
Leintz Gatzaga 0 0 0
GUZTIRA 15 9 24

Zazpi heriotza, Debagoienean

Osasun Sailak azken bi asteetan hildakoen datuak argitaratu ditu gaur, eta bailarara etorrita, zazpi herritar zendu dira: lau Arrasaten, bi Bergaran eta bat Aretxabaletan. Hala, pandemia hasi zenetik 123 debagoiendar hil dira guztira. Herri bakoitzeko datuak goiko mapan daude.

Erkidegoko erietxeei dagokienez berriz, abenduaren 28tik urtarrilaren 3ra bitartean,  57 hildako egon direla jakinarazi du Osasun Sailak. Eta guztira, pandemia hasi zenetik, 4.126 dira Hego Euskal Herrian zendutakoak.

Positibotasun-tasek, gora

Atzo hautemandako kasuei erreparatuta, 9.338 proba diagnostiko egin ostean, 640 positibo berri atzeman zituzten Hego Euskal Herrian; positibotasun-tasa %6,9koa izan zen erkidegoan eta %6,6koa Nafarroan. Lurraldeka, 290 kasu baieztatu zituzten Bizkaian, 139 Nafarroan, 131 Gipuzkoan, 73 Araban eta zazpi bestelako lurraldeetan erroldatutakoen artean.

Bestetik, 40 lagun ospitaleratu zituzten atzo Hego Euskal Herriko erietxeetan, eta azken datuen arabera, 488 daude ingresatuta; horietatik 87, ZIUn.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak