Dagoeneko, Euskal Autonomia Erkidegoan, 10.692 txerto jarri dira adinekoen egoitzetako egoiliar eta langileen artean, eta bigarren dosirako behar diren txertoak gordeta daudela azaldu du Sagarduik. Bestetik, sailburuak argitu du txertaketa kanpaina "abiadura egokian" egiten ari direla: "Txertaketa behar den bezala egiten ari da: modu zuhur eta mailakatuan".
Modernaren txertoari dagokionez, sailburuak adierazi du urtarril eta otsailerako 24.200 dosi esleitu dizkiola Espainiako Ministerioak erkidegoari. Ministerioaren arabera, zazpi bat egun barru iritsiko dira lehenengo txertoak EAEra. Horrekin lotuta, Sagarduik esan du litekeena dela "bestelako protokolo batzuk" abiatu behar izatea Modernaren txertoarentzat.
Bukatzeko, Sagarduik errepikatu du pandemiaren bilakaera "negatiboa" eta "kezkagarria" dela: "Ziurgabetasun eta arrisku testuinguruan gaude (…). Arduraz jokatzen jarraitu behar dugu". Horri gehitu dio Gabonen "ondorioak" hamar bat egun barru ikusiko direla.