Gipuzkoako erizainek txertoa hartzera animatu nahi dituzte herritarrak

Uxue Igarza Loiola 2020ko abe. 29a, 10:34

Txertoa segurua dela eta gaixotasunetik babesten gaituela adierazi du Rosa Sancho Elkargoko Txertaketa Batzordeko arduradunak, eta pandemia aurreko egoerara itzultzeko, gakoa txertaketan egongo dela azpimarratu du.

Gipuzkoako Erizaintza Elkargo Ofizialeko Txertaketa Batzordeak oharra kaleratu du herritarrak COVID-19aren aurkako txertoaren garrantziaz jabetu daitezen. Pandemiaren "aro berri batean" sartu garela diote eta txertoak "gaixotasunaren kontrolera" hurbilduko gaituela. "Ezagutzen ditugu txerto horrekin egin diren azterketen emaitzak (...). Jakin badakigu eraginkortasuna oso handia dela, eta jakinarazitako kontrako efektu gehienak arinak eta beste txerto batzuek dituztenen antzekoak direla", azpimarratu du Rosa Sancho arduradunak.

Bestetik, Sanchok azaldu du txertaketan parte-hartze handia badago, denbora gutxiago beharko dela gaitza kontrolpean izateko: "Herritar guztiek txerto honetan konfiantza izatea nahi dugu, horrek ekarriko baitu pandemiaren aurretik genuen bizitzara itzultzeko aukera edukitzea".

Txertoak, "funtsezkoak"

Erizainek azaldu dute "esperientzia handia" dutela txertaketa programetan, eta argi dutela txertoak "funtsezkoak" direla gaitzak kontrolatzeko –eta baita desagerrarazteko ere–.

Horrekin lotuta, onartu dute koronabirusaren kontrako txertoa jartzeko prestakuntza gehigarria egin dutela: "Normalean erabiltzen diren txertoek ez bezala, oraingo honek dosi bat baino gehiago ditu, eta serum fisiologikoaren bolumen espezifiko bat erabiliz diluitu behar da".

Nolanahi ere, txertoa jartzearen garrantzia azpimarratzearekin batera, adierazi dute txertatzeko momentua iritsi bitartean, prebentzio neurriei eutsi beharko zaiela; hots,  distantzia soziala, eskuak garbitzea eta maskara erabiltzea ezinbestekoak izaten jarraituko dutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak